Osakidetzako EPEa euskaraz egitea, oztopoz jositako bidea
Osakidetzako EPEa euskaraz egitea, oztopoz jositako bide –
Zergatik azken urteetan ikasketak, osasun arloko ikasketak ere, euskaraz egin dituzten milaka eta milaka lagunetako gehienek Osakidetzako Enplegu Publiko eskaintzan azterketa gazteleraz egitea erabaki dute? Aukera eta erraztasun berdintasunik ba al dago azterketa gazteleraz zein euskaraz egiteko? Bistan da ezetz. LAB sindikatuak Enplegu Publiko Eskaintza euskaraz egitea erabaki duen Mikel Legarreta erizainarengana (@JediTxikia Twitterren) jo du prozesua zuzen zuzenean bizi izan duen pertsona baten testigantza jasotzeko asmoz. Hitz gutxitan egoeraren gordintasuna azaldu du.
Ikasketak euskaraz burutu dituztenak eta, hortaz, osasun arloko gaiak euskaraz lantzen ohituak daudenak, Osakidetza euskalduntzeko indargune preziatutzat hartu beharko lirateke. Naturalki euskaraz ikasi eta lan egiteko ohitura duten lagun guzti hauek etorkizuneko Osakidetza euskaldunaren oinarria izan beharko lirateke. Ezin larriagoa da 0 minututik (Enplegu Publiko Eskaintza) jende guzti honi euskaraz lan egiteko trabak jarri, hizkuntz ohiturak aldatu arazi, eta indargune hau zakarretara botatzea.
EPEa prestatzeko Osakidetzak emandako bibliografia ia guztia gazteleraz soilik dago. Nola egin azterketa euskaraz, ikasi nahitaez gazteleraz egin behar baduzu? Euskaraz egitea erabaki dutenen erabakia eredugarria da, baina onartezina da egin arazten zaien gain-esfortzua.
Zenbaitzutan beste traba gehigarri bat agertzen da: Euskarazko azterketetan galderak ez dira beti behar bezain ongi ulertzen edota nahasteko arriskua izaten dute. Izan ere, azterketako galderak gazteleraz prestatzen dituzte eta batzuetan euskarazko itzulpenak hala moduzkoak izan dira.
Hizkuntz ohiturak urratzeaz gain, azterketa euskaraz egitea erabaki dutenak diskriminatzeaz gain, guzti hau astakeri eta zentzugabekeri ezin handiagoa da Osakidetzan euskara normalizatzearen ikuspegitik.