Merkezurreko itzulpen batera kondenatuak

Merkezurreko itzulpen batera kondenatuak –

Nafarroako Hezkuntzako hurrengo oposizioetan, zenbait kide erdaldunekin osatuko da esku-hartze soziokomunitarioko espezialitatearen euskarazko epaimahaia. Departamentuak dio ez duela aurkitzen espezialitate horretako funtzionario euskaldun aski eta horregatik izendatu dituela epaimahaikide erdaldunak. “Irtenbide” gisa itzultzaile-interpretarien parte-hartzea eskaintzen du. 

Merkezurreko itzulpen batera kondenatuak

Izangaiek euskaraz egin behar dituzte hautaprobak 2017tik aurrera eta Nafarroa Garaian soilik dagoen lege baten aginduz. Lege hori PSNk bultzatu zuen, UPN, PP eta IE lagun zituela, eta helburua zuen eragoztea Geroa Bairen gobernuak hizkuntza apartheidik gabeko oposizioa egitea eta, azken finean, galaraztea espezialitateak eta hizkuntzak bateratuko zituen kontratazio zerrenda bat. 

Egoerak larrimin, estutasun eta atsekabe handiak sortzen ditu baztertutako irakasleen artean; izan ere, euskaraz aritzeko gaitasun aski duen epaimahaia izateko eskubidea ez bermatzeaz gain, epaimahaikide gehienek ez dakiten hizkuntza bat erabili beharko dute izangaiek, ezin izanen dute gaztelania baliatu, eta kontratatutako itzultzaile eta interpreteei egotziko zaie ongi komunikatzeko erantzukizuna. Inork imajina dezake gaztelaniazko lanpostuetarako oposizio-epaimahai bat, gaztelaniaz ez dakiten kideez osatua? Edota izangaiek epaimahikideen hizkuntza erabiltzea debekatua duten oposizio bat?

Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak baditu itzultzaileak eta interpretariak, eta lan zama handituz gero, langile gehiago har ditzake zerbitzu publikorako, baina erabaki du lan horiek enpresa pribatu bati esleitzea, kostua merkatzearren. Bestalde, badakigu, ongi jakin ere, oro har itzulpen enpresek itzultzaileei eta interpretariei ezartzen dieten esplotazioa. Nolatan bermatuko zaie oposiziogileei itzulpen duina eta egokia?

Aurrekoa kokatzen da nafarroi beti eta beti ezarri zaigun hizkuntza-desnormalizaziorako politikaren barrenean, ez baitugu Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienetan euskaraz artatuak izateko aukerarik. Itzulpenak eta interpretazioak ezin dute inoiz ordezkatu arreta euskaraz jasotzeko eskubidea. Horregatik guztiagatik, STEILASk eskatzen du bermatzea kide euskaldunek osatutako epaimahaiak euskarazko espezialitate guztietan eta 17/2017 Foru Legea indargabetzea.

Araceli Montes Calvo

Raúl López Ekai

Merkezurreko itzulpen batera kondenatuak

STEILAS sindikatua, Hezkuntza