Emakumezkoen plazerra (Bost kultura, bost emakume, istorio bat)
Emakumezkoen plazerra (Bost kultura, bost emakume, istorio bat) –
Sabiñe Zurutuzak Galde aldizkariko Zinema atalean.
Baliteke Japoniako Rokudenas Hiko-k kartzelan bi urte igarotzea «lizunkeriako» delitua dela eta, bere baginaren moldeak artelan gisa sortzeagatik, eduki pedofiloa duten mangak iragartzen dituen eta zakilaren jaialdia desfileekin eta eskultura izugarri zein esplizituekin ospatzen duen herrialdean. Lehen, Vithika Yadavy-k jazarpena eta eskukatzea jasaten zituen; Love Matters sexu-heziketako webgunea ezagutarazi zuenetik, Indiako bere herrikideen intimidazioa jasaten du. Alemaniako Doris Wagner-ek betiereko maitasuna agindu zizkien Jainkoari eta katolizismoari, eta apaiz baten etengabeko abusuak jaso zituen ordainetan. Zazpi urte zituela, Somaliako Leyla Hussein-i bere soinekorik politena jarri zioten eta izebaren etxera eraman zuten, hiru urteko ahizparekin batera. Alboko gelatik, txikiaren garrasiak entzun zituenean, festarik izango ez zela konturatu zen. Berandu zen bientzat, mutilazio genitala jasan duten munduko 200 milioi emakumeentzat bezala.
Egun batean, Deborah Feldman-ek semea kotxean sartu eta alde egin zuen. Ez zen New Yorketik irtetera iritsi: kilometro gutxi batzuk egin, eta Brooklyneko zubia zeharkatu zuen. Egia esan, beste unibertso batekiko muga gurutzatu zuen. Bost urte emanak zituen horretarako prestatzen; hala ere, agian, hori ere ez zen nahikoa izan jarraian etorri zenerako. Kamerari kontatzen dio, bere familia «hilarria erostera» animatzeko soilik jarri zela harremanetan berarekin. Bere buruaz beste egitera gonbidatu zuten; horrela, «bere hilobiaren gainean dantza egin» ahal izango zuten. Ez zen aldaketa handirik izango; izan ere, haientzat, Feldman hilda zegoen dagoeneko. Hori zen bere kateak haustearen, matxinada sinestezinaren prezioa. Emakume batek aurre egiten zion Williamsburgeko komunitate judutar ortodoxoari; obedientziazko bizitzari, inposatutako senarrari, «maite zaitut» hitzak aurreikusten ez dituen hizkuntzari edo, hilerokoa izanez gero, bere senarra ukitzeko debekuari, bere ezpurutasuna ez kutsatzeko.
Aldiz, Barbara Miller zinemagileak Feldman-en istorioa mundu osora zabaldu nahi du. Eta horrekin batera, Female pleasure filmaren beste lau protagonistena. «Jakin nahi nuen zergatik den tabua emakumezkoaren sexualitatea eta zergatik hitz egiten den soilik eginbeharraz. Plazerra ez dago inoiz erdigunean», adierazi zuen zinemagileak, proiektuaren jatorriaren inguruan.
Munduko bost erlijio garrantzitsuenen testu sakratuetan, emakumeak jotzera, apaltzera edo kontrolatzera gonbidatzen duten pasarteak ezagutarazten amaitu zuen. «Ehunaka urtez madarikatu da gure gorputza, pekatu guztien iturria dela esanez. Ez da erlijioaren aurkako filma, bainahorretaz gehiegi baliatu dira gure sumisioa betikotzeko», dio zuzendariak. Horren ondorioz bilatu zituen beste hainbat ahots, fede bakoitzeko bat, euren zorigaitza eta errebeldia kontatzeko prest: injustizia euren azalean jasan eta aurre egiteko ausardia izan zuten emakumezkoak. Miller-en arabera, horrela bakarrik egin diezaiekete aurre filmean agertzearen ondorioz sortutako mehatxuei.
Female pleasure filmak hainbat urteko oztopo-lasterketan lehiatu behar izan zuen. «Erlijioaz eta euren sexualitateaz hitz egiten duten bost emakume? Tabu gehiegi», esaten zioten Miller-i finantzatzaile potentzialek. «Filmean esan bezala, patriarkatua da benetako erlijio globala. Emakumezkoa zapaldu egiten da, eta polita izateko eskatzen zaio. Garrantzitsuena gizonezkoa zoriontsua izatea da», dio Miller-ek. Eta genero-indarkeria, soldata-arraila, iragarki matxistak edo gizonezkoen neurrira egindako pornografia, klitoria eta emakumezkoaren estasia arrazoirik gabe ahazten dituena, aipatzen ditu. Funtsean, zinemagileak dio ez dagoela salbatzen den herrialderik. «Emakumezkoarentzako tokirik arriskutsuena bere etxea da», dio, Alemanian, bortxaketen % 75 etxeko hormen artean gertatzen dela gogoratu aurretik.
Indarkeriaz gain, halako presioak ondorio psikologikoak ekartzen ditu. «Beti epaitzen gaituzte emakumezkoak izateagatik», dio Hussein-ek filmean. «Konfiantza galtzen duzu, txikitu egiten zara», eransten du Miller-ek. Biek uste dute errepresioak ere ohean eta emakumezkoen lehentasun sexualetan eragiten duela. Filmean, Hussein-ek grafikoki laburtzen du: «Mundu osoan zehar entzuten den emakumezkoen orgasmo faltsuen korua dago».