Trebiñu, lau haizeetara
Trebiñu, lau haizeetara
Trebiñuko Konderrian dagoen Argantzon herriko ikastola ixtear omen dago, lagun batek helarazi didan berri baten arabera. Arrazoia: matrikulaziorik eza. Gertakariaren berri emateko – eta egun Burgosi kateatuta dagoen enklabean euskara indartzeko deia eginez – Twitterren berria zabaldu nuen. Argantzongo Udala aipatzea ere egoki iruditu zitzaidan, eta berorren webgunean sartu ondoren bere Twitter kontua harrapatzeko, orduan hartu nuen ere lerro hauek idazteko parada, topatu nuenagatik lur jota.
Argantzongo Udalaren webgunea gaztelera hutsean zegoen. Nik ez dakit – ez naiz inor – udal horri euskara nola kudeatu behar duen eskatzeko. Baina suposatzen dut ikastola mantentzeko ardura izatekotan – Eusko Jaurlaritzarekin kontzertatu ei zuena – gure hizkuntza zaharrari instituzioetan leku egin beharko liokeela, eta bertoko herritarrei udal zerbitzuak euskaraz ere eskaini.
Bigarren harridura, webgunean handi eta garbi ikusi daitekeela Burgosko Diputazioaren ikurra, gunea ordaindu duena. Nire zalantzak, handiagoak: Gaztelakoa izan nahi ez omen duen udalerriak, eta gainera ikastola bat eduki nahi duenak, Gaztelako hizkuntzan bakarrik jartzen ditu zerbitzu publikoak herritarren eskura, eta Gaztelako probintzia-amaren ikurra handi-handi erakusten, Arabako Foru Aldundiak Trebiñurekin duen konpromisoa gutxi balitz (Aldundiak “zortzigarren koadrilla” bezala tratatzeko ardura hartu zuen), bertoko Udalak Burgosen laguntza behar izan baitu 400 biztanle pasatxoko herri baten web ataria ordaintzeko. Jokaldi bikaina, lau haizeetara.
Suposatzen dut tokiko udalbatzak baduela ardura udalerriaren nortasuna definitzeko. Arabarrak nahi badute izan, aski zuten webgunea Foru Aldundiarekin kontzertatzea, eta elebidun egitea. Halaber, jasoko zuten beragandik ikastola mantentzekorik. Kontrara, Burgosen gustura badaude, ezin ulertu zertan nahi duten ikastola, Aitorren hizkuntzak Argantzonen duen presentzia hutsaren hurrengoa bada. Eta Burgosek merke-merke jarriko lieke, noski, eskola espainol peto-petoa. Erabakitzen duten bitartean, lerro hauetatik nire pena ikastolarik gabe geratuko diten ikasle eta gurasoei.
Arratsalde on. Zuzenketatxo batzuk artikuluaren harira:
1-. “Trebiñuko Konderrian dagoen Argantzon herriko ikastola ixtear omen dago, lagun batek helarazi didan berri baten arabera. Arrazoia: matrikulaziorik eza”. Ez da zuzena, Argantzon Ikastola ez dago ixtear, arazo larriak dituzte, bai, baina ez matrikulazio ezagatik baizik eta Eusko Jaurlaritzak bere garaian agindutako dirulaguntzak murriztu egin dituelako. Hortaz, irakasleek eta gurasoek sekulako esfortsua egiten ari dira ikastola aurrera ateratzeko. Are gehiago, irailetik aurrera Lehen Hezkuntza ere eskainiko du Argantzon Ikastolak, Manzanos herrian (Araba ofizialean). Eta ez dira Trebiñutik aterako nahita, baizik eta proiektuari jarraipena emateko eta finantzazioa egonkortzeko.
Informazio gehiago: http://alea.eus/araba/1484816929570
2-. “Arabarrak nahi badute izan, aski zuten webgunea Foru Aldundiarekin kontzertatzea, eta elebidun egitea”. Arabarrak DIRA, horretan ez izan zalantzarik. Beste gauza bat da aipatzen duzun “kontzertazio” hori egitea posible den edo ez; webgunearekin bezala beste hainbat gairekin dituzte arazoak: euskara sustatzeko, osasun harreta egokia izateko, garraio publikorako… izan ere Gaztela-Leon eta Burgosko instituzioek ahal dituzten traba guztiak jartzen dizkiete Trebiñuko eta Argantzungo udalei Arabarekin duten berezko harremanari eusteko. Eusko Jaurlaritzaren aldetik ahalegin falta nabaria dago.
Eta azkenik, esan behar dizut artikulu benetan mingarria iruditu zaidala, ezjakintasunetik eginda, eta iraintzeko asmoarekin gainera. Uste dut ondo etorriko zitzaizula webguneak eta twitterrak begiratzea baino, Argantzon Ikastolatik buelta bat ematea, Trebiñuko euskara teknikariarekin hitz egitea eta bertako errealitatea gertutik ezagutzeko ahalegina egitea berriro Trebiñuri buruz idatzi aurretik.
Adeitasunez, añanar bat.