Uztaritzen uztartzen?
Uztaritzen uztartzen? –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Uztarritik lotzen dira bi idi, elkarren indarrez tira egin diezaioten orgari. Baina idi batek bide batetik joan nahi badu eta besteak bestetik, zer gertatzen da? Halako uztartzeak zama bihurtzen dira laster. Are gehiago, itzainak agintzen duena ez denean idiak nahi duena. Herriko Etxe guztietan bezala, Uztaritzen ere, itzaina prefeta da, hark markatzen du norabidea, hala nola Frantziako legedia.
Uztaritzeko Herriko Etxean abertzaleak dira agintean, 2014ko hauteskundeak irabazi zituztenetik. Hango talde abertzalea bitan zatitu da, ordea. Auzi nagusia euskarari buruzkoa da, aspalditik datorrena. Uztaritzeko Herriko Etxe berriaren lehen erabakietako bat izan zen euskara ofiziala izatea Uztaritzen. Bistan denez, prefetak –itzainak– erabaki haren kontrako helegitea ezarri zuen, eta neurria ez zen sekula bete.
Hautetsi batzuek eskatzen dute herriko kontseiluko bilkuretan euskaraz mintzatzeko eskubidea eta, hori bermatu ahal izateko, bat-bateko itzulpena eskaintzea. Alabaina, bakoitzak bere interbentzioa, euskaraz egin ondoan, frantsesez errepikatzea ez da euskara –eta euskaraz mintzatu nahi duena– duintasunez tratatzea. Kargua utzi zuten bilkura hartan, bost hautetsiak euskaraz bakarrik mintzatu ziren, eta auzapezak ez zituen itzuli haien hitzak eta ez zen itzultzailerik jarri. Bruno Carrere auzapezak prentsari adierazi zion hautetsi horiek bazekitela legeak ez zuela baimenik ematen: “Pirinio Atlantikoetako prefekturaren gutun bat jaso dugu erranez bat bateko itzulpen sistema ez dela legezkoa herriko kontseilu batean. Biziki ongi dakite, gutun hori jaso dute; badakite itzulpen sistema ez dela legezkoa, badakite euskara hutsean mintzatzea ez dela legezkoa. Haiek erabaki dute, jakinez ezin nuela, ezin nuela kontuan hartu haien ekarpena » (Berria, 2019ko apirilaren 14a). Rosa Parksek ere bazekien Amerikako Estatu Batuetako legearen kontra egin zuela autobuseko bere jarlekutik zutitzeari eta aulkia gizon zuri bati uzteari uko egin zionean… Bruno Carrerek erabaki du lege injustu bati men egitea, eta beraz, euskarari duintasuna eman diezaiokeen neurri bati uko egitea. Nahiago izan du prefeta gustura utzi, bere taldeko kide batzuk baino. Nahiago izan du Frantziako lege zapaltzaile bat jarraitu, bere oinarri ideologikoak ukatuz.
Zer gertatuko zen auzapezak onartu balu bost hautetsi horien hitzak itzultzea edo bat-bateko itzultzaile bat ekarraraztea? Prefetak salaketa ezarriko zuela eta auzitara joanen zela? Eta? Ez ote da hobe hori, euskara gutxiestea baino? Eman dezagun prefetak Uztaritzeko herria –Lapurdiko hiriburu historikoa– auzitaratzen duela itzulpena egitea legez kanpo delakoan. Horrek krisi politiko bat sortuko luke, Uztaritzetik harago, Euskal Herri osoraino. Herriko bozetatik hilabete batzuk falta direnean, gainerako eragile guztiak bustitzera behartuko lirateke: beste herrietako hautetsiak, Euskal Elkargoa, EEP, beste erakundeak… Auziaren absurdua salatuko litzateke. Sortuko litzateke euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazio bat, aspaldian izan ez dena… Desobedientzia hori beste herriko etxeetara hedatuko litzateke. Hots, pitz liteke karga sinboliko handiko gatazka bat euskararen alde, mediatikoa, mobilizatzailea… Soka-tira bat Frantziaren kontra. Beharbada ez genuke irabaziko… edo bai! Hasteko, orain irabazteko aukera mikorik ez dago, burua guziz makurturik eta prefetaren menpe. Edo beldur ote da euskara sobera defendatzearen ondorioz bozak galduko dituela?
Ituan bete-betean. Sinestezina da euskaldunon aurkako eraso honek proiekzio handiagorik hartu ez izana. Ziurrenik EAJ eta EHBko ordezkarin kontraesanak agerian uzten dituelako, hizkuntzaren erabilera folklorerako soilik utzia baitute. Euskaraldia ondo dago, baina 365 egunez egin eta defendatu behar da euskara!
Euskara lehenengo, euskaldunok lehenego!
2014ko hauteskundetarik hona, Uztaritzeko Herriko etxean « agintean » dagoena da koalizio bat zeinaren osagai inportanteena den « Herria bizi dadin » edo Hbd talde « abertzalea »
Lehenik, zerbait ulertu nahi badugu, konturatu behar gara « abertzale » izenak ez duela gehiago ezer guti erran nahi aldi honetan. Ez du deus ikusteko aitortutako objektibo serio batekin. Etiketa lauso bat da nornahik atera edo ezkuta dezakeena zirkonztantzien araberan, batez ere hauteskundeetan edo pestetan.
Horrengatik auzapeza bezala Hbdkoak ziren delako bost demisiolari horiek isolatuak eta minorizatuak gertatu dira, bai Herriko kontseiluan, bai « Uztaritze bai » koalizioan, bai ta ere Hbd « talde abertzale »an berean.
Orai argi ikusten da « Uztaritze bai » koalizioa, bai ta Hbd taldea ideologikoki heteroklitegiak eta hauskorregiak zirela euskararen erabilpena defendiatzeko beste zinegotzien eta prefetaren aurrean.
Erran nahi nuen “alde ” honetan, alegia, Iparraldean.
“airtortutako objektibo serio bat” aipatzerakoan “polikoa” gehitu beharko nuen beharbada ulergarriagoa izaiteko.
Iparraldean abertzalismoa da exigentzia oso gutiko familia zabal bat nun, gatazka zenbait goiti beheiti goxo atxikitzen dugun elgar errealitate latzaren erdian.
“
Auzi honen inguruan iritzia behar bezala osatzeko, datu gehiago beharko nituzke: Hauteskundeetan aurkeztu zuten egitasmo politikoan sartuta al zegoen gai hau ala geroztik batzuen inprobisazioak ekarritakoa izan da? Zein dira alkatearendako ondorio legalak prefetaren aginduari entzungor egiten badio? Egoera zeinen bidegabea den garbi dut, eta garbi dut baita ere, gaia bereziki egokia dela, desobedientzia zibilezko kanpaina bat abiatzeko. Baina burura datozkit ezinbestean Hegoaldeko Udaletxeetan Espainiako bandera jarri beharrarekin izandako katramilak, ezker abertzalearen “traidore” oihuak PNV zenean agindua betetzen zuena, eta “imperativo legal” aitzaki xelebrea ezker abertzaleari egokitzen zitzaionean apoa irenstea. Desobedientzia zibilari ekitea txalogarria litzateke kasu honetan dudarik gabe, baina seguru asko ondorio larri samarrak izango dituenez (barkatu, zehatz-mehatz jakin gabe asmazioetan oinarrituta jarraitzen badut hau idazten, agian oker egonda), ez da serioa bide horri inprobisazioz ekitea. Horretan sartu behar bada, aldez aurretik jakinaren gainean eta ondorioak nozitzeko prest egon behar da alkategai aurkezten dena, eta aurrez ikusita, ondo pentsatuta, eta zehatz-mehatz diseinatuta egon behar dira estatuaren aldeko errepresioa hasten denean emango diren urratsak eta lor daitezkeen laguntzak. Errazena beti baita, desobedientzia zibilean hastea exijitzea ostiak aldamenekoak hartu behar dituenean. Dena den, Frantziar estatuaren aldetik alkatearendako inolako ondorio txar larririk etorriko ez balitz prefetaren agindua ez betetzeagatik, bat eginen dut alkateari egin zaizkion kritikekin. Hasieran esan bezala, argibide hauek osatu zain geratzen naiz zer iritzi behar diodan erabakitzeko.
Ez litzateke lehen aldia izango, Ipar Euskal Herriko udal bat auzipetzen dutena: Laborantza Ganbera laguntzeagatik, ikastolari egoitza edo lurra eman nahi izateagatik, Euskoa erabili nahi izateagatik… Udal eta auzapez asko pasatu dira Paueko administrazio auzitegitik. Ez litzateke euskararen aldeko lehen desobedientzia kasua ere, Ipar Euskal Herrian. Gogoratu demo-en ekintzez eta auziez.
Ez dut galdetu lehen aldia ote den. Galdetu dut aitzin ikusia ote zegoen ala inprobisaziotik egindako oparia izan ote den. Katalunian berriki egin dute desobedientzia zibil saio bikaina, baina inprobisaziorik eta ustegaberik gabe, aitzina egitea deliberatu duena txalotuz,
gibelatu denaren arrazoiak errespetatuz eta inoiz inor traidore deitu gabe denak bat eginda jarraituz. Zer ikasia badugula erranen nuke
iep,
hemen duzu Uztaritze bai! zerrendaren egitasmoa (https://issuu.com/uztaritzebai/docs/egitasmoa-arin/18), 18-19. orrialdeetan Hizkuntza Politikaren egitasmo ezin xeheagoa dakarrela.
Ohartuko zarenez ez da inolako inprobisaziorik izan. Baina jakina zen Carrere-n irmotasuna gai horretan aski ahula zela. Alta ez da bakarra izan eta bere auzapez orde “abertzaleak” ere fin portatu dira horren aplikazioaren kontra: izan herritarren eta euskalgintzaren ofizialtasunari babesa emateko elkarretaratzeari boikot egiteko, ala euskarazko haurtzaindegiak irekitzeko, baita Uda Leku murgiltze ereduko aisialdi zentroa irekitzeko ere (“baina ez dira Uztaritzera instalatzera jiteko behartuak ere, beste herri batera joan daitezke eztza!” bezalako tiroekin aldeak amildegi bilakatuz joan ziren).
Eta azken gertakariaz, Prefetaren mehatxua jaso aitzin 9 hilabete pasa ziren. Eta argi dago 9 hilabete horietan, gogoa izanez gero, 1500,00 euroko kostua besterik ez duen batbateko itzulpena plantan ematen ahal zela, prefetak nahi duena erranen zuela ondotik (eta nork daki, frantses nazionalistek ez zuten jakinean emanen behar ba; edota kostu politikoa haientzako handiagoa izanen zen behintzat).
Agintaldi hasieratik beraz uzkurtasuna genuen parean eta “jendeak hizkuntza gaia soilik lantzen dugula dio beraz kalma gaitezen” adierazten dizutelarik, pentsatu beharrean “beste arloetan ere aktiboa gaitezen beraz!” aski adierazgarria da. Itxura eta poderea dituzte kezka nagusi.
If-ek argi azaldu duen bezala, euskararen normalizazioa zen zerrendaren kanpainako ardatz garrantzitsuetako bat. Dena den, Kataluniarekin konparatu duzu, eta uste dut konparaketa erabat desproportzionatua dela. Ezin da maila berean jarri independentziari buruzko erreferenduma (eta hortik etorri zen independentzia aldarrikapena) eta udal bateko plenoetako bat-bateko itzulpena egitea. Inongo unetan ezin dira parean jarri. Kanpainatik hasita. Independentzia, noski, kanpainaren erdigunean izan behar zen. Euskararen normalizazioan, plenoaren gaia, puntu bat litzateke beste dozenaka punturekin batera.
Plenoetan bat-bateko itzulpena egiteagatik alkateak “seguru asko ondorio larri samarrak izango” lituzkeela diozu. Ez diot ikusten heldulekurik uste horri. Ez da joango kartzelara, ez diote emango ez dakit nolako isuna… Auzitegi administratiboan argituko litzateke kontua, beste askotan gertatu den bezala. Eta If-ek argitu duen bezala, bederatzi hilabeteko tarte bat izan zuten prefetak bere iritzia eman artean, horrelako zerbait indarrean jartzeko. Eta prefetak bere iritzia eman ondoren ere, litekeena da inork ez jartzea salaketarik prefeturan, politikoki galtzaile ateratzeko arrisku handiena salatzaileak lukeelako.
Bukatzeko, nire kezka areago doa. Alkatetza lortzearen ondorio baldin bada, alkateak berak uko egin behar izatea euskararen eta euskaldunen eskubideei, alkatetza lortzearen ondorioa baldin bada ohartzea prefetaren boterea dagoela gainetik, ez al da hori ikaragarriko umiliazioa? Ez al da umiliazioa guk geuk egin beharra uko halako oinarrizko neurriei?
Independentzia dela edo euskararen aldeko borroka dela, eztabaidagai jarri nahi dudana da gauzak egiteko modu bat. Soberan da esatea aipatu helburu horiekin bat natorrela. Etsigarria eta guztiz antzua da, gauzak aitzin ikusi gabe inprobisazio hutsez jardutea, azkenean nahaste-borrastean eta elkarri mokoka amaitzeko. Batez ere egoera berberetik, gauzak aurrez igarrita, auzia mahai gainean jarrita eta desobedientziaren bidean aitzina egiteko prest zegoen norbait alkategai hautauta, euskararendako hain mesedegarri eta Frantziako estatuaren jarrera deitoragarria salatzeko hain eraginkor izan zitekeen egoera bat sor arazteko parada zegoenean. Gure onerako diren aukerak gure aurkako bihurtzeak ematen dit mina. Gogoeta eginez eta aitzin ikusiz planifikatzea edozein asmotarako da beti onuragarri. On eginen liguke horretan apur bat gehiago saiatuko bagina.
Lehen ere ez nuen uste, eta Ifen argibideak irakurri eta gero are gutxiago, inprobisazioa izan denik. Ifek argi utzi du, halaber, aurrez adostutako beste hainbat neurri ere ez direla hartu.
Beraz hitzartuta zegoen alkateak prefetaren aginduei entzungor eginen ziela eta desobedientzia zibilaren bidean barrena sartuko zela? Horrela bada, hitza jan du eta merezi ditu egiten ari zaizkion kritika guztiak.
Nire ustez, Uztaritz Bai taldearen egitarauan ageri diren egoeraren salaketa eta konpromisoen zehaztasun maila agerikoak dira. Alde bateko nahiz besteko hauteskundeetan ohi baino askoz argiagoak eta zehatzagoak gainera. Iruditzen zaiy, desobedientzia zibilaren bideari ekin aurretik ere, alkateak bazuela beste hamaika urrats egiteko aukera Frantziar Estatuaren eta oro har frantziar nazionalisten gehiegikeriak salatzeko, bere taldekideak makurrarazi eta lotsarazi ordez.
Carrere “abertzalearen” jokabidea ez da salbuespena tamalez. Horrelako hamaikatxo ezagutu ditugu bidean.
Inork esan beharrik ez duzue, baina segi gogor, If eta besteak!
Egitasmoa xede orokor onez betea da Euskararen aldera. bainan aitortu beharra dago ez dela ikusten Euskararen ofizialtasun bozkatzea zehazki iragarria denik ez eta bat-bateko itzulpena zinegotzien bileretarako.
Gainera gehiengoari pirula pasa arazteko, egitasmoa « Euskara Uztaritzeko hizkuntzetarik denez … » edo « multikulturalismoa bultzatzeko… » bezalako adierezpen tristez fartxitua dago. (Hobe ez aditzia zer pentsatuko zuten 1789 eko Uztaritzeko gure aurrekoek, erraiten baitzuten ez zutela nehor euskaraz itzultzeko frantsesez jiten zaizkien agiri administratiboak)
Horrengatik « Uztaritze bai » zen Herriko etxera iristeko koalizio bat nun gehiengoak, erregionalista abertzale baino zenak, ez zuen pentsatuko ere egunen batean Estatua eta prefeta desafiatzeko egoeran aurkituko zenik.
Izan ere, plazer egiten diguten bi ekimen horiek, normal denez ez die aldiz batere plazer egiten frantziarrei ez eta ere oso gehiago erregionalistei.
Esperientziak erakutsi digu, bada, oso pundu sentsibleak zirela, « casus belli » bezalako zerbait, Estatu frantziarraren autoritatea desafiatzen dutelako.
Abertzaleentzat institutuzio publikoen barneko borrokaren posibilitatea Hegoaldean baino oraindik murritzagoa da Iparraldean.
Errealitatea iradoki nuen baino txarragoa izan zen. Demisiolarriei gehien kontra egin dutenak dira alkatea bera eta axuantak.
Zorigaitzez Uztaritzen gertaturikoa ez da eraldaketa zabalago baten epifenomenoa baizik. Atzean dago Iparraldeko egitasmo abertzalearen hondamen orokortua erregionalismo arrunt baten onerako.
Errejionalismorako bidaia ez da soilik Iparraldean gertatzen ari…
Bai JJ, emaiten du , bi aldeetan, sartu garela existititzen denaren, alegia , utzi nahi izan digutenaren kudeaketa tekniko hutsararen garaian.
Oraiko kolonizazio egoera politikoek eta administratiboek eskaintzen dizkiguten postu ohoregarri edo errentableen bilaketa eta mantenketa da lehenagoko abertzale fierren ardura nausia eta naturala.
Nabarmen da kolaborazioaren harra fruituan zegoela aspaldi danik edo betidanik ere, bainan orai oso laster ugaltzen ari da eta egunero sartzen gero ta sakonago.