Oztopoak oztopo
Oztopoak oztopo –
Oztopoak oztopo Nazioarteko Emakume Langilearen Egun ederra ospatu eta aldarrikatu genuen Euskal Herriko txoko eta munduko beste leku desberdinetan. Aurreko egunetako “arrisku” kontuak alde batera utzi eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin kaleak hartu genituen dena aldatu eta sistema arrakalatzeko beharra azpimarratzeko, borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista aldarrikatzeko.
Aiaraldean protesta handiak izaten ari dira azken asteetan lehen ere egoera txarra duen zonaldean lanpostu asko galduko dituztelako. Atzoko goizean protestaldiak morez jantzi ziren eta Aiaraldeko mugimendu feministak grebalariekin parte hartzera deitu zuen eta goizeko piketeetan parte hartu zuten goizeko 7:00etan eta Tubacexen ez zuten lanik egin atzo ezta enplegu erregulazio prozesuaren negoziazio bilera egin ere. Honakoa gaurko egunerako atzeratu omen dute.
Iruñean emakume bat atxilotu zuten Nafarroako Parlamentuaren eraikinean emakume batzuk kateatu eta ondoren. Tentsio momentuak pasa zituzten manifestari eta foruzainen artean izandako istiluak zirela eta.
Ipar Euskal Herrian sindikatuek deitutako greba deialdia izan zuten. Zonalde askotan erantzun oso ona izan zuen eta mugimentu feministak antolatutako mobilizaziorik garrantzitsuena Baionan izan zen.
Bilbon, berriz, goizean arrazakeri instituzionala amaitzeko Atzerrritartasun Legea bertan beheran utz dezaten aldarrikatzeko ekitaldia egin zuten Immigrazio politikak eta lan baldintza eskasak salatu zituzten emakume migratuen kolektiboek eta horrez gain, zaintza ereduen aldaketa ere eskatu zuten.
Egunean zehar Euskal Herriko herri askotan elkartu ginen Martxoaren 8ko aldarriak lau haizeetara zabaltzera, mobilizazio jendetsuenak, ordea, iluntzean izan ziren ikusiezinak diren horiek guztiak bisibilizatu nahi izan genituen eta dena aldatzeko sistemari zulotxo bat egiteko saiakera egin genuen.