Medikuntza eta euskara
Medikuntza eta euskara
Zenbatetan gertatu zaizu medikoarengana joan eta gaztelaniaz hitz egin beharra? Kontrolatzen ez dituzun gaien gainean lehen hizkuntzan aritzea beti izaten da errazagoa. Dena den, nik neuk anbulatoriora zein ospitalera joatean, normalean, gaztelaniaz hizketan amaitzen dut nahigabe.
Aspaldi egin nuen hautua lehen hitza euskaraz egiteko, baina aitortzen dut sarri inertziaz eta ohartu gabe gaztelaniaz ematen ditudala lehen azalpenak. Orain hilabete batzuk eztabaida luzea izan nuen gai honen bueltan lagun batekin (garrantzirik ote duen mediku batek euskaraz edo gaztelaniaz osatzea, baldin eta sendatzen bazaitu) eta duela bi egun info7 irratian entzundako zutabe batek ekarri zidan berriro eztabaida gogora.
Aitor Montes familia medikuak hainbat eskari egiten zizkien OEE Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeari, mediku euskaldunei eta pazienteei, eta ene ustetan ez zitzaion arrazoirik falta. Haren ustez, kalean hainbat aldarri egin harren gero, osasungintza munduak guztiz gaztelaniaz funtzionatzen du, ez soilik pazienteekin baita barne harremanetan ere. Montesek dioenez langileek aukera dezakete zein hizkuntza lehenetsi eta hala ere langileen %1ak soilik lehenesten du euskara. Ez dut gertutik jarraitu OEEren lana baina badakit dezente aurrerapen lortu dituztela; dena den, ez omen da nahikoa. Montesen ustez, eta ezin adosago nago horretan, hizkuntza eskubidea bermatzeak berebiziko garrantzia dauka arretaren kalitatean.
Azpimarragarria da arlo honetan medikuntzako ikasleek egiten duten lana, baina Montesek azaltzen duenez ezin da pisu guztia ikasleen esku utzi; izan ere, hauek lan munduan sartzean ezinbestean erdaldunduko dira dinamikak aldatzen ez badituzte bederen.
Beraz, ados, egia da pazienteok lehen hitza euskaraz egitea garrantzitsua dela, baina apustuak handiagoa behar du izan. Montesek esan bezala, euskaraz lan egiten hasi beharra dago: “Kalean esaten dena etxean egin behar da”.
Medikuntza eta euskara