Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”

Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute” –

Lur Malleak Bilboko Uriolan egindako elkarrizketa:
Txerra Rodriguez (Argazkiak: Ecuador Etxea)

Inork gutxik aztertu ditu euskara elkarteak. Txerra Rodriguezek berriz (Derio, 1978) argi zuen doktorego tesia egitea erabaki zuenean ardatz izango zituela. 30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017 da bere lanaren emaitza.

Euskara elkarteak berrikuntza artefaktu izan direla diozu. Bilboaldean zein ekarpen egin dute?

Bilboaldeko euskara elkarteen ekarpenen artean munarri batzuk daude. Lehenengoa, garrantzitsuena eta ziurrenik Euskal Herri mailan ikaragarrizko eragina izan duena Bilboko Kafe Antzokia izan da. Horren abaroan beste batzuk sortu dira, Plateruena, Ondarroakoa edota Derioko Baserri Antzokia adibidez. Bilboko eta inguruko euskaldunentzako gune erreferentziala izan da, eta da. Beste ekarpen bat, herri aldizkariena da. Euskara elkarteen ekarpen nagusienetakoak dira, nagusiena ez bada. Hirugarrenik, Berbalagun taldeak aipatuko nituzke. Sorrera Donostian izan bazuten ere, eragin handiagoa Bizkaian izan dute, Deustuko taldea beste talde batzuekin eta AEK eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin ellkartu zirenean. Ordutik, beste hedapen bat lortu du ekimenak.

Bada ekarpen berririk?

Sorreran aktibazio programak deitu zirenak eta gero Euskaraldia izena hartu dutenak. Lehendabiziko saiakera Egia auzoan, Donostian izan zen. Laster zabaldu ziren hainbat herritara, Deustu, Agurain, Andoain… hori azken urteotako ekarpen esanguratsu bat da.

Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”

Duela 20 urte sortu ziren Prest!, Aikor, Anboto, Begitu eta Bizkaie! tokiko aldizkariak euskara elkarteek sustatuta.

Izan dira eta dira euskaldun guztientzako moduko aldizkariak. Aurretik, euskal prentsan, oso euskaldunentzako hedabideak baino ez zeuden, Argia kasu. Duela 20 urte aldaketa ekarri zuten tokiko aldizkariek. Masiboak eta doakoak ziren, eta euskaldun bat zegoen etxe guztietara heltzea zuten helburu. Eta hori asko da. Ziur nago Deustualdeko etxe askotan sartzen den euskarazko komunikabide bakarra Prest! dela. Hori irakaragarrizko ekarpena da. Herri aldizkariek lana sortu dute euskaraz ikasi duten kazetarientzat. Ekarri dute ere bestela sekula idatziko ez zuen jende bat idazten hastea. Ekarri dute bestela publizitatea euskaraz egingo ez zuen jendeak publizitatea euskaraz egitea. Ekarpen horiek mahai gainean jarri behar dira. Hori beste inork ez du lortu.

“Herri aldizkari gabe beste modu batean egongo ginateke”

Baina papera krisian dago eta digitala kudeatzen zaila da.

Gizartearen ibilbidea paperaren kontra doa eta digitalizazioaren alde. Baina digitalizazioa, baliabide aldetik, arazoa da eta, beste alde batetik, komunitatea trinkotzeko erronka handia. Saiakera asko egin dira baina oraindik, salbuespenak salbuespen, tekla hori ez da behar den moduan ikutu. Oso baliotsuak izan dira eta dira herri aldizkariak. Herri aldizkari gabe beste modu batean egongo ginateke gaur egun.

Bilboko Udalak zein erantzukizun du euskararen normalkuntzan?

Udalak ez du lortu hogeitaka urte luzetan eredu izaten. Gizarteari begirako gauza batzuk egin ditu, baina etxea garbitu barik espaloia garbitzera joan da. Hizkuntza eskubideak urratzen dira egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Oso deigarria iruditu zait beti eta, konparazioak gorrotagarriak dira, baina Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan 15 langile daude. Bilbokoan, ejem, horrek dakarrenarekin. Bilboko Udalak badu erantzukizun bat.

Eta elkarteek?

Hamaika ahalegin eta hamaika txiringito. Getxon, Gasteizen edota Iruñean euskararen aldeko herri mugimendua askoz ere indartsuago dago gaur egun Bilbon baino. Nahiz eta hiru hiri horiek oso auzo markatuak izan, euskararen aldeko mugimendua bateratuta dago. Bilbon, ostera, auzoetan antolatzearen aldeko hautua egin da. Eta uste dut horrek hein batean Bilbo osoan eragiteko zailtasuna ekarri diela elkarteei. Auzotartasun horregatik. Horrek zer pentsatua ematen du.

Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”

Euskararekiko arreta aisialdian jarri behar dela diozu. Zergatik?

Ume eta gazteekiko gainditu ez dugun axiomatik dator. Euskaraz ikasiko dutenez, euskara erabiliko dute axiomatik. Hori honezkero gainditu beharreako da. Potentzialitatea badute, baina potentzialitatetik garapenera pauso bat dago. Uste dut, era berean arreta gutxi jarri zaiola aisialdiari eta horretan eragin behar dugula. Hutsune nabarmenetakoa da. XXI. mendean denok gaude ikus-entzunezkoen munduan sartuta. Filmak direla, serieak direla, baina baita Facebookeko memeak eta TikTokeko bideoak, eta hor badago mugitu beharreko errota.

“Bilboko Udalak ez du lortu hogeitaka urte luzetan eredu izaten”

Euskara elkarteetan dagoen nekea ere aipagai duzu. Nondik dator?

Nekea egon badago eta neke hori ez da euskara elkarteena bakarrik. Herri mugimendu osoarena da eta euskararen aldeko mugimendu osoarena dudarik gabe. Uste dut elkarteak sortu ziren garaiko antolaketa eta egiteko moduagatik datorrela neke hori. Profesionalizazioaren aldeko apustua egin zuten elkarte askok, eta eredu hori zelanbaiteko krisian dago, ez profesionalizazioa txarra izan delako, profesionalizazioak mugimenduaren ahuldadea ekarri duelako baizik.

Nekeari, zelan aurre egin?

Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute. Euskaldunen komunitatea trinkotzea da helburua. Baina inork ez du definitu hori. Helburu lauso batek aurrera egiteko balio du, baina zehaztasun batzuk izateak lagun dezake. Aurrera begirako ikuspegi zehatzagoa behar dute elkarteek. Adibidez, Deustualdean Berbaizuk 20 urtera lortu nahi du hau, hau eta hau.

Zein etorkizun dute euskara elkarteek?

Etorkizunari begira euskara elkarteek gauza asko egin behar dute. Esaterako, lekuko aldaketaren erronkari heldu behar diote. Era berean, antolaketa modu malguagoak behar dituzte eta militantziaren zentzua berreskuratu behar dute.

Militantzia berreskuratu?

Euskara elkarteetan militatzeak zeozer eman behar dio zure bizitzari. Zer? Satisfazio batzuk behintzat.

Korrika eta Euskaraldiarekin, 2022a inflexio urtea izan daiteke euskararentzat?

Espero dezagun, baina itxaropena baino ez da. Korrika eta Euskaraldia asko maite ditut baina 15 egun irauten dute eta bi urtean behin ospatzen dira. Esperantza larregi jartzen dugu kanpainetan. Uste dut egunerokoari behatu behar diogula ohi baino gehiago, hor dago benetako erronka. Mahai gainean ukabilkada emateko urtea da hau, baita bestelako ilusioak sorrarazteko gure jendearen artean, ze hori ere behar dugu. Baina benetako inflexio-punturako bestelako torloju buelta bat eman behar diogu egunerokoari.

Torloju buelta hori, noizko?

2022 urtearen hasieran baino ez gaude, ikusiko dugu.

Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”  

SAKONEAN

Militantzia osoa euskara elkartean egin dut”

Mila gairen artean, euskara elkarteak aukeratu dituzu doktorego tesia egiteko. Zergatik?

Duela 20 urte Derion gazte batzuk batu ginen jai giroan. 2003an Tximintx euskara elkartea sortu genuen. Hizkuntzaren inguruko jakintza falta genuen. Orduan hasi nintzen soziolinguistika ikastaroak egiten, euskara biziberritzeko formakuntzan. Militantzia osoa euskara elkartean egin dut. Unibertsitatera bueltatu nintzen eta matrikulatu orduko tesiaren gaia erabakita neukan.

Lortu duzu zure helburua?

Asmo nagusia euskara elkarteen eragina neurtzea zen, baina hein batean hurbilpen bat da. Oso gutxi ikertu dira euskara elkarteak. Oso elkarte gutxik dauka eginda bere buruaren gaineko hausnarketa, bere historia jasota edota sistematizatuta, esaterako, zer lortu duten eta zer ez. Zentzu horretan, hasierako asmoa urardotuta geratu da.

Zergatik dago hain interes gutxi euskara elkarteengan?

Unibertsitatean ez dago ikasketarik. Dagoen bakarra lehengo Euskal Filologia da. Ez dago ikerketa talderik. Nire moduko txanpinoi bat etorri behar da, gaia azalerazi eta zelanbait ikertzen hasteko.

Txerra Rodriguez  Txerra Rodriguez  Txerra Rodriguez

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Txerra Rodriguez: “Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute””-ri buruz

  • josu naberan 2022-03-20 16:53

    Txerra Deriotar hori,

    Unibertsitatean ez dago ikerketarik. Halaxe dok.

    Ez dago lehen hainako euskal militantziarik. Halaxe dok
    Euskalduen komunitatea trinkotzea helburu. Halaxe, ados.

    Ea 2022an inflexio-punrua… Ados.

    Ez da aski Kanpainekin- Halaxe, Lagungarri dituk, baina ez aski.

    Planteamendu sakonagoa behar da. Halaxe dok. Dagoenarekin ez da nahikoa.

    Bestelako ildorik ez d definitu… Ez dok hala!

    2022-KULTURGINTZA plangintza zehatza definitu diagu, ZUZEU hementxe barton.

    Ateak jo ditiagu… harik eta…

    SORTUko Kultur Eragileak interesatu diren arte, duela gutxi.

    Hiri ere gauza bera: konekta ezak horiekin: Ibon Arburu, Pello Otxandiano… Dei egiezu, ea erantzuten badiate egiaztatzeko, sikeran,

    Inor higiarazi nahi badiagu, jar gaitezen elkarrekin kontaktuan. Lehenbizi, SARE DIGITALETIK hasita behitzat.

  • Erantzun hau aipatzeko modukoa iruditu zait:
    “Euskararekiko arreta aisialdian jarri behar dela diozu. Zergatik?
    Ume eta gazteekiko gainditu ez dugun axiomatik dator. Euskaraz ikasiko dutenez, euskara erabiliko dute axiomatik. Hori honezkero gainditu beharreako da. Potentzialitatea badute, baina potentzialitatetik garapenera pauso bat dago”
    Pauso handia dagoela esango nuke. Euskaraz jakitea ez da erabiltzeko nahikoa. Euskara erabii ahal izateko zenbait baldintza eman behar dira: hiztunak euskara, gutxienez, erdara bezain ondo menperatu behar du (militante porrokatua ez bada behintzat). Solaskide guztiek euskaraz jakin behar dute (bakarra nahikoa baita denak erdarara lerratzeko). Euskararekiko jarrera baikorra behar du izan…
    Bada, ikastetxe gehienetan haur etxetik euskaldunak sistematikoki banatuak dira, euskaraz jarduteko aukera errotik moztuz. D ereduan hori, berdin ikastetxe “publikoetan”, pribatuetan edo herri-ekimeneko ikastoletan. Haur horiek automatikoki euskarari ihes egin eta erdara besarkatu beste erremediorik ez dute izaten. Gehienak erdal hiztun bilakatzen dira horrela betiko.
    Zein dira ikastetxeek horrela jokatzearen onurak?
    Nola (arraio) egingo dute haurrek euskaraz baldintza horietan?

  • Ikastolara euskaldun igorri eta bi ilabeteren orduko erdaldun peto-petoa itzuli. Hori da gertatzen ari dena.
    Ezagutzen ditut Iruñean erdal eredura joan direnak D eredura joan direnak baino askoz hobeki mintzo direnak euskaraz. Etxean gurasoekin ikasi dutenak.
    Hau dut beste froga bat D eredua frakaso bat izan dela baieztatzeko.
    Non dago herri honetan autokritika? Non daude pedagigiako “aditu” horiek? Isilik, badaezpada, herriaren aitzinean isilik eta beren lotsariak estaliz