Udal eta foru administrazioko langileek euskararen aurkako erasoak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du berriki. Ebazpen honek 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu ditu.

LABen ustez, eraso oso larria da eta toki administrazioko langileei are beharrezkoagoa zaie azaroaren 4ko manifestazioa indartzea.

Udal eta foru administrazioko langileek epaileen eraso ugari pairatu dituzte. Langileei ez zaie bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea. Herritarrei, oro har, urratu egiten zaie zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea.

Euskararen erabileraren kontrako oldarraldi judiziala bete-betean nozitzen ari dira udal eta aldundietako langileak. Hala, nabarmentzekoak dira hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka egiten duten ebazpen judizialak.

Hori guztia dela-eta, azken urteotan oldarraldi orokor hau pairatu duten zenbait udal zein foru erakundetan, LABek mobilizazioak sustatu ditu azaroaren 4ko manifestazioari atxikimendua adierazteko: Uliazpi eta Gipuzkoako Foru Aldundia (urriak 31, ELArekin batera) Laudioko Udala (azaroak 2), Barakaldoko Udala (azaroak 2, ELArekin batera) eta Iruñean (azaroak 3), Hezkuntza Sailaren aurrean.

Azaroaren 4an, larunbata, 17:00etan Bilboko Euskalduna Jauregitik abiatuko da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, eta honakoa izango da lelo nagusia: “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat”. Udal eta foru administrazioko langileak bertan izango dira.

Udal eta foru administrazioko langileek euskararen aurkako erasoak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude