EAEko matrikulazio sistemak ezberdintasun sozialak sustatzen ditu (steilas)

EAEko matrikulazio sistemak ezberdintasun sozialak sustatzen ditu

Matrikulatzeko garaia den sasoi honetan, steilas-ek matrikulazio sistemaren eta ezberdintasun sozialen inguruan plazaratutako hausnarketa dakargu salabardora.

EAEko matrikulazio sistemak ezberdintasun sozialak sustatzen dituIkasleak matrikulatzeko garaia dugu hauxe Euskal Autonomia Erkidegoan, hala zentro publikoetan nola pribatu-itunpeko zentroetan.

Eusko Jaurlaritzak matrikulazio-prozesua baliatzen du herritarren arteko aldeak areagotzeko eta berdintasunik gabeko jendarte bat sustatzeko. Salaketa benetan larria dirudi horrek eta matrikulazio-prozesuak, berriz, ez dirudi hain gai presazkoa. Baina lehen urrats horretan, hots, geure seme-alabak hemengo eskola honetan edo beste hartan matrikulatu nahi ditugunean, orduantxe agertzen da estreina halako pribilegio-sistema bat, eskola pribatu-itunpekoak babesten dituena eta eskola publikoa, berriz, bigarren mailan uzten. Giza eskubideen adierazpen unibertsala, konstituzio liberalak eta ordenamendu juridikoa berdintasunaren printzipioan oinarritzen dira denak, hortaz, norbaitek azalduko al digu nola lortuko dugun berdintasunezko jendarte bat, baldin eta eskola-sistemak ikasleak bereizten baditu beren egoera sozioekonomikoaren arabera?

Eusko Jaurlaritzaren Heziberri 2020 hezkuntza-proiektuko dekretuek hauxe diote, hitzez hitz: “aukera-berdintasunerako bermea da Haur Hezkuntza, inolako diskriminaziorik egiten ez duena ezaugarri pertsonalengatik, nortasun kulturalarengatik, genero-nortasunagatik edo sexu-joera eta -nortasunarengatik. Izan ere, diferentzia ekonomikoak, sozialak, hizkuntzazkoak, kulturalak eta pertsonalak gainditzea da haren xedeetako bat.

Dekretuaren artikuluek eurek baliogabetzen dute goian esandakoaren edukia; hitz hutsak baino ez dira. Horregatik, steilasek zera eskatzen dio Cristina Uriarteri (Hezkuntza sailburua): ez baldin badu bere legea bete behar, bada, alda dezala, edo, bestela, erantzi dezala kareta.

EAJ eta PSE: ezin duzue hitz egin aukera-berdintasunaz ez eta diferentziak gainditzeaz. Joan al zarete noizbait geure hirietako eskola pribaturen batera? Bai, seguru asko. Ez dira asko beren seme-alabak eskola publikora eramaten dituzten zuen alderdietako agintariak. Xehetasun bati erreparatu diezaiozuen gomendatzen dizuegu, akaso ez zarete-eta horretaz konturatu: euskal eskola pribatu-itunpekoetan, ikasle gehien-gehienak maila sozial ertain-altukoak dira, eta, noski, euskal fenotipoaren jabe, azal zurikoak eta jatorri ezberdina markatzen duen inongo seinalerik gabeak. Donald Trump bera harro egongo litzateke lortu duzuen horrekin.

Halako segregazio-sistema batek eskola publiko jakin batzuetan pilatzen ditu zailtasun ekonomiko handienak dauzkaten ikasleak, eta, gainera, ez dizkie ematen behar adina baliabide; halako sistema bati eusteko, ezinbestekoa da matrikulazioprozesuak lagun dezala eskola pribatu-itunpekoen pribilegioak gordetzen. Pobrea bazara, inongo bermerik eskaintzen ez duen matrikulazio-sistema horrek zuzenean bideratzen zaitu sare publikora. Euskal Herria, 2017ko otsailak 7

Cristina Uriarte andrea, zure legearen arabera “Haur Hezkuntzak” ez du “inolako diskriminaziorik egiten (…) nortasun kulturalarengatik” eta “diferentzia ekonomikoak, sozialak, hizkuntzazkoak, kulturalak eta pertsonalak gainditzea da haren xedeetako bat”; orduan, azaldu mesedez honako hauek:

  • Gurearen moduko familia bat iristen denean gure eskola-sistemara, hots, Euskal Herriko bi hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituen familia bat, zergatik bideratzen dira familia horretako seme-alabak, arauz, sare publikora, eta ez daukate aukerarik itunpeko eskola batera joateko?
  • Itunpeko eskolek ordaindu ezin ditugun kuotak ipintzen dituzte bi urteko gelan eta, hala, gu matrikulatzea eragozte duten, eta, gero, esaten digute 3 urteko gelan ez dagoela tokirik. Zergatik?
  • Zergatik ipintzen dizkigute oztopoak itunpeko sarean, esanez eskola erlijiosoa dela eta ez garela gustura egongo, edo hobeto egongo ginatekeela geure herrialdeko jendea dagoen eskola batean?
  • Zergatik dago oraindik martxan sare pribatu-itunpeko bat, bi finantzazio-iturri jasotzen dituena, inongo kontrol publikorik gabe? Sare pribatu-itunpekoari diru publikoa ematerakoan zergatik ez da kontuan hartzen zer-nolako konpromisoa duten eskola horiek kohesio sozialarekin?
  • Zergatik gara, oraindik ere, sare publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean ipintzen ez duen Europako herrialde bakarra?

Gaur egun indarrean den matrikulazio-sistema galbahe bat da: halako moduan diseinatua dago, non zentro pribatuak eta publikoak lehiatzen diren tokian, “txitxirio ilunak” hezkuntza-sistemaren alde batean dauden, eta “txitxirio zuriak”, berriz, beste aldean. Zoritxarrez, hori ez da metafora huts bat, errealitatea baizik. Benetako apustua egingo badugu diferentziak orekatuko dituen hezkuntza-sistema baten alde, bada, orduan, matrikulazio-bulego bakar bat ireki behar da, kontuak emateko eskatu behar zaie zentro pribatu-itunpekoei, kontrol-mekanismo errealak ezarri behar dira, pribilegioak ezabatu, eta alde batera utzi matrikulazio-eredu hau, diferentziak betikotzen eta sustatzen baititu. Zentzu horretan, steilasek eskatzen du indarrean den araudia bete dadila: hezkuntza doakoa, aukera-berdintasuna eta laikotasun eskubidea.

steilas.eus/matrikulazioa-EAE-eus.pdf

EAEko matrikulazio sistemak ezberdintasun sozialak sustatzen ditu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “EAEko matrikulazio sistemak ezberdintasun sozialak sustatzen ditu (steilas)”-ri buruz

  • Eskola pribatu eta sasi pribatuei diru laguntzak ematen zaizkie ia inolako kontrol eta bermerik jaso gabe, zergatik??? Eta eskola horiek laguntza edo kohesio sozialarekin duten konpromezua? Zero. Neure esperientziaren arabera itxura egiteko ez besterik…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude