Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren kronika laburra

Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren kronika laburra

Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren kronika laburra2016ko azaroaren 4an, AEKren Praktikatu zerbitzuak PRAKTIKATU eta BIZI jardunaldiaren III. edizioa antolatu zuen Bilboko Ondare aretoan. Euskal Herri osotik etorrita, 100 bat lagunek hartu zuten parte egitarauan, 09:30-13:30 bitartean.

Hirugarren edizio honetan ere ez zen bazterrean geratu motibazioaren gaia, zeina ardatza izan baitzen aurreko bietan; oraingoan, ordea, helburua izan zen eragiteari begirako “errezetak” topatzea, psikologiaren ikuspegitik. Bide horretan, laguntzaile izan genituen Eduardo Apodaka, Gemma Sanginés, Mikel Urdangarin eta Amaia Agirre adituak.

Lehen unetik bertatik, partaide guztiek goraipatu zuten euskaltegiek zein praktika egitasmoek betetzen duten funtzioa, PRAKTIKA SOZIALA da-eta: hainbat pertsona euskara ikasten dabiltza, egunero erabili ahal izateko; eta beste batzuk praktika-jardueretan ari dira, beren bizitzan euskara integratzeko.

Jardunaldia amaituta, honako ondorio hauek nabarmendu ziren:

  • Ekintzetan jarri behar dugu jomuga, diskurtso hutsetatik aldenduta.
  • Ekintza horiek ezin dira edonola proposatu: aktibitate zentzudun eta erakargarriak izan behar dute.
  • Halaber, honelakoak izan behar dira: zehatzak, errealistak eta neurgarriak, jendearen beharretara egokituak eta, batik bat, limurtzaileak.
  • Helduak baikara, konplexurik gabe egin behar dugu aurrera: ekintzak gozamenez bizi, eroso eta malgu; erraza izan behar da argudioetatik ekintzetara igarotzea.
  • Jendearen motibazioa zein den ezagututa, gure lana da jakitea ea behar bezala erantzuten diogunetz inguruko errealitateari.

Antzeman daitekeen bezala, parte-hartzaileek argibide-sorta interesgarria jaso zuten beren eguneroko lana indartzeko. Besteak beste, argi geratu zen funtsezkoa dela harreman sareak josten jarraitzea, bai eta egoerak, beharrizanak eta aukerak sortzea ere.

Jardunaldiak iraun bitartean, Miryam Artola sortzailea horma irudi bat gauzatzen aritu zen. Ekitaldiaren amaieran, osorik ikusi genuen lana: esandako guztien laburpen grafikoa.

Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren kronika laburra
AEK, berbalagun, euskaltegia, mintzakide, mintzalagun, mintzapraktika, praktikatu

Zer duzu buruan “Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren kronika laburra”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude