Nafarroako Lanbide Heziketari buruzko argibidea eta informazioa
Nafarroako Lanbide Heziketari buruzko argibidea eta informazioa –
Komunikabide honetan elkarrizketa bat egin zidaten, martxoaren 31n argitaratua izan zena. Zorigaiztoko adierazpen batzuk egin nituen solasterakoan, ez bainuen behar bezala azaldu erran nahi nuena. Elkarrizketa horretan honako hau adierazi nuen: “Txantreako Virgen del Caminon bi lerro daude Mekatronika ikasteko, eta bermatu ahal zuten ziklo bat euskaraz ateratzea ikasleen erdia euskalduna delako. Ba ez, dena gazteleraz jarri zuten. Badakit erabakia hartu zutenean zuzendariaren semea eta Hezkuntza Departamentuko arduradun baten semea zeudela eskolan, biak erdal eredukoak; ziur naiz horregatik jarri zutela dena erderaz, bestela bi horiek baharbada ez zirelako Txantreako eskolan sartuko”.
Barkamena eskatzen diet zoritxarreko adierazpen horiekin inplikatu ditudan pertsona guztiei, ez bainuen testuan adierazten dudana erran nahi. Gainera, azpimarratu behar dut, Hezkuntza Departamentuko arduradun baten semea “D” eredutik zetorrela eta espediente akademiko ona zuela, nota nabarmenarekin. Hori aitzinetik ere banekien, Nafarroan Mekatronikako zikloko klaseak ematen nituelako eta horretaz jakitun nintzelako. Beraz, akats bat egin nuen nire adierazpenak egiterakoan eta alde batetik argitu nahi nuen eta bertzetik barkamena eskatu.
Hau zuzendu ostean, aipatu, lanean jarraituko dudala irakaskuntzan hainbat eskubideren alde borrokan, horien artean Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz izateko eta ikasle euskaldunen eskubideak bermatzearen alde.
Nafarroa Garaian Lanbide Heziketan euskarazko zikloak txertatzeko plan estrategiko bat aitzinetik landu behar da eta hori faltan somatzen dut. Horretarako eskariaren azterketa zorrotz bat egin behar da, ez lan-arlokoa soilik, baita ikasleak datozen hizkuntza-ereduarena ere. Hezkuntza Departamentuak ere aitzin egin beharko die Iruñeko eta Iruñerriko Lanbide Heziketako institutuetan dauden ezbeharrei; izan ere, euskarazko zikloak, gaztelaniazko hizkuntza-ereduko politeknikoetan txertatu behar direnean Iruñean edo Iruñerrian, ikastetxeko zuzendaritza talde edo departamentu gehienak horren kontra paratzen eta paratuko dira.
2020-21 ikasturterako Nafarroako Hezkuntza Departamentuak lehenengo euskara zikloa jarri du Virgen del Camino Institutuan eta Mekanizazio Gradu Ertaineko zikloa izango da. Bertzaldetik Donapeako Institutuan, Ibilgailu Automobilen Elektromekanika Erdi Mailako zikloa ere arratsaldetik goizera aldatu dute. Bi mugimendu hauek aurrerapausu txiki bat izan dira, baina anitz dago egiteko. Jakinarazi didatenez bi departamentu horietako irakasle batzuk, hainbat arrazoirengatik, aldaketa horien aurka agertu ziren. Ez da harritzekoa honelako jarrerak, gaztelaniazko hizkuntza-ereduari dagozkion departamentukoak direlakoz eta askotan beren interes pertsonalak bilatzen baitituzte, ikasleen eskubideen gainetik.
2020-21 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean goi-mailako 95 ziklo eskaini dira gaztelaniaz, 4 ingeles-gaztelaniaz, 7 euskaraz eta gaztelania egokitutako ziklo bat ikasle etorkinendako. Erdi-mailako eskaintza 113 ziklokoa gaztelaniaz eta 13 ziklo euskaraz da. Azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketako eskaintza 44 ziklokoa da gaztelaniaz eta 3 ziklokoa euskaraz.
Zoritxarrez, Nafarroa Garaian hiru hizkuntza-eremu bereizi behar dira, euskarazko zikloen eskaintza eta eskaria hobeki ulertzeko. Alde batetik, eremu euskaldunean dauden LHko ikastetxei dagokiena; Beran eta Baztanen ziklo guztiak euskaraz ematen dira. Altsasun berriz, bederatzi zikloetatik, “D” ereduko ziklo bakarra ematen da. Iparraldeko eremu geografiko honetan, bere demografia dela eta, zikloetako matrikulazioa ez da inoiz betetzen eta ez da inoiz beteko. Gauza bera gertatzen zen zikloak gaztelaniaz ematen zirenean.
Bertze eremu bat Iruñea-Iruñerria izango litzateke. Eremu honetan Lanbide heziketan egiten diren eskaintzak aztertuta, goi-mailako 77 ziklo eskaini direla ikusiko dugu, horietatik 4 soilik euskaraz. Bat Donapean, bi Hezitzaile Eskolan eta laugarrena San Juan-Donibane institutuetan. Eremu geografiko horretarako euskarazko eskaintza soilik %5,19koa da. Iruñerriko Erdi Mailako eskaintzari dagokionez, 70 ziklo eskaintzen dira, horietatik 7 euskaraz, hau da %9,9. Eta azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketan eskaintza 28koa da, soilik bat euskaraz delarik; % 3,57 baino ez da.
Hemen ikus dezakegu Iruñeko eta Iruñerriko Goi Mailako zikloetako eskaintza urria dela. Lau ziklo eskaintzen dira eta izen-ematea lehen aukeran 25, 28, 111 eta 135 lagunekoa izan da. Horrek eskaintzaren eskaria nabarmen gainditu du. Ikasgela bakoitzean 20 pertsona eta 5 errepikatzaile egon badaitezke, erran nahi du erdia baino gehiago karrikan gelditzen dela ikasketak euskaraz egin ezinik. Halaber, ez dakigu zenbat ikasle euskaldun aukeratu dituzten gaztelaniaz Goi Mailako bertze ziklo batzuk, euskaraz ikasteko aukerarik ez dutelako.
Bertzalde, Erdi-mailako zikloei dagokienez, hiru talde bereiz ditzakegu. Lehenengoak 39 inskripzio ditu (Erizaintzako Zainketa Lagungarriak) eta aise gainditzen du 20 pertsonako ratioa betetzeko eskatutako ikasleen kopurua. Gaztelaniaz bezalako bi lerro ere egin litezke, baina gaztelaniaz eskaerak ere hagitz handiak dira.
Bigarren taldeak 4 ziklo ditu, lehen aukerako 10-14 inskripzio bitarte dituztenak eta matrikulazioa amaitzean ez da arazorik egongo gelak betetzeko, aitzinetik adierazi dudanez, gehieneko ratioa 20 ikaslekoa baita. Hemen azpimarratzekoa da Ibilgailu Automobilen Elektromekanika zikloa, arratsaldeetan ematetik goizez eskaintzera pasa dena, iaz 5 ikasle izan zituzten eta ikasturte honetan 14 daude lehen aukeran izena emanda.
Hirugarren taldean, lehen aukeran 5 eta 6 inskripzio dituzten bi zikloak egongo lirateke. San Juan-Donibane institutuko matrikulazio kopurua baxua da urtero. Bertzalde, Virgen del Caminoko zikloa berria da eta goizegi litzateke zerbait adierazteko, aurten bizi izan dugun COVID-19 egoeragatik eta honen berririk ez delako behar den bezala zabaldu.
Ertain Maila zikloetan aztertu beharko litzateke ikasle euskaldunek zergatik egiten dituzten ikasketak gaztelaniaz. Arrazoi bat baino gehiago izan daiteke eta horien artean aipa dezakegu ziklo hauetan maila akademiko baxua dutenez, ikasle gehienek oro har, zenbaitek euskarari egozten diola errendimendu akademiko traketsa.
Bukatzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketa aipatu genezake, Iruñerrian 28 ziklo eskaitzen baitira eta soilik 1 euskaraz.