Asteburu honetan: antxoa irin-arrautzeztatuak

Asteburu honetan: antxoa irin-arrautzeztatuak

Antxoa beheiti-goiti omen dabil. Atzo ez ziren arrantzaleak itsasora irten ere egin, hainbeste harrapatu baitute astean zehar… Hau zoriona antxoa berreskuratu dela ikustea!

Lehengo batean PAGOTXA gure RZtegi maitetik, antxoa frijituen errezeta jarri genizun, bideo eta guzti. Gaur, ostera, gure sukaldeko errezeta klasiko eta ezinbesteko bat dakarkizugu: ANTXOA IRIN-ARRAUTZEZTATUA. Hori bai, hatzak apurtxo bat zikinduko dituzu arraintxoak irin-arrautzeztatzen, baina ez zara damutuko, hala ere.

On egin!

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

 

Antxoak era honetan egiteak, lan apur bat emango dizu, banaka maneiatu behar baitira aleak, baina ez zara batere damutuko: ezagutzen dugun era onentakoa da hau, baldin eta ez bazaio arrautzari gehiegi frijitzen uzten, hori eginez gero, arrautzaren xigorrak irabaziko dio antxoaren zaporeari, eta ez da komeni halakorik.

Asteburu honetan: antxoa irin-arrautzeztatuak.

Osagaiak:

  • 40 antxoa, ahalik eta handienak (kg bat inguru)
  • Oliba olioa
  • Irina eta arrautza joa, gaia irin-arrautzeztatzeko
  • Gatza

 

.

Errezeta:

  1. Ondo garbitu, baina ahal dela bi xerrak bereizi gabe. Buru-hezurra kendu eta gatza emango diegu ondoren. Arrain-saltzaileak berak garbi ditzake antxoak, baina nekez utziko dizkizu liburu moduan irekita.
  2. Irin-arrautzatan pasa eta olio ugaritan frijituko ditugu antxoak, su ertainean, irin-arrautza erre ez dadin.
  3. Frijitu eta xukatu ondoren zerbitzatuko ditugu antxoak, tomate edo uraza eta tipulin entsalada batekin.

Kasu!

Inork ez dizu esango, baina mayonesa apur batekin bikainak dira. Binaka ere jar ditzakezu, hau da, bi antxoa parez-pare irin-arraurtzeztatu eta bakarra balira bezala frijitu. Eta gauzak gehiago nahasteko gogoz bazara, jarri potoko piper gorri zati txiki bat bi antxoen artean lehenbizi eta gero irin-arrautzeztatu eta frijitu. Edo soberan duzun piper berde frijitu baten zatia. Ikusiko duzu nolako pagotxa.

Asteburu honetan: antxoa irin-arrautzeztatuak

Pagotxa.eus

Pagotxa

“Errezetak habia utzi duten zure moduko txorientzat”

antxoa irin-arrautzeztatuak, antxoak, Pagotxa RZk
Pagotxa RZk

Amatxoren altzoa utzi duzu eta abandonaturik sentitzen zara. Lasai, ez izutu, sukalde zintzo eta garbia, zopa eder bat, entsalada bikain bat, esneki goxo bat… horrelako gauza xume bezain zailak aurkituko dituzu PAGOTXA RZtegian. Etxean egiteko aproposak denak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude