Denon Bizitzak Erdigunean: “Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”

Denon Bizitzak Erdigunean:“Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera” –

Argia aldizkaritik jasoa.

.

Greba Feminista Orokorra “historikoa” izan dela adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak, egunaren balorazioa egitean. Egungo zaintza ereduak baztertuen dituen sektoreak hartu ditu gogoan, eta enpresari, instituzio eta alderdiak salatu ditu feminismoari “diskurtsoa lapurtzen saiatzeagatik. Grebaren arrakastak zaintza eredu publiko-komunitarioaren aldeko indarrak hauspotu dituela ziurtatu du. Euskal gobernuei “exijitu” die “mahai intersektorial” bat osatzea, “zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko”, eta herritarrei eskatu die Herri Akordioaren aldeko borrokan sakontzeko.

Denon Bizitzak Erdigunean: “Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”
Bilboko arratsaldeko manifestazioa. Argazkia: Pello Maudo CC BY SA ARGIA

“Zorionak Euskal Herria! Berriz ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu!”. Horrela hasi du Greba Feminista Orokorraren balorazioa Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak (DBE). “Zaintza sistema publiko-komunitario baten alde izugarrizko urratsa eman dugu gaur”, ospatu du, eguna “historikoa” izan dela ziurtatuta. “Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posiblea delako!”.

Mugimendu feministak gogoratu du aspaldi salatu zituela “zaintza krisia eta honen dimentsio globala”, eta pandemiak erakutsi zuela “kolapsatuta” zegoela. “Honek guztiak erantzun bat eskatzen zuen”. Gaurko greba izan da azken erantzuna.

.

Aliatuak, etsaiak, bazterrekoak

Bidea zaintza sektoreekin, sindikatuekin edo herri mugimenduekin aliantzan bidea egin izana txalotu du DBEk eta, aldiz, salatu du instituzio, alderdi eta enpresa multinazionalek diskurtso feminista “lapurtzen” saiatu direla, urardotu eta eduki politikoz husteko: “Horregatik, garrantzitsua izan da gaur gure aldarriak kalera ateratzea, instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko, baita eremu honetan inolako ardurarik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko”.

“Euskal Herriko zaintza-erregimena erabat asistentzialista eta familista da”, adierazi du. “Utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!”, aurpegiratu diete zaintza lanak pribatizatu eta negozio bilakatu dituzten enpresa, funts putre eta erakundeei.

Zaintza ereduak gogorren kolpatzen dituztenak izan ditu gogoan koordinakundeak: etxeko langileak oro har, egoiliarrak zehazki, herritar migratzaile eta arrazializatuak; landa eremuko biztanleria; pentsiodunak eta bereziki emakume pentsionistak.

.

Epe laburra eta luzea

Sistema “kolapsatuta” dago DBEren ustez. Adierazi du, batetik, egoera larrienei “berehala” konponbidea eman behar zaiola, eta bestetik, “epe luzera” begira egin beha dela lan: “Kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitario amesteko eta egikaritzeko unea da”.

Hori guztia lortzeko erreminta koordinadorak berak urrian aurkeztutako Herri Akordioa dela aldarrikatu du mugimendu feministak. “Erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain”, azaldu du, eta hori lortzeko bidean “euskal gobernuak” interpelatu ditu.

.

Mahai intersektoriala eta Herri Akordioa

“Euskal Gobernuei zuzentzen gara, argi eta garbi: mahai intersektorial bat sortzea exijitzen dugu, zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko. Ez egin entzungor gure eskaerei. Borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan ardura postu guztietan, hartu ardura, bihar bertan”, aldarrikatu du DBEek.

Herri Akordioa errealitate bihurtu aurretik “bide luzea” gelditzen dela adierazi du, “gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”. Baina mugimendua grebatik “indartsu” ateratzen dela ziurtatu du, eta herritarrei eskatu die indar hori Herri Akordioaren alde jartzeko: “Antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia! Euskal Zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa dugu irabazteko!”.

Denon Bizitzak Erdigunean: “Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude