Ondarrutarrarena
Ondarrutarrarena –
Garagoittiko Orakuluak ere hartu du ahotan “Ondarrutarrarena”; Oier Gorosabelek jorratu du gaia, Info7 irratiko Talaiatik saiorako.
Erregistro batean, bestean edo bietan eroso edo deseroso ibiltzearena ez da hizkeraren berezko arazoa; hiztunarena baino. Horregatik, batuaz moldatzen ez den jendea aurkitzeak ez luke horrelako kataklismorik sortu behar.
Ez da egongo sare sozialetan dabilen euskaldunik, duela egun batzuk izandako ikamikaren berririk izan ez duenik. Martinez izeneko futbolari bat Athletiketik Errealera joan da, edo horrelako zerbait, eta horren kontura komunikatu bat atera du elebitan: gazteleraz eta… ondarrutarrez. Euskarazko bertsioa batuaz egin ez izanak hautsak harrotu ditu, asko harrotu ere: aldeko eta kontrakoen iritzien artean irain larriak irakurri ditut, eta honek erakutsi du euskalkia/batua eztabaida gainditu gabe dagoela jende askoren baitan. Animoak baretu arte itxarotea nahiago izan dut, ondorioak bildu aurretik; esan beharra dago ondorio hauetatik asko ez ditudala neuk atera; txiolandiako egile ugariri ohostutakoak dira. Denak aipatzea ezinezkoa denez, denei eskerrak blokean eman beharko.
Hasteko, esan behar dut nik, Martinezen lekuan, komunikatua batuaz idatzi izango nukeela, nire hizkera menperatzen ez dutenak gogoan. Nik argi dut batua eta euskalkia ez direla kontrajarriak, baizik eta osagarriak, eta bakoitzak bere erabilera eremua duela. Are: ausartuko nintzateke esatera euskaldunon %90ak bat egiten dugula iritzi honekin. Esango nuke gainontzeko %10a izan dela eztabaida gaiztotu duena, euskalkia vs. batua terminoetan planteatuz eta “kontrarioak” gutxietsiz eta irainduz.
Esan da, adibidez, hizkuntza bizia (zorioneko “gatz eta piperra”) euskalkietan bakarrik aurki daitekeela, batuaren artifizialtasunean barik. Hau, kirtenkeria handia izateaz gain, gezurra da. Ezin da ukatu pertsona asko erosoago sentitzen direla euskalkian, batuan baino; baina gaur egunean badira batua hizkera naturala dutenik ere. Horrela hazi direlako, edo gerora ikasi dutelako, berdin da: batuan aritzen direnean, euskalkidunen espresibitate maila bera dute, edo handiagoa.
Bai: erregistro batean, bestean edo bietan eroso edo deseroso ibiltzearena ez da hizkeraren berezko arazoa; hiztunarena baino. Horregatik, batuaz moldatzen ez den jendea aurkitzeak ez luke horrelako kataklismorik sortu behar. Izan ere, kritika batzuk irakurrita kontrakoa badirudi ere, inork ez du zalantzan jarri errejistro estandarraren papera, euskararen beraren biziraupenarendako gako nagusietakoa dena.
Euskalkian idazten dugunok analfabetoak garela ere irakurri behar izan dugu. Hau iraintzeko asmo argiarekin izan da, noski; izan ere, euskaraz alfabetatu ez garenok ere badakigu irakurtzen eta idazten. Hau horrela izanda, egia da euskaraz alfabetatu gabea izatea (ni neu bezala) desabantaila dela; nik, atzean zuzentzailerik ez badut, kristoren hankasartzeak egiten ditut (hori idatziz, eze, ahoz ez naiz gai euskara batuz berba egiteko). Egoera hau ez da nire gustukoa, bistan da; ez naiz ezjakintasunaren apologia egiteko zale. Halere, errespetu pixka bat eskatuko nuke nire kasuan dauden milaka euskaldunondako; gu analfabetotzat hartzea ez da, ez, elkar ulermenerako abiapunturik onena.
Kontuan hartu behar da, gainera, euskalkia modu normalizatuan idatzi nahi duenak autohezkuntza esfortzu gehigarria egin behar izaten duela, ikasteko dauden baliabide urriak direla eta. Zentzu horretan, ezin da parekatu, sare sozialetan ultrabatuzaleek egin bezala, euskalkian idaztea, eta erdaraz akats ortografikoekin idaztea.
Dena dela, badakizue txarrena zer den? Gipuzkeradun asko ez direla konsziente izaten, batueraz beharko lukeen lekuan, “ai gea”, “ingo deu” eta horrelakoak sartzen dituztenean. Hor ditugu umorea lantzen duten telebista saioak, edo “Handia” pelikula famatua. Hauek euskaldun guztiei zuzendutako ekoizpenak izan arren, ez dut inolako protestarik entzun haietan erabiltzen den euskalkiari buruz. Erdarakadak ere aipatu ditzakegu: Martinezek “pertsonalmente” hitza erabili duelako makina bat txantxa irakurri ditut; ez dut horrelakorik entzuten, ostera, labeldun euskaldunek “portzierto” jasangaitza txitean-pitean erabiltzen dutenean. Alegia: “pekatu” berberak errazago barkatzen zaizkio erdiguneko euskalkidunari, periferiakoari baino. Baina ez nahastu: ni ez nago horrelako guztiak jazartzearen alde! Kontrara: nahiago nuke erdiguneko euskalkiaren aurrean dagoen malgutasun hori berori, denondako hedatuko balitz.
Eta euskararen etorkizunari buruz, gogoratu aniztasuna ez dela batasunaren kalterako; eta etsaia ez dagoela “prezisamente” euskalkian edo batuan aritzen direnen artean.
Neu bat nathor Oier Gorosabelec adiaraciricoequin.
Giputzak eta txarrak. Ezl al dago beste euskaldunik?
Ni ere nahiko ados nago oro har, baina puntualizazio batzuk egingo nituzke:
1) Euskarazko alfebetizazioa duela 40 urte jarri zen martxan, euskararen aldeko mugimendu zabal batek bultzatua, eta ikastolen helburuetako bat ere, hasieratik, ahalik eta euskaldun alfabetatu gehien egotea izan da. Alfabetizazioa hasieratik izan da euskararen aldeko mugimendu ororen tresna nagusietako eta eraginkorrenetako bat. Euskarak batasunari eta alfabetizazioari esker egin du aurrera azken hamarkadetan, aurrera egin duen arlo eta aldietan.
2. Gaur eta hemen, euskaraz alfabetatu gabe dagoena (eta ez zait hori iruditzen inondik inora ere Oier Gorosabelen kasua, esan dezadan bidenabar), euskaraz bikain hitz egin arren eta euskaltzale sutsua izan arren, eta munduko pertsonairik jator eta maitagarriena, euskaraz analfabetoa da, ez duelako ez euskaraz irakurtzen ez euskaraz idazten normaltasun eta erosotasun, normaltasun eta segurtasun minimo batez, horretarako aukera izanda. Hori iraintzat hartzen badu norbaitek, berak jakingo du zergatik hartzen duen iraintzat, baina hitza zuzen erabilita dagoela uste dut. Nik lagun asko ditut euskaraz ondo hitz egiten dutenak, biziki estimatzen ditudanak, ikaragarri maite ditudanak, nahi duzun guztia, baina euskaraz analfabetoak direnak, erdaraz ez bezala. Ez dut horentzat zigorrik eskatzen, ez dut horiek bigarren mailako herritartzat hartzea eskatzen, ez ditut horregatik nire ingurutik aparte nahi, horiek ikaragarri maitatzen jarraitzen dut… baina euskaraz analfabetoak dira, ni neu ez-dakit-zer, ez-dakit-zer eta ez-dakit-zer naizen bezalaxe (ez ditut neuk jarriko adjektiboak, ez naiz neure burua jipoitzen hasiko hemen, ez da kontua).
3) Ni konbentzituta nago euskaraz dakigun guztiok euskaraz erdaraz bezain ondo alfabetuta bageunde euskararen egoera beste bat litzatekeela, askoz hobea, baina badirudi ez dugula horretan sinisten eta ez diogula horri garrantzirik ematen, eta horren frogarik tristeena da politikari euskaldun gehienak –eta petsonaia publiko euskaldun gehienak oro har– euskaraz analfabetoak direla eta hori normaltzat hartzen dugula, baina horiek erdaraz ez direla analfabetoak, eta erdaraz analfabetoak izatea ez genukeela normaltzat hartuko.
“Alfabetatu gebeak” esatea ere bazegoen… eta “analfabeto” hitzak daukan irain kutsua ekidin. Ze agian, erabilera historikoari begira “analfabeto” ez da erabili iraintzeko, baina niri belarrira… ba zer nahi duzu esatea.
Nik nahiago izan dut “analfabeto” erabili “alfabetatu gabe” baino, errealitatea eta, batez ere, errealitate horren ondorioak, hobeto islatzen dituela iritzita.
Berriro iracurri behar ukan dut Oierrena Zabalarena iracurri ostean.
Oier ez da analphabetoa nehondic nehora. Personalqui harequin egon nincenean hitzaren artista dela conturatu nincen. Haren videoac ere ikusten ditut maiz.
Haren styloco Euscal Herri analphabetoa nahi nuque neuc!
Berac niri eibartarrez eta neuc berari naffarreraz ederto asco ulertu gueneraucon elkarri. Persona sympathicoagoric guti munduan eta are gutiago euscal mundutilan.
Horixe esan dut nik ere, Josu, Oier ez dela analfabetoa (nirea berriro irakurtzen baduzu ikusiko duzu 2. puntuaren hasieran). Baina: a) euskaraz normaltasun minimo batez irakurtzen eta idazten ez dakien euskalduna euskaraz analfabetoa da, nire ustez, inork kontrakoa erakusten ez didan bitartean; b) euskaldun mordo handia da euskaraz analfabetoa (eta batzuk harro daude horretaz gainera); c) debate honetan hori esan beharra dagoela uste dut, gauzei bere izenez deituko bazaie.
Bai, hala da, Juan Luis.
Analphabeto harro guehiegui dago bazterretan, batez ere, facebook moducoetan. Gaztelaniaz ere berdinsu.
Catalanez, ordea, ez dut uste.
Nik ordea ez dut bat ere dudarik. Egun, 50, 40, 30 urteko euskaldun ustezkoa, leitzeko eta idazteko arazoak dituena, euskal prentsa irakurtzeko problemak dituena……Zer esan behar dizut bada! Jakin badakit horrelako euskaldun, zahar jakina, bati euskara ez zaiola deus ere axola, bere hizkera oso aberatsa izanagatik, eta erdaldun peto-petoa dela, eta ez dut nire ustea aldatuko. Euskaldun ikasiok egin dugun ahaleginaren hamarren bat egiteko gai ez bada xahar hori, joan dadila apapa!
Sare sozialetan bada halako joera bat, pe gupidarik gabe erasotu, larrutu eta iraintzeko. Edonorentzat denborapasa soila dena, erasoaren jomuga bilakatu denarentzat mingarria eta eraman ezina izan liteke.
Guztiz bat nator Juan Luis Zabalak idatzitakoarekin. Argi eta garbi utzi behar da euskaldun analfabeto askotxo dagoela oraindik ere, euskara batuak 40 urtetik gora dituela.
Hainbeste urteren bueltan oraindik ere analfabetoa izatea, eta erdaraz, ordea, ondo asko alfabetatuta egotea, lotsagarria eta hipokrita samarra iruditzen zait, eta euskaldun berriontzat, iraingarria ere bai.
Batuan txukun idazten eta trabarik gabe irakurtzen ez dakiena, argi eta garbi esanda, ANALFABETOA da, eta kito. Ez al dute, ba, astirik izan alfabetatzeko?
Horixe bera adierazi nahi nuen. Zalo Akaziagak oraingoan analfabeto hitza lotzen du erruduntasun kutsu batekin. Alfabetatu gabea izatearen errua norberarena soilik bailitzan. Horregatik erabiltzen du “analfabeto” eta ez “alfabetatu gabea”. Eta horregatik nioen, Juan Luis, orokorrean irain kutsuz erabili izan dela hitz hori, nahiz eta, ulertzen dudan zuk ez diozula kutsu hori eman nahi.
Arestikoa idatzita (nahi gabe eman diot “bidali” botoiari). Arazoa ez zait iruditzen futbolari jakin batek argitaratu duen mezu jakin bat denik. Hizkuntzaren egoera diglosiko, murriztuaren isla iruditzen zait.
Askok esaten duzue “azken finean, euskaraz egin du, ez da gutxi” eta “euskara ona, egiten den euskara da”. Zeinen gaizki, izorratuta gauden islatzen du horrek.
Baldin euskaraz alfabetatua dagoen ondarrutar batek ez badaki dagokion unean hizkuntza estandarra erabiltzen, gaztelania correctoan idazten ederto dakielarik, zerbaitetan huts egin dugun seinale da.
Gainera, mezua ez zegoen “ondarrutarrez” bakarrik; mezua Ondarroako euskararen aldaera ahozko eta informalenean zegoen idatzita, ia transkripzio fonetikoan. “Personalmente”-tik hasi eta “afizionauai” eskerrak eman arte, zuzenean gaztelaniazko bertsiotik kopiaturiko mailegu guztiekin.
Maila asko daude hizkuntzan: norberaren herriko hizkera guztiz informala, norberaren herriko hizkeran oinarritzen den erregistro nolabait zaindua; baita ere, baditugu bizkaiera batu bat eta “Bizkaiko batu” moduko bat. Alegia, ETBko batu artifizial aseptikotik norberaren herriko tabernako hizkera “bixi”-ra bitarte, bada nahiko alde eta ñabardura: ba, futbolari horrek denetan aldaera apalena aukeratu du mezu publiko bat argitaratzeko. Esanen nuke, gainera, jatorrizko testua erdarazkoa zela.
Nik ez dut batuan bakarrik idazten euskaldunberriak eta ikastoleroak gogan ditudalako. Motibo bat hori izan liteke, bai, baina ez bakarra. Motibo berengatik, gutun formal bat ez nuke sekulan hasiko “Eup, zer muduz!!” batekin, ezta gaztelaniaz “Aupa, qué tal” batekin.
Zuek normal ikustea edo barkatzea, diglosia-egoera baten ondorioa iruditzen zait.
Aizu!, Euskaldunberri eta ikasltolero askok, anitzek, zuk baino askoz hobeki, puskaz gainera, idatziko lukete,, euskara ederrean. Aski da kontu horrekin, Bestela, gipuzkoakoak giputzak dira,ez giputzi, gustoko izan ala ez.
Eta barkatu, baina “Aundiya” filmeko euskara eta ETBko umore saioen probintzianismoa (esaten dut batetik giputzei “probintziano” esaten zaielako, eta bestetik ba hori, umorea guztiz probintzianoa, arlotea delako) maila berean jartzea ez zait bidezkoa iruditzen. Lehenengoa XIX. mendean kokatua dagoela ez da esan beharrik.
Pelikularen izenburua “Handia” da, hala izanda euskaraz beti ere. Nondik Aundiya itsuragabe hori; edo hori al da hizkera bizia, euskalkiak damaigun ZER? Ikus Andimendi eta horrelakoak.
https://www.google.es/search?q=aundiya&client=ms-android-samsung&prmd=ivn&source=lnms&tbm=isch&sa=X&ved=0ahUKEwieoJ6CyMfZAhXC6qQKHdy3DmoQ_AUICigB&biw=320&bih=454
http://www.argia.eus/handia-filma