Saizarbitoria eta «euskerie»

Saizarbitoria eta «euskerie» –

Bilbo Zaharra euskaltegiak, urtero, ikasturtearen amaiera-aldera, euskal literaturako klasiko baten irakurraldi publikoa antolatzen du, eta, aurtengo saioan, Ramon Saizarbitoria idazle donostiarraren Martutene eleberriaren irakurraldi-maratoia egin zuten Bilboko Arriaga antzokian, ekainaren 8an. Astebete lehenago, Saizarbitoriak, Donostiatik Bilbora etorrita, prentsaurrekoa eman zuen saio hori aurkezteko eta, bide batez, Bilboko hiritarroi euskararen eta euskaldunon egoerarekiko bere kezken berri emateko.

Saizarbitoria eta «euskerie»
Irudia: Mikel Cornejo Larrañaga

Saizarbitoriaren kezkak arrazoizkoak dira. Dio «euskaldunon artean gaztelaniaz aritzeko tabua erortzen ari dela», «kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, geure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako». Eta bete-betean asmatzen du esatean bere euskalduntasuna nola bizi ezin jakinik dabilela euskalduna, euskararen normaltasun ezak eragiten duen estres linguistikoak eraginda. Euskararen estatusean ere aldaketak egon direla dio idazle donostiarrak: «euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat. Askorentzat, oposizioetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da». Halaxe da, bai.

Beste gauza batek eman dit atentzioa, baina, Saizarbitoriaren diskurtsoan. Saizarbitoriak, euskara batuaren defentsa sutsua egin asmotan, esaten du ezen, bere ustetan, euskara salbatzekotan, bikaintasunari eta prestigioari lotuta bakarrik izan daitekeela, «ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik», eta dio: «zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala besterik gabe nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako “euskerie” aldarrikatzen dutenak baino». Motzean esanda, enpatia gehiago sortzen diola utzikeriaz erdaraz egiten duenak, etxean (edo beste nonbait) ikasitako euskalkia aldarrikatzen duenak baino. Erdaraz hobe, euskalkian baino. Baina euskalkiei buruz ari da, oro har? Ala bati buruz…?

Ez da kasualitatea Saizarbitoriak, «bailarako edo mendi puntako» deabruzko hizkera horien adibide gisa, mendebaldeko ezaugarriak dituen hitz-aldaera bat hautatu izana: «euskerie» (-a + a > –ie, mendebaldeko artikulu-egokitzapena). Jar zezakeen donostiarren hizkerako «dezute» edo «artzaia», adibidez, baina ez. Aukera zezakeen lapurterako «euskala» edo nafarrerako «eskara», baina ez. Seguruenik, horiek ez zaizkio mendebaldeko aldaerak bezain «bailarako edo mendi puntako» irudituko, eta ez diote mendebaldeko aldaerek besteko azkura sortuko.

Mendebaldeko hizkerak, euskal herritar askorentzat, berbeta itsusitrakets eta zakarrak izan dira eta dira. Hala sinetsarazi digu epizentro donostiarrak euskara batua sortu denetik. Hamaika adibide jar nitzake, baina EITBren kasua aipatuko dut hemen, mendebaldeko hizkerak zeharo baztertuak izan baitira han, sortu zenetik herenegun arte. Horren erakusgarri, Ramon Labaien zenak, lehendabiziko Kultura Sailburu, EITBren sortzaile eta Donostiako alkate izandakoak, web-atari ezagun batean EITBko hizkuntza-irizpideei buruz ari dela (azpian, esteka), azaltzen du ETBn hasieran erabiltzen zuten euskara ez zela batua, baizik eta «gipuzkoar osatu bat», eta barre egiten du kontatzean Oporrak itsasoan telesaila (jatorrizko izenburuz: The love boat) bikoiztu zutenean, itsasontziko pertsonaia beltz bakarra, barmana, bizkaieraz berbetan jarri zutela (haren imitazio bat ere egiten du “Zelan zagoz?” keinu komikoz esanez). «Gauza da beltzak bizkaieraz, eta beste guztiak gipuzkeraz. Eleganteak gipuzkoarrak, eta barmana… ba…». Horra, donostiarren ikuskera soziolinguistikoa zein izan den orain gutxi arte, eta, antza, batzuen buruan bizirik dirauena.

Ez dakit mendebaldeko hiztunen artean euskalkia aldarrikatzeko inoiz baino joera gogorragoa dagoen orain. Baina ausartuko nintzateke esaten mendebaldeko oraingo hiztun gazteek ez dauzkatela garai batean euskal kulturaren erdigune izan ziren donostiarrek mendebaldeko hiztunengan sortu zituzten konplexuak, eta beldur gabe aldarrikatzen dutela haiei baliagarri zaien hizketa-kodea. Mendebaldean baturanzko joera ez baldin bada Donostia aldean espero dena, beharbada, satanizatu beharrean, aztertu egin beharko litzateke zergatik gertatzen den hori, hegemoniatik jaitsita eta enpatia pixka batez, gauzak (eta garaiak) asko aldatu baitira euskara batua sortu zenetik. Garai bateko inertzia ozpinek ezin dute bere horretan segi. Lasta botatzeko garaia da, ez dugu inor behar Donostiatik Bilbora etorriko dena errieta egitera. Jarrera paternalistak beste garai batekoak dira.

 

uriola

Saizarbitoria eta «euskerie»  Saizarbitoria eta «euskerie»

Mugakoa bezain tartekoa (Euskal Herrian Euskaraz)

4 pentsamendu “Saizarbitoria eta «euskerie»”-ri buruz

  • ‘Eldarnio paranoikoa’ dioen izenburua bera, txarra ez artikulu honetarako ere.

  • Saizarbitoriak jatorkeria kritikatzen duelako 2022an oraindik harritzen den jendea dago: ongi etorri euskal kulturara, iritsi berriak zarerela ematen du. Idazten hasi zenetik eduki du jarrera hori. “Ez naiz jatorra” izan zen bere lehenbiziko artikuluetako bat. Eta eskerrak jarrera hori eduki duela, euskara gauza modernoekin lotzekoa. Beste batzuengatik balitz, oraindik “h bai, h ez” eztabaidan trabatuta geundeke. Tristea da gaur egungo euskaldun askorena: laster 80 urte beteko dituen gizon bat zuek baino askozaz aurrerakoiagoa da.

  • Saizarbitoriak esan nahi duena ulertu nahi bada, ez du hizkera konkretu bat edo beste bat gutxiesten, “afaia beatzitan ingoa” moduko forma kolokial-familiarrak (“ayauko gea” bezalako trakeskeria yeistak barne) gero eta erregistro gehiagotara eta are erregistro formalagoetara sustatzeko inkongruentzia salatzen da hor.
    Inkongruentzia baita hizkuntza guztietan prestigio-adierazle den forma estandarrari etengabeko azpilana egiten ibiltzea, euskara prestigiatzen ari omen diren batzuen eskutik. Gezurra dirudi hain ikuspegi murritza izatea. Ez baita ari, ulertu nahi duenarentzat, etxean erabilitakoaz. Eta Elorrioko jatorrismoa Usurbilgo jatorrismoa baino narratsagoa iruditzen zaiola pentsatzen baduzu, uste dut eltzekoaren babarrun-aleei baino gehiago begiratzen diozula saldari. Eta zure aurreiritzi pertsonalei.
    Izan ere, aurreiritzi bat salatzeko, nabarmen uzten duzu donostiarrekiko duzun aurreiritzi ezin topikoagoa. ETBko pertsonaia beltzaren anekdotaren kontura diozu “Horra, donostiarren ikuskera soziolinguistikoa zein izan den orain gutxi arte, eta, antza, batzuen buruan bizirik dirauena.” Ez donostiar batzuena, ez, “donostiarren ikuskera”, brotxa lodiz egindako marra zakarrean. Donostiar batzuei irudituko zaie mendebaldeko euskara traketsa, beste batzuei zuberera, edo harago, zer dakit nik, ñoñostiarrei buruzko beste aurreiritzi topiko bat ere zeure egin nahi baduzu, esango nizuke “aldeano” usaina duen oro arbuiatzen dutela “donostiarrek” (hots, Zalduak aipatutako baserritarkeria). Brotxa lodizko donostiarrek, berriz ere.
    Labaienek nahi zuenaz egingo zuen barre baina, pertsonaia hark “zelan zagoz?” esaten zuen garaian bertan, Dallas telesaileko JR ankerrari gipuzkeraz egiten zion kapituluren batean Texas inguruko pertsonaia “errustiko” batek (pentsatzen dut AEBko hegoaldeko estatuetako hizkera bereziari euskal ordain bat eman nahi izan zitzaiola). Barre egingo zuten, beharbada, “mendebaldekoek” (brotxa lodiz), auskalo.
    Euskara batuaren ahalegina alferrik egin ez zela erakutsi nahi bada, denontzat eratutako forma prestigiatu behar da, euskalkiez “aberastuta” ahal den neurrian, eta argi utzi behar da erregistro bakoitzean zer euskara erabili behar den eta nola.
    Bitxia da, baina euskara estandarrak zenbat eta ibilbide luzeagoa izan, niri gero eta jende gehiagoren mezuak iristen zaizkit postara, gero eta jarduera eta erregistro desberdinagoetan (hau da, ez naiz ari anai-arrebez edo konfiantzazko lagun minez), euskara ez-estandarrean idatzita. Ez dakit norberaren herri-hizkera prestigiatu nahi duten hala jokatzen dutenek, edo (batzuetan pentsatu izan dudan bezala) kontua den sarritan ideiarik ere ez dutela adibidez “aiatu” nola demontre idazten den euskara batu hain artifizial horretan, eta herri-hizkera baino aho-transkripzioa den moduko bat erabili eta aurrera. Ez dakit. Badakidana da ez luketela hori atsegin izango euskara batuaren PREMIA ikusi eta hura behar modernoetarako lantzen eta proiektatzen lan egin zutenek (eta, ahalegin horretan, Saizarbitoriaz gain, denetariko eskualde eta euskera-moduko euskaldunak aritu ziren… eta ez alferrik).

  • Egun on,
    euskara mendebalde oso zabalean euskera da.
    euskera forma euskara bezain ona da “batua” litzatekeen euskaran.
    Mendebaldean euskara + a = euskerea, neska + a = neskea den bezala.

    Hauexek lirateke mendebaldeko guztiek idazteko erabili behar lituzketen formak: euskerea eta neskea.

    /euskerie/ eta /neskie/ oso zabaldurik dauden ahoskerak dira. Ahozko mailari dagozkionak, ez idatzizkoari.

    Adeitsuki