Talibanen balak

Atera da eguzkia, argitu dira kaleak. Gogo handirik gabe agian, baina ondarrutarrek ekin diote egunari. Kafea hartu eta atera dira nor bere lantokira, ikastetxera, dendara, pasian aritzera. Kaleak, baina, ez daude atzo utzi zituzten bezala. “Nire gorputzak eztau bir zure iritzirik!” dio pareta batek. “Nahidotelako etxendot dantzan ez zu berotzeko!“, erantzun dio beste batek. Ezerosoago sentiarazi ditu herritar batzuk hirugarren paretak: “Posti jozu neuri beire beire jutearren? Jodiu!“. Oihuka dabil laugarrena: “Zure piropo zikiñak larrixe besteik eztozte emoten!“. Bide beretik bosgarrena: “Beste behin guapa diar eñ eta ostikari emongotzut ahuan“. Aldarria, amorrua, oihua. “Aski da!” more eta ozen bat emakumeen eskubideak etengabe urratzen diren tokian: plazan. Egonen zen poztuko zenik, baita margoketei kasurik egin ez zionik ere: “beste bat”.Batzuei irria aterako zioten ahoan, beste batzuei, aitzitik, ozpina mingainean.

“Ezin dut piroporik bota ala?”. Hasi da mezua desbideratzen. Ez daude eroso, paretak bortizki oihukatzen duenak min ematen die. Ondoren hasi dira egileen aurka. Oinarrian dagoen mezuari ezin diote erantzun, beraz, “ni ez naiz matxista baina…” esaldi komodinarekin desitxuratuko dute sakoneko eztabaida. Eta piropoan geratu dira asko eta asko. Herriko kaleetan, sare sozialetan, eta baita irrati publikoetako eztabaidetan ere. Egileak saiatu dira mezua azaltzen. Alferrik da. Ez dago aditu nahi ez duena baino gorragorik. Paretetako pintadak balak dira. Zuzenean jotzera doazen balak. Hala da. Mezu labur, zuzen eta argi bat. Harrigarria bada hobe. Burutsua? ederki. Helburua: eztabaida eta gogoeta. Hala, beti ez dira mezu alai eta politak izanen. Ezin dira izan, egoera gordinek mezu bortitzak eskatzen dituzte batzuetan, kontzientziak piztuko dituzten garrasiak.

Ondarroakoak hala ziren. Dudarik ez. Herritar batzuk ezeroso ziren margo horiek islatzen zuten errealitatearen aurrean. Ez da xamurra gure gizartea patriarkala dela onartzea, gure jarrera batzuk matxistak direla ohartzea. Ez da erosoa, ez.

Halako batean, Iruñean, atera dute pankarta bat. Oihu bat, garrasi bat. Bala bat. Eta baten bat zauritu egin du balak, eta asko izan dira deseroso sentitu direnak. Beste batzuek, mezua irakurri, eta zerbaitek buruan klixk! egin die. Gogoeta eta eztabaida mahai gainean. Baina Ondarroan bezala, desbideratu egin da gaia. “Erdaraz barra-barra, abertzale kaxkarra” zioen Euskal Herrian Euskaraz eragilearen mezuak. Lehenago ere Segi erakundeak erabili izan zuen euskararen aldeko kanpainetan, modu argigarri eta zuzenagoan, Espainiako banderadun mihia ageri baitzen pegatina haietan. Iraina omen erdaraz aritu nahi dutenen aurka. Pulpitutik ari omen dira EHEko kideak, lezio moralak ematen dituzte, abertzaletasunaren termometroan goia jotzen dute, zokoratu egin dituzte erdaldunak, euskal talibanak dira.

Euskal talibana

Eta halaxe, berriz ere, eztabaidaren muina lausotu egin da, desagertu. Ezeroso sentitzen denak hori baitu biderik errazena. Balak jo ez dezan, mira beste aldera apuntatzen jartzea.

BARDO GORRI NAFARRA