Estreinaldiak: Abuztuak 23

Estreinaldiak – zinea.eus –

Estreinaldiak: Abuztuak 23

Une intime conviction (Una íntima convicción)

Antoine Raimbault zinemagile frantziarraren gidoia eta zuzendaritza ditu benetako kasu judizial batean oinarritutako Une intime conviction dramak. Progatonista Marina Foïs aktoreak antzeztutako Nora andrazkoa da. Bere emaztea hiltzea egozten diote Jacques Viguier gizonezkoari, baina Norak argi du errugabea dela, eta gogor zigortuko duten beldur, abokatu bat konbentzituko du hura defendatzen lagun diezaion. Baina egia topatu nahi horrek itsutuko du. Foïsekin batera Olivier Gourmet, Laurent Lucas, Philippe Uchan eta Jean Benguigui goi mailako aktore frantziarrek hartu dute parte filmean.

Good Boys (Chicos buenos)

Nerabezaroari eta laguntasunari buruzko komedia estatubatuarra da, ostera, Lee Eisenberg eta Gene Stupnitsky zinemagileek idatzi eta filmatutako lana. Jacob Tremblay, Keith L. Williams eta Brady Noon aktore gazteek antzeztutako hiru lagunek ‘Muxuaren festa’ra joateko aukera izango dute lehen aldiz. Ostean, baina, ukitu ezin zuten drone bat hautsiko dute, eta hura ordezkatzeko, eskolatik piper egingo dute. Hartutako erabaki okerrek, baina, atsekabe bat baino gehiago ekarriko diete.

Kirin no shita no kioku (El cocinero de los últimos deseos)

30eko hamarkadako Japoniako sukaldaritzari buruzko drama. Yojiro Takita zinemagile japoniarrak Mitsuru Sasaki nazioartean oso ezaguna egin zen sukaldariaren jarduna erakutsiko digu. Bere lanarekiko pasioa galdu du, eta hondamenera eramango du bere jatetxea. Zorrak kitatzeko, ostera, erabaki bat hartuko du: azken otordu bat prestatuko du milioi bat yen ordaintzeko prest dagoenarentzat.

Der Junge muss an die frische Luft (Este niño necesita aire fresco)
.
Alemanian ekoitzitako drama biografikoak Hape Kerkeling herrialdeko umorista laudatuaren historia kontatuko du. Haurtzaro eder bezain gogorra izan zuen 60ko eta 70eko hamarkadetako Alemaniako Errepublika Federalean, amak depresio sakonak izaten baitzituen eta hari irribarrea eragitea izaten baitzen Kerkelingen helburu nagusia. Amaren suizidioaren ostean, halaber, zortzi urte zituela, bere egitekoa mundu guztiari barrea eragitea izango zela erabaki zuen. Luise Heyerrek antzeztu du paper nagusia, eta Caroline Link arduratu da filmaren zuzendaritzaz; Kerkelingen beraren memorietan du oinarria lanak.
.

Crawl (Infierno bajo el agua)
Kaya Scodelairo aktoreak antzeztutako Haley gazteak bere aita salbatzeko borroka egin beharko du 5 kategoriako urakan batek Florida astintzen duenean. Egoerak, baina, okerrera egingo du, urak hartzen ariko den etxe batean harrapatuta geratuko baitira, eta harrapakari basati talde bati aurre egin beharko diote. Akziozko film beldurgarria Alexandre Ajak zuzendu du, eta aktore taldean, besteak beste, Barry Peppe, Morfydd Clark eta Ross Anderson ere ageri dira.
.

The Angry Birds Movie 2

Bideojokoen munduko zerri eta txori ospetsuenek pantaila handira egin dute salto bigarrenez. Oraingo honetan Zeta bilauari egin beharko diote aurre, bere uharte hotzetik leku erosoago baten bila etorri baita Red, Chuck, Bomb, Leonard eta haien lagunak bizi diren uhartera. Thurop Van Orman eta John Rice arduratu dira bigarren atalaren gidaritzaz.

Stuber (Stuber Express)
.
Stu (Kumail Nanjiani) Uber gidariaren bizitza irauliko du bidaiari berri baten (Dave Bautista) etorrerak. Izan ere, hilketa gogor baten atzetik ibiliko den polizia sartuko zaio autora, eta Sturen laguntza beharko du kasua argitzeko. Hala, gidariak nahi gabe, bidaia ero bat abiatuko du polizia lagun, eta bost izarreko puntukaeta lortzea izango du jomugan. XXI. mendeko egunerokoari lotutako akziozko komedia.
.

Estreinaldiak: Abuztuak 23

Euskal pantailaren gunea