Kortxoenea Gune Askea

Kortxoenea Gune AskeaOrain dela bost urte Groseko Gazte Asanbladak beste hainbat auzokideren laguntzarekin hutsik zegoen kortxo fabrika zena okupatu zuen, auzoan eta hiri osoan zegoen gabezia handi bati erantzuteko asmoz. Donostia mailako proiektu kultural anitz eta parte hartzaileenetakoa da Kortxoenea; dohako kultur eskaintza kritiko eta zabala sortu dugu bost urtez, hainbat eragile eta kolektiboren bilgunea bilakatuz.

2016ean Donostia Europako kulturaren hiriburua izango den honetan, udalak, kapitalari jokoa egiten dion kultur eredu bat bakarrik bultzatzen du, eredu ofizial eta kontrolatu bat. Kapitalaren Hiriak autogestioaren Donostiari espazioak desjabetu eta eraitsi nahi dizkio, espekulazioan, turismo kutrean eta merkantilizatutako kulturan oinarrituta, autogestioa, feminismoa, elkartasuna eta askatasuna oinarri duen Donostiari bizkarra emanez.

Honela bakarrik ulertu daiteke 2016 kultura kapitalaren prestaketan murgilduta dauden bitartean Kortxoenea Gaztetxea bezalako gune kulturala eraitsi nahi izatea, Tabakalera eraikina zabalduko den aste berdinean hain zuzen ere, inolako alternatibarik eskaini gabe. Kultur ereduen arteko talka argia da, kapitala, espekulazioa eta negozioari bideratutako kultura, edo herritik herriarentzako, eta auzokideen beharrak erdigunean kokatuko dituen kultura.

Guk, kortxoenea gaztetxea eta proiektu autogestionatu eta herritarrak defendatzen jarraituko dugu. Legez kanpoko eraisketaren aurrean, 24 orduko dinamika abiaraziko dugu gaurdanik, Kortxoenea gaztetxea gune askea deklaratuz. Honetarako, Kortxoenearen eguneroko dinamika mantenduko dugu, bost urte hauetan eraiki ditugun proiektu eta ideia ezberdinei jarraipena eman eta gazte zein auzokide ororen espazio askea bilakatuz.

Hala ere borroka honen helburua ez da espazioaren defentsara mugatzen, Donostiako udalak maila kulturalean eta sozialean darabilen politika espekulatzaile eta elitista salatu nahi dugu, 11.000 etxebizitza huts baino gehiago dagoen hiri batean jendea etxetik botatzea eta gaztetxeak eraistea etxe gehiago eraikitzeko estrategia kapitalista eta diruzale basati baten baitan bakarrik kokatu daiteke. Eredu parte hartzailea eta herrikoia bultzatzen duen edozein kolektibori, jai herrikoien aldeko kolektiboak kasu, jartzen zaizkion trabak gehitzen zaizkio honi, herritik kultura bultzatzea sahiestuz, guztion diruarekin zezenketak antolatzen dituzten bitartean.

Aski dela argi utzi nahi dugu, geure hirian gune autogestionatuak behar direla, kultura herritik bultzatzen dela herriaren beharren arabera, eta ez batzuen diru gose etengabea elikatzeko, borrokan jarraituko dugu Kortxoenea proiektuak aurrera egin dezan, ez baita eraikina bakarrik, hiritarrok geure kultura eta geure beharrak asetzeko eskubidea dago jokoan, ez gaituzte geldituko Kortxoenea betirako baita, eta beste mila Kortxoenea antolatzen jarraituko baitugu.

Erresistentziaz eta autogestioaz, kortxoenea bizirik!

.

Kortxoeneak irailaren 7ko asanbladaren ostean plazaratu duen komunikatuaz aparte, spot txiki bat gehitu diogu sarrerari, gaztetxean sekula egon ez denak apur bat ezagutu dezan.

2015eko hasieran, Kortxoeneako lehen bost urteen historia dokumental batean jaso nahi zutela eta, crowdfunding-a egiteko bideotxoa plazaratu zutenekoa.

.

Kortxoenea Gune AskeaKortxoselfia

Aparte, Kortxoenea gaztetxeari babesa agertzeko ekimen polit bat abiatu dute sare sozialetan, eta jendea hasi da Euskal Herriko bazter guztietatik #Kortxoselfia-k bidaltzen; gutxienez 500 jasotzea dute helburua.

(hemen ondoan dituzue gutxi batzuk).

#Kortxoeneabizirik azken hamabi orduetako joera izan da Twitter-eko euskarazko jarduna neurtzen duen Umap-en arabera.

Gaztetxeak badu bere kontu propioa Twitter-en, @kortxoenea, egunotako gertakariak ezagutu eta egin duten asanblada zein aurrerantzean burutuko dituzten ekimenen berri zuzen eta bapatekoa izateko tresnarik aproposena.

Bukatzeko, beste bideotxo bat, gaztetxea eraisten saiatu ziren biharamunekoa, pasa den larunbatekoa.

 

Kortxoenea Gune Askea

Donostia, gaztetxea, Kortxoenea
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude