Talibana ei naiz

Talibana ei naiz –

Seme nagusia erdaraz egiten harrapatu dut gaur, plazan, bera baino pare bat urte zaharragoa den beste ume euskaldun batekin. Eta nik, goxo eta amultsu, beragana hurbildu eta zera esan diot: “Badakik, seme, euskaldunon artean euskaraz egin ohi diagu”. Ulertu eta atoan hasi da, jarraitu dute, euskaraz egiten. Orain arte ez dut uste halakorik egin duenik, baina, urteetan gora doazela, errazagoa da erdarara jauzi egitea, antza, beste guraso batzuek esan didatenez.

Bada, kontua da, hori esan diodanean, inguruan zebilen beste guraso batek entzun eta zera esan didala, erdaraz ere egin behar dutela gure seme-alabek, gurasoon garaiko bereizkeriatan ez dutela zertan parte hartu eta, nolabait, berdintasunean jaso, onartu eta garatu behar dituztela euren hizkuntzak, euskara eta gaztelania. Nik, birritan pentsatu barik, zera ihardetsi diot berehala, berdintasunez jardutekotan, lehenengoz, berrogei bat urteko jazarpena egin beharko litzaiokeela gaztelaniari, eta, behin euskararekin parra eginda, orduantxe hasi beharko genukeela berdintasunez jokatzen; bitartean, berdinkeria baino ez litzatekeela. Berak irribarre batez onartu du nire iruzkina, eta hortxe amaitu da bion arteko solasa.

Ez dut askorik ezagutzen guraso hori. Egia esanda, beraren izenik ere ez dakit. Zorioneko plaza honetan ere ibiltzen dela besterik ez dakit, bere umeekin, eta, euskaraz dakien arren, erdaraz entzun izan diodala berbetan beste guraso batzuekin, ez behin edo birritan, askotxotan baizik. Ni baino dezente gazteagoa dela ere badakit, adin bertsuko umeak ditugun arren, eta nitaz zer pentsatuko zuen ere badakit, horretaz txintik ere esan ez didan arren; euskararen taliban hutsa naizela pentsatuko zuen, ziur naiz.

Talibana ei naiz

Talibana ei naiz

B E S T E N I A

13 pentsamendu “Talibana ei naiz”-ri buruz

  • Zu ez zara talibana. Bera da kolonizatuaren sindromea daukana zeren eta jasaten dugun genozidio eta etnozidio egoera honetan berdintasunataz hitzegiten duena edo ta kolonizatzaile edo kolonizaturen sindromea dauka.

  • euskaldun bat 2018-06-17 10:23

    Beste guraso horrek kolonizatuen sindromea du tamalez baina zuk ” orain talibana naizela pentsatuko du” pentsatu duzu eta horrek ere agian adieraz dezake zeu ere muga-mugan egon zaitezkeela. Pertsonen portaera animalien erreinuko zerbaitekin parekatzekotan, artaldea da gehien hurbiltzen zaiona. Baina beste gauza bat ere zehaztu nahi dizut. “Taliban” hitzari ezaugarri asko esleitu zaizkio eta guztiak txarrak. Baina hemendik 300 urtera eskolumeek Historia irakasgaian Afganistaneko talibanak nola ikusiko dituzte? Ba, bi inperio kaka hartzera bidali zituztenak bezala. Eta euskaldunak nola gogoratuko dituzte? Liburuetan agertu ere ez. Beraz, hobe genuke talibanen antza apur bat izango bagenu.

  • Berdinkerian eta sumisioan hezi gaituzte, eta doktrinatze horren ondorioak gero eta nabariagoak dira. Jaurlaritzak etengabe zabaltzen duen mantra faltsuak, euskaraz ala espainieraz jardutea aukera kntua besterik ez dela, egundoko kaltea egiten digu.
    Ez dago euskaraz jardun ala españolez jardun libre aukeratzeko modurik.
    Euskaraz jardutea aukeratzen duenak egundoko traba piloari egin beharko dio aurre, ume-umetatik, herri oraindik euskaldun urrietako batean bizi ez bada. Eta horietan ere, gero eta zailagoa gertatuko zaio euskaraz egin ahal izatea, hedabideen eta bestelako eragileen presio erdaltzalea tarteko.
    Hortik, plazan gerturatu zitzaizun aita “aukera librezale” bezalakoen jarrera. Normalean “aukera librezale” horiek españolpraktikanteak izan ohi dira (frantsespraktikanteak mugaz bestalde), eta sarri ez dira jakitun euskaraz bizitzen saiatzen garenok aurkitzen ditugun oztopo eta trabez.

  • Aizu, Zalo, eta nongo plazan gertatu da hori?

  • Puto kasurik ez tipo horri, Zaloa. Gure hizkuntzak aurrera egingo badu, zu bezalako askoren jarrerari esker izango da. Nik ere horrela egiten dut. Askok egiten dugu. Taliban bagara, ba hor konpon. Momentu honetan, erdararen talibanak ditugu gure herrian. Egun osoan erdaraz, ze astunak, ezta?

    Umeek naturaltasunez egiten ez badute, akabo.

  • Aupa, Hantxon:

    Bilbo inguruko udalerri bateko plazan izan da, konpromiso familiarrengatik sarritan joaten garen tokian. Baina non, zehazki, zein herritan, ez da garrantzitsua, nik uste. Nolabait, edozein plazatan gerta liteke halakorik, eta gertaera bera da kezkagarria, gero eta maizago gertatzen baita halakorik. Nik neuk egunero sumatzen ditut halakoak, baina berdin dio non: https://twitter.com/akaziaga/status/1007354065758703618

    OHAR GARRANTZITSUA: Inork ez dit “taliban” deitu. Kalifikatibo hori neuk jarri diot neure buruari interpretatu nahi izan dudan egoera bat deskribatzeko, besterik gabe. Inguruan, zorionez, oso jende edukatua izaten dut, baina faltsu samarra ere bai (euskararekiko kontuetan, behintzat).

    Segi bizkor!

  • “Taliban” gehiago behar dira Euskal Herrian, erdal eskualdetan ere lehen hitza beti euskaraz (batez ere gazteekin).

  • Eta gune euskaldunetan bebai, noski. Gazteei kultura eta aisi produktuak eskaini behar zaizkie eta udan giro euskaldunean murgildu. Baina kontuz hor, batzuetan giro euskaldunetara hainbeste erdalzale eramanda erdara kutsatzen da.

    Zalo, zu segi zeureari, besteei zure euskara kutsatuko diezulako, nola edo hala.

  • Euskara salbatuko bada, abizen, Rh eta bestelako txatxukerien gainetik, geure izaera ardazten duen hizkuntza, zu bezalakoen esfortzuarengatik izango da.
    Segi horrela eta jende eskasa bere horretan utzi, eskasean.
    Zaindu eta animo!

  • Alpargatero 2018-06-22 09:51

    Zuk deskribatu duzuna bezalako gurasoak ezagutu nituen nik ere parke-garaian (“bi hizkuntzak batera ikasten ari da, eta oso pozik nago”), eta gaur egun horien seme-alabak ez dira gauza ezta euskarazko elkarrizketa sinple bati eusteko ere, gurasoekin ere erdaraz barra-barra egiteko punturaino.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-06-22 10:14

    Zu euskalduna zara eta hura euskolonoa.

  • Guraso horrek eta mundu guztiak, edozein arlotan izanda ere, ahotan duen Berdintasun hori zera da: uniformizaziorako aitzaki ideologiko bat.

  • Atzo supermerkatuan, nire aurretik ama batek bere semeari. Ekarridazu hori, jada ekarri mesedez. Bai ama.
    Aita etorri ta amari. Estas estan bien? Si yo creo que si.
    Seme geldirik egon zaitez.
    Atzean nengoen ta pentsatu nuen. Aitak ez du euskararik jakingo.
    Bapatean buelta eman zuten ta gauz gutxi neramanez. Quieres pasar?
    Ta ni. Ez milesker, ez dut presarik. Ta aitak bapatean. Baina pasa lasai, ez zaigu inporta.

    Ta noski, umeek zer ikusten dute guraso hoiekin denbora oron? Gaztelania helduen hizkuntza dela ta euskara umeena. Beraz zuria ta botilan.