“Dantza, festa eta kultur ondarea” jardunaldiak eman duena

“Dantza, festa eta kultur ondarea” jardunaldiak eman duena –

Dantzan.eus ataritik jasoa.

"Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate.

Dantzak ondare kultural izendatzearen balizko onurak eta arriskuak jarri dira mahai gainean Zatak, Dantzan eta Soinuenea elkarteek antolatutako jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultur Ondarearen lege berria argitaratu eta hilabete gutxira legearen nondik norakoak ezagutu eta legeak eragin ditzaken kultur adierazpenei erreparatu nahi izan zaie. Horretarako, urriaren 12an Beasaingo Igartza jauregian elkartu dira legedi berria ongi ezagutzen duten profesionalak, ondare immaterialaren bilketan dabiltzan lan taldeetako ordezkariak eta zenbait dantza taldetako kideak. Oier Araolazak gidatu ditu jardunaldiko bi mahai inguruak.

Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate.

Hasteko Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak ongietorria egin die Igartza jauregira bertaratutako guztiei. Azaldu du, udalaren kudeaketari heldu ziotenean bazutela kezka bat: nola egonkortu dantza tradizionala puntualki atera daitezkeen maisuen eskuetatik harago. “Gure nahia da erreferentzialtasuna izatea dantzak, dantza tradizionala izatea mahairen erdian dagoena eta horri behar dituen baliabideak jartzea”, gaineratu du. Aldasorok uste du ondare izendapenaz ari garenean baliabideez ari garela, “bolondres munduak ezinbestean tira egin behera dio dantza tradizionalari bestela galdu egingo baita, baina erakundeek baliabideak eta oinarrizko euskarriak jartzen lana egin behar dute”. Politikan esan ohi den esaldi bat gogoratu du Aldasorok, “lana eta maitasuna aurrekontuetan azaltzen da, hortik aurrerakoak hitzak dira”.

"Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Aitor Aldasoro eta Oier Araolaza. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate.

Lehenengo mahai inguruan ondareari lotutako legediaren nondik norakoak xehe ezagutzen dituzten Imanol Agote eta Isabel Hernandok hasi dute. Agotek Euskal Kultur Ondarearen legearen erredakzioan parte hartu du eta Hernando, unibertsitateko zuzenbide irakaslea, ondarearen inguruko legeetan espezializatu izan da. Legeak herrietako dantzengan izan ditzakeen onuren eta arriskuen inguruan aritu dira. Terexa Lekunberri, Karlos Irujo eta Emilio Xabier Dueñas, berriz, Iparraldean, Nafarroan eta EAEen ondare immaterialaren inbentariatze proiektuak gidatzen ari dira, hurrenez hurren. Beren jarduna azaltzeaz gain, bidean topatzen dituzten zailtasunak kontatu dituzte.

Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate.

Adituen hitzartzeak entzunda kafetxoa hartzeko tartea izan da, aspaldi ikusi gabeko ezagunak agurtu eta iritziak azkar batean elkartrukatzeko aprobetxatu dute Igartza Jauregira bertaratutakoek. Kafearen ostean, adituek arituei eman diete erreleboa.

Bigarren mahai inguruan, Oñatiko Korpus festa eta dantzen antolaketaren berri eman du Oñatz dantza taldeko Maite Irizarrek, Andoaingo axeri-dantzaren historia eta egungo egoera kontatu du Izaskun Berazak, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegik Goierriko eta Gipuzkoako dantzen eta dantzakeraren inguruko gogoetak egin ditu eta Jon Arrikaberri eta Gabriel Urtasun bolant-dantzariek Luzaideko festaren antolakuntza azaldu eta Interes Kulturaleko Ondare izendapenak ekarritako ondorioak kontatu dituzte.

"Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate.

 .

Hizlarien ekarpenak

Hizlari bakoitzak egindako ekarpenen berri argitaratzen joan gara aurreko asteetan eta ondoko zerrendan daude denak eskura.

Lehenengo mahai-ingurua: Adituak

 

Bigarren mahai-ingurua: Arituak

“Dantza, festa eta kultur ondarea” jardunaldiak eman duena

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude