JAKIN aldizkariari (eta besteri): Teologiaz eta ideologiaz

JAKIN aldizkariari (eta besteri): Teologiaz eta ideologiaz –

JAKIN aldizkariari (eta besteri): Teologiaz eta ideologiaz (eta eskerrik asko ZuZeuri)

 [Parentesi zuzen artean eman ditut orain erantsitxoak Xabier Eizagirreri orain aste bete-edo –2019/11/16 – zuzendutako gutunari.]

Nonbaitetik iritsi zitzaidan ordenagailura Jakin aldizkariaren ale berriaren iragarpena (233-234 ale bikoitza, uztaila-urria 2019, monografikoa Maitasuna politikoa da). Aukera ematen zuen iragarpenari erantzuna uzteko, eta idatzi nuen (orain ez dut aurkitzen iragarpen hori sarean, ezta nire mezua [ez dakit apropos desagerrarazia eo bestela], baina gutxi gorabehera horrelako zerbait ziokeena…: Zergatik interesatzen (ote) zait gero eta gutxiago aldizkaria? Inork argitzerik?)

Uste dut ordurako alea jasoa nuela jada etxean paperean, baina artean zabaldu gabea. Eta nire aipatu iruzkina eragin zuena soilik izan zen alearen izenburu generikoa Maitasuna politikoa da –eta noski, nire azken urteotako esperientziak…–.

Hurrengo egunean bertan-edo (2019-11-15) jaso nuen Xabier Eizagirre JAKINeko erredakzio buruaren mezua.

Eta poztu nintzen, gutxieneko Xabierren arreta bildu zutelako nire bat-bateko galderatxo haiek. Eskertu nion berari ere interesa, eta agindu luzeago erantzungo niola. Eta hemen nire ekarpentxoa, eraikitzaile bada ongietorria izango dena nonbait, eta ez bada…, ez dakigu. Bihoakizu nolanahi, Xabier! Ez da aurreneko aldia antzeko kezkak agertzen ditudana, ez modu pribatuan eta ez jendaurrean.

[Xabier Eizagirrek, hasiera bateko hitz gozoak gorabehera, ez dit erantzun (nahi izan (?))) nire idatzia jaso izana ere, nondik orain nik hemen zabaldu nahia.]

Nire sareko iruzkin haren arrazoia ez zen izan nire ‘inpresioa’ baino –egia esan, beste azterketa sakon handirik barik–, JAKINen talde ‘berria’ sartu zinetenetik behintzat, Lorea buru… [Lorea Agirre, zeinak besteak beste ezin mezu zintzo eta hunkigarriagoa bota zigun 19. Korrikako lekukoan (besteak beste: berria.eus/albisteak/korrikako_mezua)], orain 4-5 urte edo, zu ez dakit noiztik, aldizkaria ez dela jada ‘euskaldunon’ aldizkaria –edo nik behintzat ez dudala hala sentitzen–, baizik eta jada bihurtua dela ‘ezker abertzalearen’ tresna, beste bat gehiago, euskaldun guztiok –orain bai– dotrinatzeko ezker abertzalearen kezketako gaietan, zeinen artean ‘Maitasuna ere politikoa izatearena’. Euskaldun guztiok (berriro) ekartzeko ‘euskaldun fededun’ ekuaziora. Nahiz oraingoan, hori bai, XX. mendeko ‘fede’ ezkertiarrera –eta oraingoan euskaratik–, eta ez XIX. mende amaiera hartako fede ‘kristaura…’.

Euskaldun fededun kristau buruek izan zuten abilidadea, bereak dotrinatzeaz gain, beste euskaldun ez kristauak uxatzeko euskaldunon eremu fededunetatik… Noski, hauek ere bazuten aukera ordezko beste eredu bat bultzatzeko euskaraz… Eta hainbat saiatu zen, Txaho eta beste hainbat ere tarteko…, nahiz oro har arrakasta handiegirik lortu ez. Eta ez behintzat, hori ziur, irekiagoak, zabalagoak, toleranteagoak bihurtzen orduko ‘euskaldun fededunen’ propaganda bitartekoak… [Baina egia da ere gaurko ‘ezker abertzaleak’ –ere– gaitasun eta nahi berezia erakutsi ohi duela ahalik eta azkarren irensten bere esparrutik kanpo sorturiko euskarazko ekimen guztiak, eta oro har samur lortu ohi duela, ukertzen errazak diren arrazoiak tarteko seguru asko.]

Gaurko ‘euskaldun fededunoik / fededun horiek’ berriz, ondo saiatzen ZARETE (?) / DIRA kontrolatzen euskarazko hedabideek / ahalbideek argi zabaldu dezaten ‘ZUEN’ XX. mendeko ‘fedea’, eta hauetatik ahal bezainbeste uxatzen fede horretakoak ez garen euskaldunok… Bide batez, konturatu gabe fede hori ere guztiz ZAHARKITUA dela gainera XXI. mende honetarako –eta lehenago ere seguru asko–, beti, noski, nire iritzian.

Eta ez naiz ari ‘solidaritate’ sentimenduak zabaldu beharraz, injustizien aurkakoak…, zeintzuetan askoz gehiago etorri gaitezkeen bat ‘ezkertiar fededunak’ baino…, are ‘ezkertiar fededunak’ baino zintzoago ere (dena eztabaidatu liteke…), baizik eta bereziki justizia asmo solidario horiek ere gizateriari hurbiltzenagoko moduez.

Ari naiz ‘fedea’ zabaltzeaz, kasuan, SISTEMA ‘kapitalismozuriheteropatriarkal…-ak’ duela gaur eguneko arazo eta injustizia guztien kulpa. Eta honen aurka, –eta nire ustez– batere oinarri sendorik gabe dogmatikoki bultzatzeaz ‘fede ANTIkapitalista, ANTIpatriarkala, ANTIheterosexuala… Eta denoi ‘ukigarri’ sinestarazi nahian SISTEMA ‘sozialista’ askatzaile paradisiakoaren utopia zerutiarraren helburua, eta ‘lurrean gauzagarria’ –zeina lortzeko, hori bai, lehenik guztiz suntsitu beharra dagoen eguneko egoera / sistema ‘kapitalismozuriheteropatriarkal…-a’ eta batez ere honen ‘onuradunak’ (‘buru onuradunak’ (?)).

Azken finean ‘fedeak’ ez ohi dira originalegiak bere ‘eskaintzetan’…, guztiak ere, ez nazienak, fascioenak, kristauenak, estatu islamikoarenak edo komunismoarenak…

Hauek denak, noski, agian ez dirateke nire eldarnio paranoikoak baino. Egia… Baina ‘herri txiki’ honetan denok gara ezaguntxo –besteak beste Ahoztar Zelaieta ere gogoz erakusten saiatzen den bidean–. Eta Letek ere jada 1976 inguruan kantatzen zuen bere Teologia, ideologia ezagugarri hura (nahiz orduan uste dut artean soilik-edo espainolez zabaltzen ote zen gure artean teologia hori).

Eta zuek ere JAKINetik –BERRIAtik edo ARGIAtik edo 11tik edo bezalaxe–, uste dut bi bide hartu ditzakezuela.

  • Bat: ‘Euskaldun gutxituon’ ahots izatea / bihurtzea, gure pluraltasunean (gitxi gorabehera erdi bat garenez ezkerrerago, eskuineraxeago den beste erdiaren aldean –eta hau ez da prospekzio soziologiko bizkor, baizik aritmetika huts–), ‘euskaldunon’, ‘bihotzeko’ euskaldunon zutabe bihurtuaz, euskaraz bizi nahi eta bizitzen ahalegintzen garenon / ahalegindu gura genukeenon arnas (eta hori ez dut uste egiten denik gaur egun ez BERRIAn, ez ARGIAn…, ezta ere JAKIN berrituan –nahiz aztertu genezakeen nola egiten zen JAKIN zaharragoetan, edo nola egin izan zen hori aldizkariaren boladetan…–).
  • Bi (hartu ohi duzuen bide, nik uste): ‘Euskaldun guztiok edo askok’ ‘gure pluraltasunean’ ZUEN esku jarri ditugun hedabide / bitarteko horiek –noski, zuen beharrizan eta neke eskergaitz guztiak tarteko–, deliberatuki erabiltzea ZUEN DOTRINA zabaltzeko, eta –orain bai– ‘euskaldun guztiak’ DOTRINATZEKO zuen fede zahar ankilosatuan –adjektiboak nire iritzia dira noski, eta zuek eskubide guztia duzue beste batzuk jartzeko–. Baina emaguzue –eta bilatu ezazue– ‘zuen’ orrietan ere oreka ‘SISTEMAZ / SISTEMEZ’, gutxieneko, eztabaidatzeko, beste gabe sinistu barik, ea zientifismo zontzoenak aldarrikatu legez SISTEMEN segida itsu ezinbesteko batean ote gauden (igualitarismo mitikotik esklabismora, feudalismora eta kapitalismora…), eta zeinen halabeharreko segida behar duen izan ezinbestean ZERUAK, barkatu, SOZIALISMOAK –lapsusa…–, modu baketsuan ez bada, krudelean.

Uste dut bigarren bide honetan ari zaretela aspaldi BERRIA eta ARGIA, eta JAKIN ere…

Eta azken urteetako esperientziak pentsarazten dit ezker abertzaleak aspaldi diseinaturiko estrategia garbia dela hedabide horien guztien kontrola izatea –eta bide batez esanda, ez dakit zein desberdintasun dagokeen ‘kontrol’ hitzaren esanahiaren, eta ‘kontrol polizial’, ‘kontrol estalinista’ eta antzekoen artean, zuek badakikezue…, agian dirateke batzuk onak, besteak txarrak…, esango dostazue…–, lehenago EGIN / GARA / NAIZ guztiekin egin moduan, 11n, eta ez dakit ere, euskararen / euskaldunon beste ahalbide / erakunde guztietan ere saiatu / bideratu gisa, euskaltegien sisteman, soziolinguistikan, euskara elkarteetan, topatu eta topagabeetan, kontseiluetan, ikaskuntzetan, akademietan…

Noski, ‘beste aldean’ ere badira erakunde publikoetatik bere kontrola izaten saiatu / saiatzen direnak, eta diru publikoa bideratzen dutenak / nahi luketenak batez ere bere kontrolpeko-edo erakundeetara… Baina besteen demokrazia eta ekitate faltak, eraman beharko gaitu salatzera ‘haien’ demokrazia eta ekitate falta… Ez ‘guk’ / ‘zuek’ beste hainbeste egitera zuen kontrolpekoetan. Ala?

Ez dakit ekarpen eraikitzailetzat jo zenezaketen nire hau, baina nire kutsu ideologiko propio guztien gain edo azpitik, badateke eskaera argia zuek ‘kontrolatzen’ duzuen hedabidean pluraltasun ideologikoa areago praktikatu dezazuen eta dotrinatzea dotrinetarako utzi dezazuen…

Ulertu dakidakeelakoan… eta eztabaidatxoa bizteko balio badu…

Mila esker

Bittor

P.S. Xabier Leteren kantaren letra irakurgarria / hausnargarria –ez dut uste argitaratua dagoenik bere poesia liburuetan, edo ez dut behintzat aurkitu– (sarean erraz aurkitzen da ahots eta guzti kantatua –1977ko Lore bat, zauri bat diskotik–, besteak beste: youtube.com/watch):

Teologia, ideologia

Zeru altuan zegoen jaunak
egina zuen mundua,
sei egunetan izerdi patsez
moldatu eta ondua.
Zazpigarrenez deskantsatzia
atera zuen kontua,
izadiaren igeltserua
etzen batere tontua.

Perfekziozko obra haretan
laister sortu zen nahaspila,
Adan maltzurra abiatzen da
sagar errearen bila.
Lehendabiziko askatu zuen
gerrikoaren hebilla,
Eba ikaraz zegoen baina
bekaturako abila.

Sagarra kozkaz irentsi orduko
hor entzuten da kondena:
“hartu nahi hukek baratza hontako
fruta gozo ta onena;
hoa kanpora, lotsagabea,
eta paga zak ogena,
eskulanaren beharra zegok,
ematen diat ordena”.

Adan badoa triste ta mutu
Paradisua galduta,
Bilbo aldera aillegatzen da
gaueko trena hartuta.
Haurrak negarrez ikusten ditu,
andrea haserratuta,
Altos Hornos-en peoi sartzen da
kontratua firmatuta.

Gertatutako deskalabruak
mingosten diozka gozuak,
eta gainera pagatu behar
piso txar baten plazuak.
Komodidade handirik ez du
proletario auzuak,
eta bizkiak erditzen ditu
bere emazte gaixuak.

“Hori bakarra behar genian”
dio amorru bizitan,
baina aguro agertzen zaio
adiskide bat bisitan…
hiru bat orduz mintzatzen dira
leihoak erdi itxitan,
karneta ere eskeintzen dio
biharamuneko zitan.

Handik aurrera Adan jartzen da
su ta gar kausaren alde,
folleto batzuk eman diozkate
hutsaren truke, debalde,
Marx eta Lenin irakur ditzan
gehiegi nekatu gabe,
hiru astean egiten zaigu
fede berri baten jabe.

Eta horrela bihurtzen dira
teologiak programa,
nolabaitean arindu nahirik
gizonak daraman zama.
Ez baldin badugu guztiz galdu nahi
nahiko eskas duen fama
Mosku aldera itzul liteke
Erromako elizama.

 

 

15 pentsamendu “JAKIN aldizkariari (eta besteri): Teologiaz eta ideologiaz”-ri buruz

  • Euskaltzale 2019-11-23 14:15

    Arrazoi osoa, Bittor. Hobeto ezin esan. JAKIN, ARGIA, BERRIA eta baita ETB ere euskaldunok “fede berrira” erakartzeko tresnak bihurtu dira. Garai batean marxismoa zen fede nagusia, orain zuk aipatzen dituzun beste gai horiek dira……eta euskal disidentzia gogor zigortzen da. Agian ZUZEU da hedabide bakarra non euskaldunok beste iritzi batzuk ere eman ditzakegun. Eta bertan agerian geratzen da euskaldunok ez garela bloke monolitiko bat, haiei gustatuko zitzaien bezala.

  • Eskerrik asko Bittor hain argi eta ausart jokatzeagatik.
    Uste baino zabalagoa den sektore baten kezka eta ezinegona agerian uzten jakin duzu.

  • Testu luze-nahasi samar honen zati guztiekin ez nago ados, esaterako, honekin:
    “Eta azken urteetako esperientziak pentsarazten dit ezker abertzaleak aspaldi diseinaturiko estrategia garbia dela hedabide horien guztien kontrola izatea –eta bide batez esanda, ez dakit zein desberdintasun dagokeen ‘kontrol’ hitzaren esanahiaren, eta ‘kontrol polizial’, ‘kontrol estalinista’ eta antzekoen artean, zuek badakikezue…, agian dirateke batzuk onak, besteak txarrak…, esango dostazue…–, lehenago EGIN / GARA / NAIZ guztiekin egin moduan, 11n, eta ez dakit ere, euskararen / euskaldunon beste ahalbide / erakunde guztietan ere saiatu / bideratu gisa, euskaltegien sisteman, soziolinguistikan, euskara elkarteetan, topatu eta topagabeetan, kontseiluetan, ikaskuntzetan, akademietan…”
    gehiegizkoa deritzot, baina, parte batzuekin bai, esaterako, hau dioenean:
    “Ari naiz ‘fedea’ zabaltzeaz, kasuan, SISTEMA ‘kapitalismozuriheteropatriarkal…-ak’ duela gaur eguneko arazo eta injustizia guztien kulpa. Eta honen aurka, –eta nire ustez– batere oinarri sendorik gabe dogmatikoki bultzatzeaz ‘fede ANTIkapitalista, ANTIpatriarkala, ANTIheterosexuala… Eta denoi ‘ukigarri’ sinestarazi nahian SISTEMA ‘sozialista’ askatzaile paradisikoaren utopia zerutiarraren helburua, eta ‘lurrean gauzagarria’ –zeina lortzeko, hori bai, lehenik guztiz suntsitu beharra dagoen eguneko egoera / sistema ‘kapitalismozuriheteropatriarkal…-a’ eta batez ere honen ‘onuradunak’ (‘buru onuradunak’ (?)).”

    Ildo bertsutik, Jakin-era etorriz, azken ale bikoitz marduleko lehen artikuluan honako hau irakurtzen dudanean: “Maitasuna maitasuna baino askoz gehiago da. Maitasunak pertsonen sozializazioan eragiten du, eta, horrekin, baita generizazioan ere. Generoak sortzeko eskola bat da, diziplinamendu praktika bat. Maitasunaren gaineko lezioen bitartez gizon eta emakume egiten gara. Maitasunak elkarren artean desberdin eraikitzen gaitu eta desberdinkerian harremantzen irakasten digu…”, neure artean pentsatzen dut: norentzat ari da pulpitutik? Esaldi guztiak tesiak dira. Oso gogorra egiten zait holako testu bat irakurtzea.

    Edota: “Amatasunaren maitasuna: Maitasun erromantikoa maitasun eredu nagusia dela esan dugu. Baina horren parean jar daiteke amatasunaren mitoak duen indarra. Hori ere sakratua, aurrekoa baino sakratuagoa beharbada. Bene-benetako maitasuna (…) Inor gutxiri ardura zaio gizon batek seme-alabarik baduen. Emakumeari egiten zaion lehen galderetako bat da. Den eta gauzarik gaitzesgarriena ama txarra izatea da. Aita txarra aita klasiko normalizatu bat da gure artean”.

    Ez da niretzat egiten idazkera mota hori: “borrokako” literatura, frogatu beharrik gabeko tesiez hornitua, eta adibide edo erakusgarri konkreturik batere gabekoa, irakurleak aukera izan dezan jakiteko idazleak nondik atera dituen tesiok, eta bere kabuz pentsatzeko eta juzgatzeko.

    Onartzen dut emakumeak urte askoan baztertuak egon direla plaza publikotik, eta denon ikuspegiak direla beharrezkoak baina horrek ez du justifikatzen dena hortik bakarrik ikusi beharra eta ikusarazi nahia.

    Beste adibide bat Berria-ko gaurko alean “Neska altuak” artikuluan:
    “Horixe da emakumeon patua: beti gara neurriz kanpokoak. Bizitza osoa igarotzen dugu arlo guztietan neurritsu izan nahian, existitzen ez den erdibide perfektu baten bila. Hanka luzeegiak dituzten andreen gorputzak badu transgresio puntu bat, berez. Akaso, horregatik ibiltzen dira emakume altu asko kalean zehar gorputza uzkurtuta, erdi makurtuta bezala. Eta makurtzearen makurtzeaz, bizkarra konkortzen zaie”.

    Bien bitartean ondorio horretara iritsi baino lehen, neskak txikiegia izateagatik bazterturiko mutil baten anekdota kontatu digu.

    Biktimismoa, emakumeen “arazoak” beharrik gabe gizendu nahia, eta gizonenak ikusezin bilakatzeko edo alboratzeko. Gizon txikiek ez dute arazorik izaten?, eta gizon altuegiek?

  • euskaldun bat 2019-11-24 10:12

    Azken urte hauetan zabaldu den diskurtso mota hau, hain denbora gutxian eta hain era bortitzean, ez da naturala, hau da, ez da gizartearen erraietatik ateratakoa. Beste zerbait da, eta gainera mundu mailakoa da. Susmagarria da oso. Ez da emakumeen eskubidetaz, esango nuke eskubide horiek gutxiesten dituela gainera. Haratago doa. Zurien aurka jotzen du etengabe. Europa suntsitu nahi duela iruditzen zait eta horregatik jotzen du hain sutsuki bere sinboloen aurka. Eta gurera etorriz, gurean olatu honetara gehitu direnak, orain dela urte gutxi non zeuden jakin nahi nuke. Izan ere komunikabideetan horrelako artikuluak idazten dituztenak euren buruarekin ere harritu beharko lukete hain denbora gutxian diskurtsoa nola aldatu zaien ikusita, ez? Edo besterik gabe “orain horrela idaztea tokatzen da” eta bagoaztek!? Eta beste gogoeta: euskaldunok (eta batez ere ezker abertzaleak) zeinen era suharrean heltzen dion unean uneko korronteari. Lehen komunismoari heltzen zion modua, ekologismoari heltzen dionean ere bazter guztiak irauli nahi izaten ditu (gainerakoak ekologiari begirunerik ez bagenio bezala eta ekologismoa beraiek deskubritu balute bezala), eta orain feminismoarekin… Gaiei neurririk ez die ha?tzen. Eta niri zalantzak sortzen zaizkit Euskal Herri independente batean pentsatzerakoan.

  • Ados Bittor eta euskaldun batekin. Ni behintzat politikoki umezurtz sentitzen naiz alderdi politiko kontuan.

  • Gaurko Berrian 9 orrialde (tartean Iritzi-artikulu bat) feminismoaz……Dena esanda dago.

  • euskaldun bat 2019-11-24 14:15

    Baina nik gauzatxo bat ere gaineratu nahi diot Bittorri. Xabier Eizagirreri idatzi zion hau eta bestea esanez baina ni ziur nago Xabier horrek ez duela aukerarik: edo gauzak modu jakin batean egiten ditu edo kargutik kentzen dute. Goi-goitik datorren korronte hori eta Euskal Herrian bere adarra duena, hainbatetan SISTEMA izendatu duzuna, hain da boteretsua hedabide gehienak bere itzalpean dituela. Eta hor Xabier Eizagirre un don nadie da. SISTEMA hori da desenmaskaratu behar dena: ezkutuko helburuak, nortzuk diren etab. Inor ez dadila engaina, hau ez da emakumeen eskubideen aldeko gerra bat, hau askoz haratago doa eta nik behintzat globalizazio neoliberalarekin lotzen dut.

  • Funtsezkoak diren bi gauz aipatzen dituzu:
    Gutxi gara eta, gainera ezin dugu elkar ikusi.

    Ezin al dira zubiak eraiki antagonismo (ezker-eskuin) hori gainditzeko? Ez al daukagu erreferenterik borroka antzu horretatik irteteko?

    Kontuan izan behar dugu pertsona guztion baitan bi alderdiak ditugula (indibidualtasuna eta sozialtasuna) eta banaezinak direla. Baina zergatik izan behar dute antagonikoak?

    Gure arbasoek nola egin zioten aurre arazo honi? Gure izaera komunitarioan bi balore horiek preziatuak izan dira, hau da, biak modu osagarrian uztartu dira.

    Zergatik ez eutsi geure historian zehar eredu baliagarria izan den ezaugarri honi?
    Indibidualismoa eta sozialismoa ba dute berdintasun bat: aldebakartasuna.
    Baina liberalismoak nagusitasuna indibidualismoan jartzen duen bitartean sozialismoan kolektibismoa nagusitzen da.

    Ez dut uste liberalismoa edota sozialismoa geure eredu komunitarioa baino zientifikoagoak direnik. Praktikan beintzat ez dute erakutsi horrela denik.

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-11-25 20:58

    Lehenengo eta behin eskerrak eman nahi dizkiot Bittor Hidalgori horrelako idatzi bikaina oparitzeagatik. Nik ez dut sinesten politika eta komunikazioan aldaketak edota proposamen informatiboak era masibo eta inuzentean sortzen direnik. Hego Euskal Herrian feminismoa eta immigrazioa, esate baterako, Frantziako medioetan lantzen ez diren intentsitatez lantzen dira, gurean obsesiboa izateraino. Beraz, nire iritzia da gai horiek eta beste batzuk, landu beharrekoak izan arren, beste gai batzuk estaltzeko edo beste gai batzuetatik arreta desbideratzeko erabiltzen ari direla. Edo, agian, hutsune ideologikoak estaltzeko amarru gisa. Dena den, aspaldiko artikulua da (espainieraz irakurri nuen) Noam Chomskyen “Como nos venden la moto” (Nola sartzen digute ziria” edo…) eta artikulua zaharra izan arren gaurkotasuna galdu ez duela uste dut; izan ere, bertan populazioaren manipulatze masiboaz ari da Chomsky eta erreferentea izaten jarraitzen du. Euskal Herrian, Espainian eta Katalunian gertatzen ari dena ulertzeko lagungarria dela uste dut. Hona hemen irakurtzeko lotura:
    https://kmarx.files.wordpress.com/2013/11/cc3b3mo-nos-venden-la-moto-chomsky_ramonet.pdf

  • Bittor Hidalgo 2019-11-27 15:15

    Kontua dun/k niri, neurez, ikaragarri interesatzen zaizkidala, oro har, hala Jakinen, zein aipatu beste guztietan ukitzen diren gaiak. Pena ematen didana da gai horiez guztiez jasan behar izana ikuspegi bakarreko predikazio doktrinarioa, ‘egia’ irakatsi beharrekoa, ‘egia’ bakarra eta argia balitz bezala (ez baita hala jainko ez garenon g(ix)ajoondako behintzat…, ala bai da?, eta dotrina berria ikasi beharrean gara denok?).
    Bultzatu ditzagun, euskaraz ere, eztabaida, ikerketa, azterketa irekiak, ikuspuntu desberdinak modu inteligentean erakusten dituztenak, kontuen aurkiak…, eta ifrentzuak, zuriak eta beltzak, eta grisk, eta gorri, eta berdeak, eta are kolore guztiz definigarrietan kokatzen zail diren zertzelada magikoenak, kontraesanak…, horiek izan baitira beti aurrerabideak, eta erlijioak itsuzuloak…

    Baina inork izan nahi du erlijio itsuzale aldeko? Ez, ez? Goazeman/k!

  • Bittor Hidalgo 2019-11-27 21:07

    Hasieran Xabier Eizagirreren mezua ere ematen nuen, baina gaur irakurri dut ZuZeutik mezua esanez ezabatu egin dutela Xabierren mezua, pribatua zelako(an). Bego!

  • Endrebesatuagoa delakoan nago, Bittor.
    Egiaren kontzeptua arrokeria handiegia denez bakoitzaren interpretzioak kutsatua dagoenelako, zuk ezingo duzu inoiz nik diodana ukatu frogen bidez. Beraz, nik azalduko ditzut nola diren gauzak. Oso koherentea eta justua da nik diodana, ez duzu ikusten? Ukatzen ausartuko zara? Denok horrela pentsatzen badugu gizarte hobeagoa izango dugu. Nahiz eta gezurrean oinarritua egon. Eta beste era batera pentsatzen baduzu… ez zara ba gizarte justu baten aurka egongo?? Ein???
    Ba hori. Esango dizut maitasunak dependentziak sortzen dituela, gizarteak ezberdintasunak, merkatuak esklusioa (ohartu horietako ezer ez direla pertsonak, nahiz eta pertsonak diren zerbait egiteko gai direnak). Eta ez dizut galdetuko zuk ere horrela ikusten duzun. Baizik eta zer egin dezakegun injustizia hori aldatzeko. Zer? ez duzula horrela ikusten? Zuk nahi duzuna denak berdin jarraitzea da. Pribilegiatua eta erreakzionarioa.

    Horrela iristen gara justizia kolektibora. Adibidez, igeltsero lanetan esplotaturik eta bizitza arriskaturik lan egiten duen gizonak, pozik ezkondurik (maitasuna?) kolpe zorririk jotzen ez duen emakume aberatsaren ondoan pribilegiatua dela entzun behar duenean… Emaztearen eraso fisiko baten aurrean defendatzeagatik zuk zigor handiagoa jasotzen duzunean….

    Postmodernismoaren tranpa manipulatzailea

  • Artikulu bikaina Bittor! Askotan pentsatu izan dudana, baina txukun idatzita jarri duzu.
    Ideiak, ideologiak, parez-pare jarri eta argudio/kontra-argudio-en bidez geure iritzi propioa osatzea ahalbidetuko diguten bitartekoak behar ditugu, eta ez, gure ordez, zer eta nola pentsatu behar dugun erabaki eta , kontsumitzaile ergeltzat joz, irakatsiko digutenak.

  • Bittor Hidalgo 2019-11-29 16:31

    Bat nator bai zure ironia g(r)aziarekin. Hobe beti agnostizismo sano eta inteligente pixka bat, zeinahi dotrina itsu(/tzaile) baino.

    P.s. Nolanahi ez dut nik (ere) fribolizatu nahi emakumezkoen bizitzak aurretik eramaten dituen gizonezkoen bortizkeriarekin, zein den ia beti kasua. Ezta ere alderantzizkoarekin, noski, baina gaur egun ez dirudi heriotza proportzioa, bortxa fisikoaren erabileraren proportzioa batere konparagarria denik. Nahiz egia ere den gizakiok ondo gauza garela eta izan ohi garela biolentzia mota ugarienak ere erabiltzeko gure artean…, urrunekoekin eta hurbilekoekin ere…

  • Nire iruzkinagatik badiozu, ez zen ironia ezta fribolizazioa ere. Noski emakume askok sufritzen dutela. Baina zuk sufritzen duzunean, okerrena zuri ari zaizu pasatzen, ez beste inorri. Ez du axola zu bezelako bakarra zu zeu izan eta beste sexuko mila. Zuk errekonozimendua behar duzu haiek bezala.
    Esan nahi nuen gauza bakarra zen logika tranpati horretan, biktima eta borreroa, pribilegiatua eta azpiratua izatea zure indibidualtasunari muzin egin eta kolektibo baten parte izateagatik baldintzatua dagoela. Zure egoera pertsonalean desabantailatua edo are biktima izanagatik ere zure hitzak ez lukeela baliorik izango. Ez dakit, imaginatu eskola jazarpena jasan duen mutiko baten autoestimu faltak, desekilibrioak.. eta nagusitan errealizatzeko izan ditzakeen arazoak. Pertsona horri pribilegiatu deitzea umiliazio bat da.
    Baina gaitik goaz.
    Artikukuaren hariari helduz, nire kritika da nik hauxe ezin eztabaidatu izatea. Eta zentzu horretan zurekin guztiz ados nago.
    Propaganda bihurtu diren hedabide hauek guztiek beren irakurleen inteligentzia isekatzen dute. Ez dira beren irakurleen pentsamendu kritikoaz fio. Nola pentsatu behar duten esaten diete. Txantaje emozional antzeko bat iruditzen zait