Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!

Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta! –

Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!Icebergaren zati agerikoari begira jarrita, euskara boladan dago: 2016ko Udal Legea garatzeko Dekretua dela medio, hemendik urtebetera egitekoa den Euskaraldia dela bitarteko -bidez batez esanda, zein goiburu bikaina: gehiago, gehiagotan, gehiagorekin!, behialako berbenetako dantza-eskeko “egingo al dugu?” hura ekartzen dit gogora-, beti euskaraldi betean bageunde bezala, harrabots mediatikoan pulunpaturik.

Baina denok dakigu icebergetik begi-hutsez ikusten dena izozmendiak duen bolumen osotik zortziren bat baino ez dela, eta halako batek hondoratu zuela, besteak beste, Titanic. Zer ezkutatzen du gure euskara-izozmendiak ezkutuko zazpi parte horietan?

Nik, beste ezer baino lehen, beldurra ikusten dut. Botere autonomikoa dutenak beldur dira botere estatalarekin talka egiteko, eta lege-arau edo dekretu itxura eman aurretik, 1978ko Konstituzio txit santuari ertzik urratzen dion begiratzeko zerbitzu juridikoak lanean jartzen dira, ondotik errekurtsorik etor ez dadin, eta, nork uka, adimentsuki jokatzen dute bai baitakigu guretzat kaiola modukoa den oinarrizko lege hori gaztelaniadunak Espainiako estatu guztian eroso bizitzea bermatzeko egina dagoela, eta hura garatzeko legedi guztiak xede nagusi hura ez duela hautsi edo urratu behar. Eta galegoz edo katalanez edo euskaraz bizitzako arlo guztietan bizi nahi dugunok geure herrian, zein legek babestuko gaitu eta politikarietatik nork? Dekretua argitaratu baino lehen -azaroaren 21ean ari naiz idazten-, jada errekurtsoa jarriko duela aurreratu du PP alderdiko bozeramaileak, eta botere autonomikotik, defentsiban, hasi dira esaten erabat konstituzionala dela, erdaldun elebakarren eskubideak ez direla urratuko eta telebistatik entzun ere dugu “gauzak ez direla asko aldatuko”. Eta azken hori sinesten dugu, sinesten dugunez!

Zergatik jarri nahi dute errekurtsoa basko-espainol erradikalenek? Euskaldun batzuk harremanak administrazioarekin euskaraz izateak ez ditu kezkatzen, kezkatzen dituena da euskal administrazioetako teknikariek lana euskaraz egiteak, eta euren arteko harremanak euskaraz soilik izateak. Zergatik? Horrekin Belgikaren edo Suitzaren mamua ikusten dutelako, Espainiako administrazioaren zatiketa, eta azken buruan benetako nazio-aniztasunerako pausoa, guztiz eramangaitza zaiena. Baina beldur hori izateko motibo arrazoizkorik ba ote dute?, Eusko Jaurlaritzak hori nahi ote du? Badakigu Kultura Saileko buruak eta haren kideek euskararen erabilera hedatzea nahi dutela, hori bai, baina benetan euskaraz funtzionatuko duen administrazioa nahi ote du Jaurlaritzak? Kontuan har bedi tokiko administrazioaz ari garela, udal eta toki-erakundeen legeaz eta haren garapenaz ezen ez administrazio autonomikoaz eta ezta EAEko administrazio zentralaz ere. Toki-administrazioak garrantzizkoak dira baina autonomikoak eta estatalak ez gutxiago.

Gaur argitaratu da zorioneko dekretua (2019-11-22). Artikulu bat aldatuko dizuet, hamahirugarrena hain zuzen: “13. artikulua.– Erabilera normala eta orokorra. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan. Hortaz, modu normalean eta orokorrean erabiliko da Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan, baina beste hizkuntza ofiziala inolaz ere mugatu gabe. Hori bermatzeko, bada, entitate horiek gero eta gehiago erabiliko dute euskara, bai barne-jardueretan, bai kanpora begira egiten dituztenetan.” Aldeak alde, lehen karlistada ondoko esaldi famatu hura bezala: foruak bai baina batasun konstituzionala hunkitu gabe.

Arerioak erakusten digu nora jo behar dugun. Momentuz, nik gehienbat, gorago esan bezala beldurra ikusten dut, botere autonomikoaren beldurra, bazkide unionista haserretzeko beldurra, botere estatalaren beldurra, politikari eta epaile eta erdaldunen alderako beldurra, eta euskaldunen haserrearen beldur gutxi, edo gutxiago, edo batere ez.

Ildo horretatik, bigarrenik, euskaldunon asimilazioa ikusten dut izozmendiaren alde ezkutuan. Espainiaren mendeetako menderakuntzaren eta azken bi mendeetako inposizio bortitzaren eta mila debekuen ondoriozko gutxiagotasun konplexuaren eta gaztelaniaz egiteari eder iriztearen eta kolonizatuaren mila morrontza behiala Xabier Letek kantatzen zuen bezala, hots, gure ahultasun ugariak. Zenbat euskaldunek nahiago dute egun euskal administrazioarekin harremanak euskara hutsez izatea?, zenbat funtzionariok idazten ditu errazago txostenak euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz bezain erraz?, zenbat politikarik egiten du bere lan politikoa errazago euskaraz erdaraz baino?

Denok dakigu asimilazioak gurean beste mila aurpegi dituela: ohituraren eta eskaintza zabalagoaren ondorioz, erdaraz errazago irakurtzearen errealitatea, filmak eta fikziozko telesailak erdaraz ikusten ohituago egotearena, ezinbestezkoa gure egoeran, eta erdaraz hitz egiteko erraztasun gehiago eta adierazkortasun gehiago eta abar.

Eta asimilazioak berekin ekarri ohi du norberaren euskararen kaxkartasunarekiko ezaxola, arduragabezia, eta gero eta gehiago erdal kulturan murgiltzea, han bertan goxo egitea, eta gero eta arrotzago sentitzea euskal kulturaren alderako. Nola urtu izozmendi faltsu hori, agerian eder itxurakoa eta ezkutukoa itsusiago eta grisagoa?

Politikariek, eragileek, herritarrok denok dugu eginbeharra, eta ez dut makila magikorik baina ez litzateke batere txarra 2016ko Udal Legea eta haren garapenerako Dekretua aurrera atera dutenek lidergo pixka bat erakustea eta argitzea nora jo behar duen euskal administrazioak -Estatutu berriarekin bezala-, konstituzionala dela esatera mugatu beharrean, beldurrak uxatuz, eta halaber, euskaldun sentitzen garenok euskaraz funtzionatuko duen administrazioa galdegitea, asimilaziotik desasimilaziora joz eta euskal nazioa eraikitzera. Bestela, besteak beste, Euskaraldiak eta, borondate eta ahalegin guztiak gorabehera, ekitaldi folkloriko hutsetan jausteko arriskua izango dute.

Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!

Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!

Saiakera-idazlea

9 pentsamendu “Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!”-ri buruz

  • Benat Castorene 2019-11-23 17:48

    Patxi, erakusten duzun beldur horretaz gain, iduritzen zait politikariek, euskal partiduek eta beraz administrazio autonomikoak badutela beste beldur bat ere : bozemaileena
    Herri guzian , hiru talde ikusten dira gizartean : euskal naziokoak sentitzen direnak, espainol edo frantses naziokoak sentitzen direnak, eta beste guziak, alegia, beharbada zalantzan daudenak. Hiru taldeek naturalki sentsibilitate, postura, portaera desberdinak dituzte euskararen alderako.
    Hiru taldeak nahasiak bizi dira herriko zoko moko guzietan, nahiz proportzio desberdinetan. Ez da Suitzan bezala edo Belgikan nun komunitateek okupatzen dituzten beren eremu propio ondo bereziak.
    Horregatik, EAEn adibidez, beren hizkuntza politikoetan gehiengo bat moleztatu beldurrez partidoek eta administrazio autonomoak askoz uzkurragoak i dira ezen ez eta flamendarrak edo walonak zeinak libroagoak diren beren territorio homogeneotan.
    Buruan euki behar dugu euskara ikasteko ez ezik, gehiago dena euskara kultur hizkuntza erabiltzeko gaurko egunean alimaleko lana da jende pila bat hasarrearazterainokoa.
    Bestela erranda, Damokleseko ezpata badugu Madriden edo Parisen eta Troiako zaldi tropa bat barruan.

  • Benat Castorene 2019-11-23 18:18

    Artetik erraiteko ez dut ulertzen zergaitik rtikulu honek sortu dituen horren beste hasarre bozkagailuan
    Norbaitek esplikatu nahi badu, eskertuko dut

  • Ados, Beñat. Eskerrik asko

  • Haserretuen “gehiengo isila” gorabehera, artikulu bikaina beste behin ere.
    EAJk PSOE aukeratu zuen bidelagun hizkuntza politikarako ere, eta ez EHBildu, adibidez. Erosoago baitago euskararen normalizazioan urratsak ematea eragozten diotenekin, (ustez) aurrera egitea exijituko lioketenekin baino. Une dultzean dago EAJ euskalgintzari dagokionez ere. Herri-ekimeneko Euskalgintza erabat domestikatuta, ez dauka bere hizkuntza politika antzua kritikatuko duen inor… ezker abertzalak hasiera batetik Euskalgintzaren “esku” utzi baitzuen hizkuntza politika, ingurumen politikarekin, genero politikarekin, ekonomia politikarekin, gizarte politikekin eta beste edozein arloko politikarekin egin EZ bezala.
    Lokatz horietatik, dekretu (kamuts) hauek.

  • Eskerrik asko JJ

  • 50 “haserretu” eta guztiak mutu. Marka da gero…

  • JJ ez kezkatu. 50 “haserretu” horien atzean ez daude 50 lagun. Ez dakit bat, bi edo sei diren, baina hor tranpa dagoela badakit.
    Botoa ematen hasi eta tarrapatakan ibiltzeagatik, nahi gabe, bi aldiz sakatu eta bi boto azaltzea gertatu izan zait, askotan.
    Eta gertatu izan zait, bestade, aldiren batean, ikusi hori gertatzen zela eta proba egitea eta 5-6 boto sartzea ere.
    Beraz, ikusten dut betiko arazo hori ez duela konpondu ZUZEUK. Ea noiz konpontzen duten!!!!

  • JJk “gehiengo isila” aipatzen du eta hain zuzen ere horretaz hitz egin digu Bittor Hidalgok. Baino ez omen dauka laudorio losintxerorik harentzat. Lobby-a minduta al dago?

  • Ni ere A-ren konbentzimendu berera heldu naiz, eta, horrenbestez, atxiki dezagun Zuzeu-k eskaintzen digun askatasun espazio hau ahalik eta txukunen alde guztietatik, dohainik iritziak plazaratuz eta elkarrekin trukatuz, elkarrengandik ikasiz, ekarpenak eskertuz eta probokazioei muzin eginez.