Txantxangorria Amazonian laster
Zer ikusi, hura ikasi. Arrakasta itzela dauka El Conquistador programak. Ikusiena da astelehenetan, primetime delakoan. Bururatu zitzaidan reality horretako hizkuntz portaera behatzea eta euskararen erabilera neurtzea. Ez dut inoiz realitya ikusten, eta EITB nahieran sartu nintzen informazio bila. Itxaropen handia nuen, ikusita parte-hartzaileen izenak ( Aitziber, Olatz, Artzai, Txapela, Ainhoa, Maialen…) eta bizilekuak (Zaratamo, Azpeitia, Andoain, Oiartzun, Hernani…). Denak dira gazteak eta itxura jatorrekoak. Espero zitekeen, beraz, gazteen %35k baino gehiagok noizbait jardutea euskaraz programan. Izan ere, Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEn, gazteen %22k erdara beste edo gehiago erabiltzen du euskara, eta beste % 13k erdara baino gutxiago, baina, noizbehinka, erabili egiten du euskara.
Nahikoa izan ziren programaren lehen hamabost minutuak behaketa amaitzeko. Tarte horretan, inork ez zuen euskaraz berba egin. Hutsaren hurrengoa da euskararen erabilera realityan. Euskaraz entzundako hitz bakarrak “Egun on” eta “lasai” izan ziren. Proben jarraibideak erdaraz bakarrik ikusi nituen, nahiz eta gazte asko, eta baita aurkezlea bera ere, euskaldunak diren. Ikerketa soziolinguistikoa egiteko moduko egoera da realityan ikusten dena: labeleko gazte euskaldunak, txapela buruan eta ikurrina eskuan, erdara hutsean aritzen dira euren artean.
Elebakartasuna eta euskararen ukazioa, hori da ETBko El Conquistador reality ezagunak transmititzen duen hizkuntz eredua. Eraginkorra da horretan realitya. Hizkuntz eredu hori normala izango balitz bezala hedatzen du lau haizeetara: 500.000 ikusle, 31.000 jarraitzaile Facebooken, trending topic Twitterren. Arrazoi batzuk egongo dira horretarako, eta aitzakiak asko. Baina hori ez da, ez gure gizartearen isla, ez zabal onartuta eta adostuta dagoen hizkuntz portaera.
Patxi Baztarrikak eta Iñaki Martinez de Lunak azaldu dute oraintsu zer hizkuntz portaera babesten duen gizarteak: “euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea”, ados %87; “erdaldunek, euskara ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek elkarren artean euskaraz egitea”, %71 ados; “ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik”, 75% ados.
Elebakartasuna eta euskararen ukazioa ez da hemengo estiloa. Euskal gizarteak aniztasuna, berdintasuna eta errespetua lehenesten ditu, eta Europak ere bai. Oraintsu idatzi zuen Patxi Baztarrikak Europak “txartel gorria” atera ziola Espainiako Estatuari ez dituelako betetzen gaztelania ez diren bertako gainerako hizkuntzak babesteko eta sustatzeko konpromisoak, besteak beste hedabideetan. Txartel gorria eta lau partidako zigorra jar dakizkioke El Conquistador programari, baina horrek ez du ezer konponduko. Hona hemen hiru proposamen zehatz programaren hizkuntz eredua aro berrira egokitzeko: lehena, El Conquistador programak gizartean zabal adostutako hizkuntz portaerak sustatzea, besteak beste, euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, eta ez bata bestearen gainetik; bigarrena, parte-hartzaile euskaldunei zuzenduta, euren hizkuntzan: obarioak/potroak zintzurrean, ala? Euskaraz, ostia!; Azkena, batez ere euskal hiztunoi dagokiguna, agerian jartzea iraungitako hizkuntz portaera baztertzaileak, eta horiek aldatzeko elkarlana sustatzea. Aro berrian, jokabide berriak.
Agian ETB2 kateko programa izanda gazteleraz aritzeko eskatuko zieten, batzuk programa euskaldunetatik igaro dira “gu eta gutarrak”-eko partaideen kasu adibide baina han gazteleraz aritzen dira.
Horrela balitz, erraza litzateke konpontzea, eta gizarteari erakustea euskal eta erdal hiztunok elkar errespetatzen dugula, etxean, kalean, eta baita El Conquistadorren ere.
Agian ez, seguru. Gaztelaniaz eginarazten diete. Noizbait ikusi izan da, parte-hartzaile batzuk elkarrekin euskaraz, kamera hurbildu, eta erdarara pasatu direla.
Ikusi izan da, baita ere, talde batek beste bati irri egiten ziola, jarraibideak ematean: “Horiek gaztelaniaz ongi moldatzen ez direnez, ez dituzte jarraibideak ongi ulertuko! Kar-kar!”
Proposamenekin ados.
Kamara gerturatzearenak, arrazoi erraza dauka. Programako langileen %90a grabatzen duten herrialdeko izaten da, beraz kamerek galdetutakoan erdaraz egin behar izaten dute.
Kenian grabatuz gero, swahilia ikasi behar euren artean berba egiteko…
Elebakartasuna eta euskararen ukazioa, hori da ETBko El Conquistador reality ezagunak transmititzen duen hizkuntz eredua. diozu, Karmelo.
Eta arrazoi duzu. Baina hori baino okerragoa ere bada. Niri kostatzen zait ulertzea zer ikusten dion publikoak saioaren beraren formatuari, baina harira joatearren: ez da soilik ekoizleek parte hartzaileak erdaraz aritzera behartzen dutela. Aurrekoan kuriosidadez ikusten jarri, ta non egin nuen topo aurrez aurre duela oso gutxi arte ETB1eko ‘Gu ta gutarrak’ saioko bi parte hartzailerekin. ETBk berak harro asko iragarri zuen duela aste batzuk.
Hau da: ya ez da soilik lehiatzera doazen ‘kaleko euskaldun arrunten’ euskalduntasuna ukatu eta ezkutatzea. Ez. Orain publiko gazte euskalduna erakartzeko sortutako ‘zelebridade’ euskaldunen euskalduntasuna ere gutxiesten du ETBk, pertsonaje horiekin euskarazko katearen baitako ‘famoso’ zirkulu bat eraiki beharrean, izen apur bat hartzen dutenean hartu eta ETB2ra eraman, erdaraz aritzera…
Oso esanguratsua, zalantzarik gabe, gure telebista publikoari euskarak zer lehentasun duen ulertze aldera.
“Elebakartasuna eta euskararen ukazioa, dira erdaldun elebakar gehienen ezaugarri.
Eta horixe da ETBren portaera penagarria ere, kontutan izanik bere ikusentzule gehienak euskaldunak direla.
Gaizki pentsatzeko motiboak ematen ditu EiTBk: euskarazko katea, urtetako programazio gorabeheratsuaren ondorioaz, ia ikuslerik gabe ari da geratzen. Bertan, erdarazko saioak eskaintzen dituzte tarteka, lotsa gabe, eta ohikoa da erdaldunak bikoizketarik gabe agertzea hizketan bertan.
ETB2ra bideratu dute inbertsioaren zatirik handiena, eta bere ikusleek euskaraz tutik jakingo ez balute bezala jokatzen du kate erdaldunak, neurri sinesgaitzak hartzeraino, zeuk ekarritako adibidean bezala.
Esan gabe doa, etsigarria dela ikustea zein modu “naturalean” onartzen duten egoera triste hau euskaldun eta euskaltzale gehienek ere.
hori da ETBko El Conquistador reality ezagunak transmititzen duen hizkuntz eredua. Eraginkorra da horretan realitya. Hizkuntz eredu hori normala izango balitz bezala hedatzen du lau haizeetara .. Baina hori ez da, ez gure gizartearen isla, ez zabal onartuta eta adostuta dagoen hizkuntz portaera.”
Azken esaldiarekin ez nator bat. Gauza bat da inkestatzaileei eta zer erantzuten zaien, eta oso besterik da jendearen portaera erreala. Ez da kasuakitatez euskaldun gehienek euskara ezkutatu izana ugazaba erdaldunen aurrean…
Uneotan, Los Panchos-en emanaldia ari dira ematen ETB1en. Horra Iturberen taldearen beste aldredeskeria bat.
Bilbon bizi naiz eta oso ondo ezagutzen dut bertora bizitzera etorritako hainbat euskaldunen jokaera linguistikoa (ez dira guztiak, zorionez). Bilbora etorritako azpeitiar, bermeotar, ondarrutar nahiz dimoztar gazte modu batek ahal denik eta gehien ezkutatzen du bere euskalduntasuna, kuadrilarekin edo lagunartearekin trabarik ez sortzearren. Horrek erakusten du euskalduna, oro har, ez dagoela ahaldunduta, orain esaten den moduan, bere euskalduntasunaz erdal-tsunamiari aurre egiteko. Hori , oraindik ere, traumatikoegi zaio, ez baitu behar duen masa kritikoa topatzen, aterpea eskainiko diona, leku eta giro oso jakin batzuetatik kanpo. Hau da, euskara oso guaya da, betiere plano sinbolikotik ateratzen ez bada. Milioiko galdera da nola apurtu daitekeen armiarma-sare hori (diglosia) eta nondik aterako diren inertziaren apurtzaile-heroi izango diren milaka euskaldun horiek. Honetan guztian telebista kalearen ispilu baino ez da.
Honetan guztian telebista kalearen ispilu baino gehiago da: portaera irakasle ere bada. Sumisioan hezten ditu euskaldunak, eta supremazismoan erdaldunak, modu aktiboan.
Programaziotik hasita: zaborra (bilbainadak, umore mutua, saloi dantzak, triki maratoiak…), ETB1ean, saiorik.
Inkestaren erantzunak ETBk egiten duena da, hau da gauz baten alde azaldu , benetan kontra zaudenean.
“Euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea”, ados %87?
Elebakarrak ez badu ikasi nahi ezin diozu euskaraz egin, beraz ezin da hortan ados egon ta gero euskara ez ikasteko eskubidea aldarrikatu. Ta euskaldun kopurua %35 bueltan baldin badago ta euskaldun mordo ez dutenean hori petsatzen, nolatan pentsatuko dute hori elebakarrek?
Beraz erantzun hoiek gezurrak ziran edo galdera ez zegon ondo egina edo ez zuten ulertu.
“erdaldunek, euskara ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek elkarren artean euskaraz egitea”, %71 ados?
Horrela jarduten dutenak badakite gezur hutsa dela, 3 pertsona hizketan baldin badaude, 2 euskaldun ta elebakar bat, euskaldunak beraien artean euskaraz aritzen badira, elebakarrak ez du onartuko, ta ezer erraten ez badu (arraroa litzateke), ez du erran nahi onartzen duenik.
Ta hori 3 pertsona jarri ditudala, ze talde askoz haundiagoekin ere berdin gertatzen da,
Ta askotan euskalduna da kexatzen dana gazteleradunek ez dutelako ulertzen.
Ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik”, 75% ados?
Euskara ez dakitenen gehienak ez badute ikasi nahi, ezinezkoa da %75a horren alde egotea.
Beraz ETBk egiten duen antzera, gauz bat erran, beste bat pentsatu ta egiten den bitartean.
Maialen Lujabioak esanikoa entzun daiteke hemen: http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/3826372/maialen-lujanbio-faktoria-euskadi-irratia-mundua-delakoan/
Programa ETB2koa da, eta erdaraz hitz egitera behartuta daude. Arazoa da zergatik EITBk jartzen dituen indar guztiak erdarazko programazioan, aldi berean euskarazkoa deskuidatzen duen bitartean. Gaztea Irratian ere jo eta su aritu dira Conquistador promozionatzen, euskal gazteak erdarazko telebistarantz bultzatzen. Ordu berean ez al dago euskarazko eskaintzarik? A, bai, noski, Los Panchosen kontzertua…
Erdaraz egitera behartzen ditu euskaldunak, katalanak ez ostera, ETB2k. Ez dago horretara behartuta. Aukera hori egin du. Eta are lotsagarriagoa dena: bere ikusentzule gehienak euskaldunak dira!
EITBren eredua erabat diglosikoa da, alegia, Francoren diktadurako hizkuntza-eredua funtsean, medikura, abokatura, udaletxera, jendaurrera lotsati, burumakur eta marmarti hurbiltzen den euskaldunaren eredua. Bizpahiru hizkuntza elkarrekin (ezagutza-maila desberdinekin bada ere) bizi diren Euskal Herriaren paradigmak ez dauka tokirik, berdin Conquisean, euskara elementu pintoresko bat da, exotismo bat da, Amazonas bezalakoa.