Irmotasuna

Irmotasuna –

Irmotasuna
EITB

Egia da, bai, hizkuntza-eskubideen edota euskararen normalizazioaren ikuspegitik azken hauteskundeetan lortutako emaitzak ez direla batere onak izan Nafarroan, hain zuzen ere, Estatuan oldartzen ari den diskurtso suntsitzailearen aldekoek irabazi dituztelako hemen hauteskundeak.

Eta, orain, harrotasun hori berori bandera bihurtzen ari dira Nafarroan boterea eskuratzen badute zer egingo duten azaltzeko. Inolako lotsarik gabe esaten ari dira euskaldunok ikusgabe bihurtzeko eta eskubidez gabetzeko neurriak hartuko dituztela.

Hori betiko leloa da. Horrexegatik nahiko nuke injustiziaren, bidegabekeriaren, diskriminazioaren kontra eta gizarte kohesioaren zein berdintasunaren alde daudenek irmotasun bertsua erakustea hizkuntza-eskubideak bermatzeko hartuko dituzten neurriak erabakitzean eta gizarteratzean.

Hartara, bidea zein izan daitekeen zehazten laguntzeko erantzukizunez jokatu nahi dugu honako hauteskunde hauetan ere. Horrela, larunbatean, eguerdiko hamabietan, Erraldoien txokoan gizarte demokratikoagoa eraikitzen lagun dezaketen hamabost neurri zehatz aurkeztuko dugu.

Izan ere, zinez uste dugu bidea zein den zehaztea ez dela arazoa, borondatea eta irmotasuna izatea baizik.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 7koa]

Irmotasuna

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia

3 pentsamendu “Irmotasuna”-ri buruz

  • Ea eskuin espainiarzaleari goxokirik ez diogun ematen oraingoan.

  • euskaldun bat 2019-05-09 14:05

    Nafarroako emaitzak beste guztien aldean ezberdinak izan dira. Zergatik? Garbi dagoena da, abertzaleek indar gutxi duten toki batean tontakeri gutxi egin behar direla eta hau batez ere ezker abertzaleari zuzenduta dago. Indar gehiago dagoenean tontakerietarako tarte gehiago egoten da baina indar gutxi dagoenean tarterik ez dago. Baina hauek ez dute inoiz ezer ikasten eta beti akats berak errepikatu besterik ez dute egiten.

  • Erabat ados. Lau urte hauetan tentuz jokatu behar zen, jakinik aldaketaren gobernuak dena kontrara izango zuela alde mediatikotik, eta edozein txikikeria erabiliko zutela haien aurka egiteko. Lauko gobernuaren aurkako komunikabideek indar handia dute, eta kontuan izanik abertzaleen presentzia komunikabideetan ez dela batere handia, jende askok sinetsiko zuen laukoaren aurka esandako guztia. Hala ere nik, EAEko abertzale gisa, ez dut ikusi hainbeste tontakeria egin dutenik. Egin duten hankasartze handiena Maravillas gaztetxearekin egindakoa izan dela esango nuke, baina agian nafarren batek zerbait gehiago aipatuko luke. Zalantzarik gabe gobernuari kalte handiena egin diona Podemos da, egoera tamalgarrian daude, beraz galduko dituen botoen eta Espainiako olatuaren laguntzaz PSN erraz izan daiteke bigarren indarra, Geroa Bairen aurretik.