Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere

Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere –

Orain dela gutxi, bulego batean lan egiten zuen emakume batek -45 urte ditu, lanaldi partziala dauka eta familia burua da- esan zidan ez duela ulertzen zergatik deitu duen Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokor bat azaroaren 30erako. Ni emakume migratua naiz -Salvadorren jaiotakoa (eta euskalduna adopzioz)-, banatuta nago eta ELAko militantea naiz. Eta guzti horrek narama borroka eta aldarrikapen feministarekin bat egitera.
Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere

Greba feministaren beharra ulertzeko, bada aurrekari interesgarririk, adibidez, Espainiako Estatuan Siderometalurgiako industriarako lan Ordenantza (1970). Ordenantzak atal zehatzak eta bereiziak jasotzen ditu 18 urtetik beherako pertsonentzat, atzerritarrentzat eta emakumeentzat. Hau da, “besteak” kategorian sartzen direnentzat. Gizonak, zuriak eta heteronormatiboak ez diren pertsonen lan baldintzak apendizeak dira, antza. Pertsona horiek ez diote erantzuten historikoki maskulinizatua izan den lan sektore batean -Euskal Herriaren ekonomian oinarrizkoa- ezarritako arau orokorrari, beraz, apendize izatera kondenatuta daude, arautegi propio eta bereizia izatera.

2023an gaude. Gauzak, ordea, ez dira gehiegi aldatu. Sexu eta arrazazko banaketak bizirik dirau lan merkatuan, berau baldintzatzeraino. Bereziki kondenatzen ditu emakumeak eta jatorri atzerritarreko pertsonak (gazteak zein helduak) prekario izatera. Zaintzen sektorean, adibidez, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan edo etxeko langileen kasuan, aldi baterako kontratazioa da nagusi, iruzurrean oinarritutako kontratuak, lan karga handiak eta lan eskubideen urraketa. Ez da kasualitatea sektore horietan gehienek emakumeak izatea eta gero eta maizago, emakume migratuak.

Latinoamerikatik Espainiako Estatura gatozen emakume asko zaintza lanetara kondenatuta gaude. Prestakuntza akademikoa eta lan esperientzia izan arren, ustez “latindarrak goxoak eta zaintzaile onak” garenez, zaintza lanetara bideratzen gaituzte, nahiz eta ingeniariak, mekanikoak, jostunak, abokatuak edota akademikoak izan. Galera handia da hori, guretzat eta gizartearentzat.

Kasu askotan, pertsona migratuek ez daukate euren lan baldintzei buruzko informazio nahikorik. Are gehiago, egoera administratibo irregularrean daudenek abusuzko egoerak pairatzen dituzte; adibidez, herrialdetik kanporatuak izateko mehatxupean bizi dira, ez diete soldata ordaintzen, 12 ordutik gora egiten dute lan, ez daukate oporrik, ezta atsedena hartzeko eskubiderik ere. Sektore feminizatuetako aurpegi iluna da, besteak beste, zaintzan, garbikuntzan edo ostalaritzan aurkitu dezakeguna.

Prekaritatea eta esplotazioa gero eta handiagoa da Atzerritartasun Legearen ondorioz. Lan kontratua lortzeko lehen oztopo legalak Atzerritartasun Legeak jartzen ditu. ATH-ELEk luzatutako datuen arabera, 2022an, etxeko langileen ia 98 % emakume atzerritarrak ziren, horietako asko egoera administratibo irregularrean, beraz, zaurgarritasun egoera latzagoan.

Bada, beharrezkoa al da Greba orokor feminista? Erantzuna sinplea da: bai. Izan ere, feminismoak berdintasunean, ekitatean, duintasunean eta errespetuan oinarritutako baldintzak sortu nahi ditu gizon eta emakumeen artean, baita bestelako dibertsitatea ordezkatzen duten pertsonen artean ere: jatorriagatik, adinagatik, orientazio sexualagatik, dibertsitate funtzionalagatik… Beraz, greba orokor feminista beharrezkoa eta premiazkoa da.

Gaur egun, soldatapeko lan baldintza duinak izatea pribilegioa bilakatu da, eskubidea izan beharrean. Egun, enplegua ezegonkorra da (aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak), soldata baxuak eta negoziaziorako aukera murritzak daude. Horren ondorioz, jende asko zaurgarritasun egoeran dago, botere harremanetan harrapatuta. Bide beretik, jende asko diskriminatuta dago eta lan baldintza onen defentsan antolatzeko boterea murriztu nahian dabiltza, negoziazio kolektiborako eskubidea murriztu nahian.

Lan merkatuak (patriarkala, kapitalista eta neokolonialista) gure gorputza, gure lan indarra eta langileok ekoizten duguna baliatu nahi du. Eta legearen babesean egiten du gainera, formalki “baketsuak” kontsideratzen diren bideetatik; baita indarrez ere, beharrezkoa ikusten duenean. Indarkeria instituzionala, sinbolikoa edo psikologikoa izan daiteke.

Horregatik guztiagatik, greba feminista orokorra beharrezkoa eta legitimoa da. Are gehiago, premiazkoa da anitza den euskal langileriaren lan egoera hobetzea. Hobekuntza horiek Euskal Herria osatzen dugun guztion bizi kalitatea hobetuko lukete.

Denon ardura da elkar zaintzea, eta zaintza kolektiboa den bezala, kolektiboa da kalitatezko zaintza sistema publiko baten alde borrokatzea.

Gauzak horrela, azaroaren 30ean, kalera atera behar dugu, ahaztu gabe langile askok ezingo dutela grebarekin bat egin ez dutelako lan kontraturik, soldatapean beharrean ari badira ere. Horregatik, grebara noa, nigatik, nire semearen etorkizunagatik eta euren eskubideak defendatzeko betoa duten langile guztiengatik.

Azaroaren 30ean, elkar ikusiko dugu kalean!

Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere

Zer duzu buruan “Zaintza kolektiboa da; baita borroka ere”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2023-10-18 16:02

    Grebaren helburuarekin ados. Dena dela, sakonki pentsatu beharko litzateke zer zentzu daukan greba egiteak, greba feministara deitzen dutenak ez badira kapaz greba-deialdiaren eta feminismoaren subjektua definitzeko: EMAKUMEAK, asteriskorik eta ostiarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude