Zer da gure sukaldearen “euskal” hori?

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (1) –

2010eko urria Xolomo Sapiens

Pagotxa RZk

Aurreko egunetan sukalde tradizionala eta berriaren inguruan aritu ginen bezala, beste gai potolo bati heldu nahi diot gaur ere, seguru asko, orduan bezalaxe, inora ez iristeko. (Abilak gara porturik gabeko bidaietan abiatzen). Hara galdera: zer da egiazki “euskal” gure sukaldean? Zerk gorpuzten eta aldi berean mugatzen du gure sukaldearen izaera?

 

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori?
Alemaniarrek bai asmatu, SKLK, Creative Commons By SA

Urte batzuetatik hona dena da euskal eta dena da eusko gure artean: Euskal oiloa eta baita ere euskal okela edo euskalbogosferaEuskal Telebista, Euskaltube, Euskaltel, Euskalmet… Bakarrik fata zaizkigu euskalpetenerak.

Euskorekin, berdintsu edo gehiago gertatzen da: Euskotren, Euskotrans, Eusko Ikaskuntza, Euskonews, Euskomedia… Euskotarariketebi.

Izango da hainbeste urtean debekatu zitzaigulako baina gaur, errepideetako galipota ere izan daiteke euskal, edo patrikan daramazun muki zapia eusko. Zernahi.

Eta, nola ez ba, EUSKAL SUKALDARITZA ere hortxe dabil, deitura soila bainoago, marka handi bihurturik. Eta bere aldaera guztiak ere bai: EUSKAL SUKALDARITZA BERRIA, EUSKAL SUKALDARITZA TRADIZIONALA, EUSKAL SUKALDARITZA ABANGOARDIAKOA, EUSKAL SUKALDARITZA TEKNOEMOZIONALA…

Baina zer demontre da EUSKAL hori? Edo hobeto galdetuta, ausartzen al da norbait gure sukaldatzeko eretan edo emaitzetann, zer den benetan eta zer ez den EUSKAL esaten? Areago, geuk euskaldunok esan behar dugu hori ala kanpotik etorritako besteek esan behar digute, Franffurter Allgemeinekoek uda honetan bezala, denak txapela beraren azpian harrapatu gaituzten eran?

Gainera, sukaldaritzari dagokionean, EUSKAL SUKALDARITZA bakarra al da? Zenbat dira, bat, bi hiru, bost? Iparraldekoa ere EUSKAL al da? Eta Erriberakoa?

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (2) –

2010eko azaroa

Bo, bo, bo… non ginen? A bai, ezin genuen zehaztu zer den Euskal Sukaldaritzaren “euskal” hori edo, behintzat horretarako ditugun zailtasunak aitortu genituen lehenengo atalean. Jakina, “euskal” hori izan liteke sinpleki “hemen egiten dena” edo “guk egiten duguna”. Eta kito. Baina geuk sinetsiko al dugu benetan bi kontu horiek bakarrik mugatzen dutela gure “euskal” ditxosozkoa? Esate baterako, non geratzen dira “bertako produktuak”?

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori?
Zein da bidea?, Egizu, Creative Commons By SA

Azkenerako manikeo xamarra naizela pentsatuko duzu, eta ez dizut ezetzik esango, baina, funtsean buru-jolas bat baizik ez da hau guztia, eta pozgarri gertatzen da erantzun duzuenon hitza ezagutzea (Josemari, Bruno, Rubén, Gargantúa…).

Laburbilduz, horixe da agertu dena, espazioak eta subjektuak mugatzen dutela “euskal” edo dena delako hori. GUK eta HEMEN horiexek ditu muga berezkoak “euskal” sukaldaritzak. Eta produktuak? Non geratzen dira “gure” produktuak?

Denok ezagutzen ditugu sukaldari handiak ahoa betetzen zaienak gure produktuak loriatsuak direla esaterakoan: barazki, haragi, arrain, itsaski, gazta, lekari…. Denak ditugu munduko hoberenetakoak! Gure baserritar eta arrantzaleak bezalakorik ez dago munduan!

Ia jaki bakoitzarentzat badugu kofradia bat, bandera eta guzti, urtean behin bada ere, santuaren egunean, produktuaren gorazarre egiteko. Sekula halakorik! Batzuetan italiarrak dirudigu.

Beraz, lekua eta subjektuaren kontzeptuari, bertako produktuarena gehitu behar genioke, Hirutasun Santu moduko bat osatu eta batasun horrek “euskal” hori zehaz dezan, kontzeptua bere baitan harrapatuz. Izan ere, ez al diozu entzun sukaldari bati baino gehiagori, “gure produktuak gabe ez dago gure sukaldaritzarik”?

Bo, bo, bo. Manikeo xamar jarraitzeko, jolas txiki bat orain. Eta jolasaren barruan, bi plater sukaldatzeko proposamen zehatza.

  • Bat: Hartuko dugu Markinan hazitako ahate bat, eta buelta eta buelta egingo dugu haren gibela txapa gainean. Gesaltza-Añanako gatz larri apur bat egingo diogu, eta zerbitzatzeko orduan, izebaren baratzean bildutako aran pure txiki bat jarriko diogu ondoan.
  • Bi: Hartuko dugu Norvegiako bakailao on bat, eta gazgabetu ondoren, Jaengo oliotan egingo dugu pilpil eder batean.

Horixe da dena. Erraza , ez da? Bi platerak egin ditugu “hemen” eta bi platerak egin ditugu “geuk”. Baina lehenengoan, produktu guztiak “gureak” izan arren, Perigordeko plater bat sukaldatu dugu. Edo behintzat, “euskal” izena merezi ez duena.

Bigarrenean, ostera, produktu guztiak “kanpokoak” dira, baina “geure” plater bat egin dugu, geurerik baldin bada.

Bietatik zein da “euskal-agoa”, “jatorragoa”, “geureagoa”…?

Ala biak dira?

Non geratzen da “bertako produktuaren” baldintza?

(Ez al da polita hemen jarri dizugun jolas dialektikoa?)

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori?

Amatxoren altzoa utzi duzu eta abandonaturik sentitzen zara. Lasai, ez izutu, sukalde zintzo eta garbia, zopa eder bat, entsalada bikain bat, esneki goxo bat… horrelako gauza xume bezain zailak aurkituko dituzu PAGOTXA RZtegian. Etxean egiteko aproposak denak!