Mikrofono moreak, mikrofono askeak

Mikrofono moreak, mikrofono askeak –

Aitziber Perez de Carcamo Herranek Píkara aldizkarian.

Akaso, estudio txiki, xume eta estuegiak izan daitezke, baina, aniztasun, indarrez eta elkartasunez eraiki nahi den mundu justuago baten konkistarako jaioak dira. Irrati libreak.

Mikrofono moreak, mikrofono askeak
Irudia: Sra. Milton

Pikara Magazineko lagunek irrati libreei buruzko artikulu bat eskatu digutela eta,  ea idaztera animatuko ote nintzen galdezka idatzi dit irrati-kide batek.  Erantzukizun handia da, baina baita aukera ederra ere, hitzak libre izkiriatzen diren egitasmo egokiagorik ez bait dago, uhin askeetan batu garen emakume talde anitz baten gogoetak argitaratzeko.

.

Ahotsik gabekoen ahotsa

Piratadun bandera bat, itsasorik gabeko lurraldean. Topatu ezin, baina aurkitu daiteken hori. Piratadun bandera izan da joan den mendeko 80. hamarkadan Euskal Herrian abian jarri ziren irrati komunitario askoren sinboloa. Lekua topatu nahian, dialak bukaera duen puntuan aurkitu zuten txokoa. Ilegalak ginela zeritzotenei, alegalak ginela erantzuten genien, legala izateak, baina, ez duela zilegitasunik ematen bagenekien. Lizentziadun bihurtzeak segurtasuna emango zigun, asko izan baitziren poliziak bidalita, bortxaz itxi ziren egitasmoak. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionaletik zetozen hainbat sumariotan ere, irrati libreren izenak agertu izan dira, eta mehatxuei nolabait aurre egiteko babes gisa balio zezakeen lizentzia preziatuak.

Garai hartan sortu eta kasik etenik gabe jarraipenari eutsi dion irrati horietako bat Araban aurki dezakegu. Hala Bedi izena jarri zioten eta gaztetxea eta bestelako antolakundeekin batera manifestazio ateoak antolatzen zituzten, apaizen eta militarren hiria esaten zitzaion Gasteizen.

Ez dira gutxi izan irrati barnean eman diren eztabaidak, horietako askok “profesionaltasun” deritzon horren bila joateak egitasmoari freskotasuna kenduko ote zion ebazteko. Urteekin, helburu hauek biak ez direla zertan kontrajarriak izan begi bistan geratu da eta finean, konbentzituentzako irratia baino, konbentzitzeko irratia egiteak, gure egitasmoaren xedea gauzatzeko aukera gehiago ematen zigula ohartu ginen.

Sekula ez diogu baina, gure izateari esentzia ematen dion sostengua bultzatzeari utzi eta bazkideek egiten dituzten ekarpenekin batera, txosnak eta antzeko herri ekimenak izan dira irrati libreetako aurrekontuen oinarria. Beste antolakunde askorekin gertatu legez, azken urteak erabat kolpatu ditu hedabide aske hauek eta une latzak bizitzen ari dira.

Hala bedi Irratiak txute bat behar du. Lelo honekin ekin dio Arabako irrati libreak kanpaina bati, bere uhinetara halabelarri gehiago biltzeko asmoz. Irrati mitikoak, pandemia bat bizi izango zuenik ezin zuen imajinatu, denoi gertatu zaigun legez, baina irudimenari ekitea besterik ez zaio geratu, aurrera egin ahal izateko. Hedabide handietan osasun enpresa pribatuen publizitatea gora egin duen bezala, irrati libreek urteak daramate kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzen, orain txalotu eta goraipatu ditugun osasungintzako langileei ahotsa emanez. Beraz, kontra-informazioa egiten dugula esan ohi denean, mass medien informazioak zer nolako zilegitasuna duen galdetu beharko genuke.

Diru laguntzak jasotzeari uko izan diete askotan irrati libreek, baina azkar ohartu gara gureak behar dutela izan horiek. Administrazioak bermatzen ez dituen eskubideak eskubide izateari utz ez diezaioten aldarrikapenen mikrofono direlako. Administrazioek sarri bazterrean uzten duten horien denen ahotsa garelako irrati libreak, eta hargatik, nahi gaituzte isilik, ez bait dago libre den ahotsa baino ezer arriskutsuegirik.

Irrati libreak, beste edozein hedabideren moduan, gure ildo editorial propioa daukagu, baina beste edozeinek baino gehiagotan justifikatu behar izan dugu hori, edo besteak baino askoz gehiago epaitzen gaituzte horregatik. Herritik sortutako beste egitasmo askorekin batera lana eta borrokak partekatuz, mundu justuago baten alde egiten dugula justifikatu behar dugulako.

.

Feminismoa irrati librean

Bakoitzak bere ezaugarriekin, bakoitza bere herriko izaerara egokituz, beste eremutan diharduten diren taldeekin batera elkarlana bultzatzen den bezala, arlo zehatzagoetan ere konplizidadez eta komunean diren helburuekin aritzeko lanak abiatu dituzte irrati libreek. Horren adibide da Hala Bedi irratiko Edo ez da izango / O no será irratsaio feminista eta Pikara Magazineko lantaldearen artean ematen ari den elkarlana. Aspalditik, biek partekatzen dituzte euren lan propioak, irratian aldizkariari tartea emanez, eta Pikarak gure podcastak eskegitzeko espazioa eskainiz.

Beste erakunde, talde, gune edo espazio misto askotan jazo den moduan, irrati libretan ere feminismoaren eztabaidari ekin zaio azken urteetan. Izan ere, feminismoa, beste ismo askoren moduan, gure medioen ildo editorialaren gako bat izan bada ere, sarri eta kasu askotan, aitorpen lotsagabe baten adierazpena besterik ez da izan, eta azken urteotan mugimendu feministek egindako lanaren ondorioz, eta lanari esker, feminismoak irrati libreak erabat zeharka ditzan ekin diote haietan parte hartzen duten emakumeek.

Askorentzat, irrati libreak kazetaritza eskola izan diren bezala, kazetaritza feministan trebatzeko aukera eman zaigu. Asko gara, prentsan, telebistan edo irratian aritu ostean, genero komunikazioa baino, kazetaritza feministaren beharrez ohartu garen kazetariak eta horretan aritzeko espazio aske bat topatu dugu irrati libreetan.

Irrati libreak zer ote diren galderari erantzun behar genion artikulu honen bidez eta, bada burura etorri zaidan anekdota. Badira 20 urte baino gehiago, nire buruari aitortu nahi ez nion zerbait onartzeke nuela. Irratiko lagun bati esan nion lehendabiziko aldiz emakumeak nituela gustuko. Hor irten nintzen armairutik, irrati libre batek eskaini zidan espazio aske eta seguru batean. Akaso, hor hasi nintzen jabetzen, irrati libreen izaera askeaz eta hauen beharraz. Eta gerora ikasi dut, gure identitate propioak garatu ahal izateko, ezinbestekoak ditugula mikrofono moreak eta koloredun lumak.

Mikrofono moreak, mikrofono askeak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Mikrofono moreak, mikrofono askeak”-ri buruz