Lehen euskalduna, uste baino gazteagoa

“Antzinako genoma batzuk Atapuerka inguruko nekazariak lehen euskaldunekin lotzen dituzte” lerroburu duen notizia irakurri dugu Noticias de Burgos agerkari digitalean.

Berria zientifikoa da, eta zera dio gutxi gorabehera: nekazariak heldu baino lehenagoko ehiztariekin lotzen zituen hipotesiak baztertu eta gure arbasoak Iberiar penintsulako lehen nekazari eta abeltzainekin lotu beharra dagoela. Hau da, azken ikerketen arabera, euskaldunon jatorria ez dela uste bezain antzinakoa.

Ikerketak, guk egiaztatu ezin badugu ere, badu bere garrantzia, baina historia zalea izan ezean, ez da eguneroko prentsan agertzeko bezain erakargarria… kazetariak ahalegin berezi bat egiten ez badu.

Atzo, aipagai dugun berri zientifikoa El País egunkariak ere ekarri zuen edizio digitalera, “Euskaldunak ez dira uste zen bezain zaharrak” titularra hartu eta … Ibarretxe lehen lerrora ekarrita!

«El antiguo lehendakari Juan José Ibarretxe solía repetir que el pueblo vasco “tiene 7.000 años”, para defender la creación de un estado independiente cuyo origen se remontaría “al Mesolítico”. No es cierto».

Ahapaldi bukaerako “ez da egia” guk geuk indartu dugu, beste bat baita kazetariak egiten duen azpimarra, berriarekin defendatzen duen tesia laburtzera datorrena:

«Los habitantes de la península Ibérica tenemos un origen bastante común y relativamente reciente».

“Euskaldunen jatorri paleolitikoa zentsurik bako legenda bat da, aspaldi ahaztua dagoena”, dio José María Bermúdez de Castro-k, Atapuerkako aztarnategiaren zuzendarikideak. “Azken ikerketek nazionalistentzako horren desiragarria ez den errealitatea agertzen dute, epika faltarik ez badu ere”, idazten du segidan kazetariak.

Bukaera aldera, eta Bermúdez de Castro-ren hitzekin jarraituta; uste baino gazteagoak eta penintsulako beste herrien antzekoak izan arren, mendiz inguratuta egotearen poderioz luzez isolatuta egon ginela-eta, “euskaldunek hobeto gorde dute garbitasun neolitikoa”, dio ikerlariak.

“Preservan la pureza neolítica”?!?; eskerrak ez duen gutariko batek esan!

.

Iraultza Neolitikoa

El País utzi eta berriaren alde zientifikora itzuliko gara.

Lehen euskalduna, uste baino gazteagoaMesolitikotik Neolitikorako pausua oso garrantzitsua da europar Historiaurrean, bizirauteko moduetan sekulako aldaketa suertatu baitzen, ehiztari talde txiki ibiltarietatik egonkortzen eta ugaritzen joan ziren giza talde nekazari eta abeltzainetara; Iraultza Neolitikoa esaten zaion bilakaera, klima epelagoak lagundu zuena.

Ordukoak dira, Neolitoaren atekoak, orain dela 3.500-5.500 urte inguru bizi izan zire zortzi gizakirenak, aztertu dituzten genomak. Hauek Atapuerca inguruko herri guztiekin alderatuta, antzik gehien euskaldunekin dutela ondorioztatu dute.

“Emaitza interesgarria da oso, euskaldunak beti hartu izan baitira Europan kasu bakan bezala, ez bakarrik indoeuropearrekin zerikusirik ez duen hizkuntza dutelako, baita genetikagatik ere. Orain hamar mila urte baino aurreragokoak zirela uste zen, Paleolitokoak. Eta ez dira hain aspaldikoak”; dio Juan Luis Arsuagak, Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoak.

José Miguel Carretero, Burgos-eko Unibertsitateko irakaslearen aburuz, “euskaldunak 5.000 urte inguru eman ditu isolatuta”, eta -Eneko Iriarte lankideak du orain hitza- “agian horrexek azaltzen du espainiar eta europearrengandik horren ezaugarri kultural eta genetiko ezberdinak izatea; baita euskararen jatorri enigmatikoa ere”.

Uppsalako Unibertsitateak (Suedia) zuzendu duen nazioarteko azterketan Burgos-eko Unibertsitateak ere hartu du parte. Ikerketak El Portalón-eko aztarnategian (Atapuercako koba nagusian) aurkitutako Brontze aroko zortzi gizakiren genomak aztertu ditu. Eta ondorioak atzo argitaratu zituzten, Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA (PNAS) aldizkarian.

Antzinako genomen sekuentzatzeari esker europar Neolitoko mapa genetikoa osatu nahi dute ikerlariek.

 

Lehen euskalduna, uste baino gazteagoa

11 pentsamendu “Lehen euskalduna, uste baino gazteagoa”-ri buruz

  • Arraioa!
    Ez gaituk ezer euskaldunok!
    Ez izateagatik, ez gaituk ezta munduak uste zuen bezain zahar ere!
    Trajeria gurea!
    Egin dik, bai, euskaldunen Herriak!
    Orain arte gutxietsiak, hemendik aurrera ezereztatuak!

  • Ez dut ulertzen, gorpu batzuekin konparatzen badituzte gorpu horrekin antza duten ala ez jakingo ahalko dute ez aintzinakoekin, ta ikerketa zientifiko ta fidagarriak daude DNA aztertu ta gero NFE ta EH orokorrean,hemen 15 mila urte daramaten lerro genetikoak duten leinuak aurkitu dituzte.
    Ikerketa erran nahiko du gorpu hoiek gukin zerikusia dutela ez bakarrik aintzineko gorpu hoiek.
    Hau dena nire ezjakintasun osotik diot.

  • Euskaldun bat 2015-09-09 20:25

    Atapuercan pertsona bat aurkitu dute eta pertsona horren genomak euskaldunarenarekin du antza gehien eta pertsona hau orain dela 5000 urtekoa denez, euskaldunok 5000 urte daramagu isolatuta eta Atapuerca-ko horren ondorengoak gara. Komunikabideek ikerketak dioennguztia ez dute kontatu edo ulertzen ez dudan zerbait dago hemen. Eta zergatik ezin daiteke izan Atapuerca-ko hori euskaldunen etniako bat besterik ez izatea? Zergatik gara euskaldunak Atapuerca-ko horien ondorengoak? Beraz, pertsona horien aurretik euskal zonaldean ez zegoen inor?

  • Joan den mende hasieran alemaniar naturalista bat Amazoniara iritsi omen zen ikerlanak egitera.Tesi bat frogatu nahi omen zuen:mutilazioek nerbio sistema zentrala kaltetzen dutenekoa. Zenbait esperimentu egin omen zituen hori frogatze aldera,eta hauetako bat egin ahal izateko,armiarma bat hezi omen zuen. “Zatoz” esan eta berarengana hurreratzen erakutsi omen zion armiarmari. Hau lortu zuenean,armiarmari egunero zango bat moztu eta “zatoz” esaten omen zion. Armiarma,esaneko,”zatoz” agindua entzun eta hurbildu egiten omen zitzaion. Eguna joan eta eguna etorri, zango gutxiagoz, gero eta baldarrago, gero eta traketsago,armiarmak obedituz jarraitu omen zuen halere. Halako batean,zortzigarren zangoa moztu eta “zatoz” agindu omen zion zientzialariak. Armiarma ez omen zen mugitu. “Zatoz” esan omen zion berriz ,ozenago oraingoan. Baina armiarma geldi. “Zatoz!!!” oihuka azkenik, baina alferrik, armiarmak ez baitzuen gehiago obeditzen. Orduan naturalistak apunteak egiteko erabiltzen zuen koadernoa hartu eta zera idatzi omen zuen: Zortzigarren zangoa mozterakoan armiarma gor bihurtzen da.

  • Albistea zabaldu dutenek (zientzialariak ala kazetariak, hori ez dakit), datu zientifiko sendoekin batera, hainbat premisa inplizitu darabilzkite ezkutuan, baina hauek ez dira ordea ez zientifiko eta ez sendo. “Ekialdeko lehen nekazari” kontzeptua erabiltzen dute kategoria genetiko modura. Horrek esan nahi du, asumitzen dutela nekazaritza sortu zeneko eskualdeko jendeak Europan zehar zabaldu zirela inorekin nahasi gabe eta aurretik Europan bizi ziren ehiztari-biltzaileek ez zutela nekazaritza bereganatu, ez berehala behinik behin. Gainera, nekazari kultura gailen geratu zenez ehiztari-biltzaile bizimoduaren gainetik, ondorioztatzen dute bertako ehiztari-biltzaileek nekazarien hizkuntza hartu zutela, kontrakoa ezinezkotzat jotzen dutelako. Datu batekin baino ez erantzuteagatik, Lydia Zapata zendu berriaren lan bikainetan ikus daiteke Bizkaiko Golkoan, nekazaritzarako lekurik traketsenean alegia, duela 5200 urte ekonomia mixto bat garaturik zegoela, ehiza, fruitu bilketa eta nekazaritza biltzen zituena. Beraz, zabaldu den albisteak askoz gehiago du aurreritzitik, zientziatik baino. Askoz ere argibide sinpleagoa da lortu dituzten emaitzak argitzeko zera, bertan bizi ziren euskaldunak, bertaratu berri ziren nekazari apurrekin nahastu eta haien bizimodu hobea berenganatu zutela, hizkuntzari eutsiaz halere, hedadura neolitikoa ez zelako izan ez inperialista ez eta genetikoki ugaria, honuzgero hainbat ikerketak erakutsi duenaren arabera. Beraz, hainbat datu sendo aurreritziz moldatutako ereduan sarturik lor daitekeen mordoiloaren adibide bikaina.

  • Tira, hortaz baztandarrak ez dira euskaldunak? 2012ko EHUko ikerketa genetiko batek honakoa zihurtatu zuen: Baztandarren leinuak europako zaharrenetarikoak direla eta 15.000 urtetara atzeratzen direla-

    http://www.europapress.es/euskadi/noticia-estudio-upv-ehu-situa-habitantes-baztan-navarra-linajes-europeos-mas-antiguos-20120119173059.html

    • Harriduratik harridurara!
      Azken dekonstruzioraino, nonbait!
      ETBn bota berri duten “Baskoniako historia” izenekoan kontatu digutenez, ez izateagatik hemengoak ere ez gara euskaldunok!
      Bost axola, antza, Baztango azterketa genetikoa, Atapuercakoa eta etorriko diren guztiak.
      VI. mendeaz geroztik etorriak omen gara hona. Txapela buruan, eta konkistatzaile modura, euskara inposatzera, noski.
      Beraz, ez dolmenik, ez menhirrik, ez kromletxik, ez letxerik ez genuen egin euskaldunok!
      Ez zahar, ez hemengo, eta, laster asko, ez euskaldun.
      Jainko berdaderoak lagun gaitzala!

  • Peru Dulantz 2015-09-11 11:03

    Baina, oraindik ez zarete enteratu? Euskaldunak ez gara existitzen, eta sekula ez gara existitu, geure burua inbentatu egin dugu espainarrak izorratzeko, abertzale separatista aluok!!

  • Ea, zorroztasun punttu baten amorez, uste dut ez dagoela soberan azpimarratzea euskaldunen -eta, ondorioz, Euskal Herriaren- jatorria, egon, hiztun talde bat bere hizkuntzari “euskera” edo antzeko izenen bat ematen hasi zen unean aurkitzen dela. Sasoi historikotan geratu zen hori? Historiaurrean? Nik behintzat ez dakit.

    Bérmudez de Castrok “euskaldunen jatorri paleolitikoa zentzu gabeko leienda”-tzat jo izana soilik uler liteke alderdi genetikoaz ari baldin bada, ze, hizkuntzari dagokionez, de Castro berak, zuhurtasun zientifikoz, bi hipotesi aipatzen baititu bien posibilitatea ukatu gabe: bata, euskara Asiatik nekazariekin etorri izatea; bestea, euskara paleolitoko ehiztarien hizkuntza izatea.

    Ni, egia esan, pigdinaren (hizkuntza hibridazioaren) hipotesirik inori aditu ez izanak harritzen nau pixka bat.

    http://reflexiones-de-un-primate.blogs.quo.es/2015/09/07/atapuerca-y-la-historia-del-pais-vasco/

    Auskalo. Bitxikieria gisa, Joxe Migel Barandiaran, oker ez baldin banago, hainbat arrazoigatik, euskeraren jatorri Asiarraren aldekoa zen.

    Eta, bai, puf, abertzaletasuna deslegitimatu asmoz interesgarri diren hipotesiak teoria frogatutzat saldu eta sozializatzen dituztela eta gainontzekoak minimizatzen dituztela argi dago. Gero, azkenean, agian ikusiko da zuzenak zirela hipotesi horiek, zergatik ez… baina instrumentalizazio asmoa izutzekoa da.

    • Peru Dulantz 2015-09-14 09:47

      Erabat ados azkeneko esaldiekin. Auskalo zein tesi edo hipotesi den egiazkoa, seguraski bat baino gehiagoren konbinazioan egongo da egia, baina frogatutako egia balitz bezala aurkeztea…, eta gainera, Ermuko Foroa gogora zekarkidan ahoskera horrekin…

  • aurreko guztiagatik orain 10 eratu genuen Euskararen Jatorriaren Biltzarra, jatorriaz dagoen guztia, esanda, idatzita, grabatuta… biltzeko eta urtero kongresu moduko txiki bat egiten da 60 pertsonaz, parte hartzeko atea irekita egonda. Gero norberak, euskararen, euskaldunon eta beraren jatorriaz beraz nahi duen eritzia atera dezan.