Psikopatak lemazain

Psikopatak lemazain –

Psikopatak lemazainGure patua psikopata gutxi batzuen esku dago. Halaxe ondorioztatu zuen Jon Ronson idazle eta kazetari britaniarrak “Psikopata al zara?” izeneko liburuan. Bere lanean “The Guardian” egunkariko kolaboratzaileak kontrastean jarri zituen gaitz psikopatikoaren diagnostikorako ezaugarriak goi mailako ardura postuetan dauden politikari eta enpresarienekin. Bi urte eman zituen psikopatagaiak elkarrizketatzen buru-osasun zentroetan zein korporazio handietako bulegoetan, eta ikerketaren emaitza erabatekoa izan zen: mundua psikopatek gobernatzen dute. Psikopatak ez du damurik, ezta hurkoarekiko enpatiarik ere; manipulatzailea da, bere helburuak lortuko baditu; neurri gabeko egoa dauka eta gezurra modu konpultsiboan darabil. Horiexek dira sistema kapitalistak saritzen dituen ezaugarriak, horiexek betez baino ezin da, sistema kapitalistaren baitan, ardura goreneko postuetara iritsi. Zenbat eta gertuago izan izaera psikopatikotik, orduan eta gorago egingo duzu botere katean; atzean uzten dituzunekiko errukirik gabe.

Azken hilabeteotan koronabirusaren izurritearen ondorioz bizi izan dugun salbuespenezko egoeran, EAEan bereziki, egiaztatu ahal izan dugu gure patua psikopaten esku dagoela. Pandemiaren kutsakortasun punturik gorenean geundenean gure erakundeetako lemazainek direnak eta ez direnak egin zituzten ekoizpen jarduera ez eteteko, adituek kontrakoa gomendatzen bazuten ere. Irizpide zientifikoen eta komuneko ongizatearen gainetik, haiek bezain psikopatak diren enpresarien apetak hobetsi eta lanera bidali gintuzten, lana ez den edozein jarduera publiko debekatzen zuten bitartean. Kontraesanak bata bestearen atzetik etorri ziren: maite dugun jendearekin elkartzea, gaizki; bostmila lankiderekin Mercedes konpainiaren faktorian, ongi. Lagunekin parkeko bankuan edatea, gaizki; kafetegiko terrazan, ongi, hori produktiboa baita ekonomiarentzat. Baserritarren barazki azoka, gaizki; azalera handiko merkatalgunekoa, ongi. Umeak kulunpioetan, gaizki; hauteskundeak aurreratzea, ongi. Mendian bakarrik paseoan ibiltzea, gaizki; Nojara joatea, ongi. Nekez antzeman daiteke arrazoizko irizpiderik neurri kontraesankor horietan guztietan. Eta horrek zer pentsatu ematen dio pentsatzeko gaitasuna galdu ez duenari.

Uler nezake prebisio falta aurrekaririk ez daukan ezohiko larrialdi egoera baten aurrean. Barka nezake ezjakintasuna. Baina nago koherentziarik gabeko lema kolpe horien atzean ez dagoela utzikeria. Aitzitik, interes konkretu batzuk daude; merkatuarenak, ekonomiarenak, elite finantzieroenak… eta interes horiek guztion ongizatearen aurrean jartzea, damurik gabe, hurkoarekiko enpatiarik gabe, manipulatuz eta gezurra modu konpultsiboan baliatuz, psikopatek baino ezin dute egin; gobernatzen gaituzten psikopatek.

Psikopatak lemazain

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

Zer duzu buruan “Psikopatak lemazain”-ri buruz

  • Dena nahastu eta gogoko ez dituzun guztiei psikopata deitu, hori egin duzu. Hori askok egiten dute, aginte postuen irrikaz bizi dena eta lortzen ez duena, lortzen duenari egurra eman. Urkullu nik ere ez dut gogoko, baina ez da psikopata bat. Nahi baduzu, mediokrea dei diezaiokegu, baina ez psikopata. Jokatuko nuke birusaren lehen aipamenak entzuten hasi ginenean, “farmazia industriaren beste asmakizun bat”, “hau gripe bat baino ez da”, “alarmismorik ez” esaten ibili direnetako bat zarela. Maskara?! Zer da hoi? Gero, ikusitakoak ikusita, diskurtsoa lotsa gutxirekin ederki modulatu duzue, ekonomia guzti-guztia geldiarazi nahi izateraino, erabateko alarmismo batean, gai sozial bihurtuta. Orain, berriro kalean, jokatuko nuke musukorik ezer gutxi erabiltzen duzula. Maskara?! Zer da hori? Hori txinoek erabiltzen dute. Baina hoi bai, goikoei egurra emateko beti prest. Beste eredu sozial bat ahopetik kendu gabe beti, baina musuko puta bat jasateko prest ez. Auzolana asko, baina besteak egin dezala, ni begira egongo naiz zerbait gaizki egiten badute kritikatzeko. Makina bat kinki bada gure Herrian.