Kritika zinematografikoa: “Benediction”

Kritika zinematografikoa: “Benediction” –

Kritika zinematografikoa: "Benediction"

.

Zuzendaria: Terence Davies
Urtea: 2021
Herrialdea: Erresuma Batua

-Saminaren itsaso infinitua-

Kritika zinematografikoa: "Benediction"Bizitza esanguratsuak izan dituztenen istorioak irudikatzea ohikoa da zineman, biopic gisa ezagutzen ditugun horien bitartez. Aldez aurretik identifikatzen dugun pertsona horren eta pelikulan sortzen den pertsonaiaren uztartzeak emaitza gustagarriak pizten ditu. Berez, genero batez mintzatu ezin bagara ere, kontaketa moldeak eratuta dituen film mota da; eta hala, zenbaitetan erdiguneko bizitza hori ahalik eta era garbi eta ikusgarrienean pantailaratze hutsaren muga gainditzeko zailtasunak sumatzen dira era honetako pelikuletan. Hala, nola egokitzen da Benediction, Terence Davies maisu britainiar beteranoaren filma, pelikula biografikoen konbentzio hauetara? Bada, Siegfried Sassoon poeta britainiarraren bizitzaren hainbat pasarte irudikatzen badira ere, esan genezake hauek nolabaiteko aitzaki direla Distant Voices, Still Lives (1988) edo The Deep Blue Sea (2011) lanen egileak bere hausnarketa humanista burutu dezan, lirismo kutsu nabarmenarekin.

Nabarmendu beharra dago, lehenik eta behin, pertsonaiak helduleku dramatiko ugari eskaintzen dituela: Siegfried Sassoon lehen mundu gerran soldadu izan zen, baina gerraren aurkako aldarrikapen bortitzaren ondorio baztertu zuten frontetik. Homosexuala zen, nahiz eta (auto)errepresioaren ondorio, emakume batekin ezkondu zen. Bere bizitzaren azken urteetan, bestalde, bere jatorri judua albo batera utzi eta katolizismoa besarkatu zuen, bere hitzetan “betierekoa den hori aurkitu nahian”. Hala, oinarri hauek hartuta, Daviesek giza bilakaera eta barne kontraesanen inguruko pelikula eraiki du, gerraren, maitasunaren eta erlijioaren harietatik tiraka hausnarketa boteretsuak eratuz, voice over-ean irakurtzen diren Sassoonen poema ederrak bidelagun dituela.

Filmak kontaketa kronologikoa albo batera utzi eta bi noranzko erabiliko ditu paraleloki. Sassoonek 30 urte bete ondorengo hamarkada alde batetik, eta gizon zaharra deneko urteak bestetik (hurrenez hurren, Jack Lowdenek eta Peter Capaldik interpretatuta). Bi errealitate hauen arteko korapiloa era grafikoan ikusiko dugu, elizan eserita dagoen gaztearen inguruan hasten den travelling dotorearekin. Kamerak gizona inguratzen bukatzen duenerako, ile zuridun agurea izango dugu pantailan. Bizitzaren bi atal hauen arteko erlazio, aldaketa eta kontraesanek emango digute Sassoonen istorioaren ardatz morala interpretatzeko giltza. Hala, Davies berak idatziriko gidoia sendo eta mamitsua bada ere (Donostiako Zinemaldiko sail ofizialeko gidoi onenaren saria eskuratu zuen), filmaren nortasuna bere eszenaratze boteretsu eta adierazkorrean dago ezbairik gabe. Gerrak psikologikoki ukituta utzi dituenentzako zentroko elkarrizketak, lagun eta bikoteekin dituen harremanen taberna eta logelak, zahartzaroan izango duen etxean ematen diren eszenak… denak tratamendu neurtu eta planifikatua dauka, giza erlazioen konstelazioan norberaren burua ezartzeko esfortzua adieraziz, zoriontasuna lortzeko bide malkartsu (eta sarritan ezinezko) hori era adierazkorrean plazaratuz.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika zinematografikoa: "Benediction"

Kritika zinematografikoa: “Benediction”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude