Sautrela 431: Iñaki Petxarroman, Martin Larralde (1) eta Izuen gordelekuetan barrena

Sautrela 431: Iñaki Petxarroman, Martin Larralde (1) eta Izuen gordelekuetan barrena

Iñaki Petxarroman kazetaria izango dugu zapatu honetako Sautrelan. Aurrez hainbat narrazio lan egin eta azken boladan saiakera artean ibili ostean, bere lehendabiziko eleberriaz mintzatuko zaigu Petxarroman, Kearen fiordoa nobelaz. Euskal baleazaleek 1615ean Islandian jasandako sarraskia kontatzen du liburuak. Kontakizuna fikzionatua den arren, Petxarromanen kazetaritza sena argiki erakusten du lanak: datuak, toponimoak, egiazko pertsonaiak eta egiazko gertakarien dokumentazio lan handia igartzen dira liburuan. Gertakari historikoei abentura dosia jarri die Petxarromanek.

Erreportajeak forma berezia izango du datozen bi saioetan. Atal bitan banatutako kontakizunean, Martin Larralde Bordaxuri zenari erreparatuko diogu. Larralderi buruz egin dira bertsoak, konposatu dira kantuak, idatzi dira poemak. Bada, hasi Hazparnetik, pasa Senperetik eta Gasteizen bukatuta, bertsolari galerianoaren bizitza eta geroztik egindako adierazpen kulturalak izango ditugu aipagai bi ataletan. Ez dira hazpandarrak, Pantxoa eta Peio edota Ruper Ordorika faltako.

Juan Luis Zabalak Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena poesia liburua ekarriko digu. Maiz esan izan da bere ibilbide literarioa liburu honekin markatu zuela idazleak. 1980an R.M. Azkue saria irabazi zuen. Idatzi eta argitaratu bitartean, baina, atxilotu egin zuten Sarrionandia. 1981ean ikusi zuen liburuak argia.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Petxarroman

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen
Sautrela 431: Iñaki Petxarroman, Martin Larralde (1) eta Izuen gordelekuetan barrena
ETB1, literatura, Sautrela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude