Euskara hutsez, %14 baino ez

Guraso.com atariak Txerra Rodriguezek Garaigoikoa blog-ean orain bi urte idatzitako sarrera bat berreskuratu du, eta ikasturtea berri baten atarian gauden honetan, jatorrizko sarrera dakargu ZUZEUra.

Zelan hobetu umeen euskarazko sozializazioa?

Euskara hutsez ikasten duen ume batek esna egoten den orduen %14a pasatzen du euskaraz eskola barruan. Beste %86a euskaraz izan daiteke edo ez. Horregatik, guztiz beharrezkoa da familia eta gertuko komunitatearekin lan egitea, %86 horretatik euskaraz ahalik eta gehien izan dadin.

Euskara hutsez, %14 baino ezOrain arte gurean transmisioaz hitz egiten zen. Oraindik asko erabiltzen da, baina Paula Kasares soziolinguistak beste kontzeptu bat proposatzen du: sozializazioa. Transmisioa kontzeptu estatikoa da, goitik beherakoa, norabide bakarrekoa, helduetatik umeetara doana. Baina gure egoera konplexua ulertzeko ez da nahikoa. Horregatik, ni ere sozializazioaz ari naiz. Kontzeptu dinamikoa da, norabide anitzekoa (goitik behera jakina, baina baita behetik gora, umeak izaten baitira askotan etxeetara berritasun linguistikoak dakartzatenak, eta berdinen artean), transmisioa baino zabalagoa da (kontzeptu honen barne sartu baitira eskola bera, komunitatea, familiaren erabaki kulturalak eta abar).

Gauzak horrela, sozializazioan hiru oinarrizko elementuek hartzen dute parte: eskola, komunitatea eta familia, hirurak elkarlotuak jakina. Gure helburua (hizkuntza gutxitua eskuratzearen ikuspuntutik) izan behar da gure umeek euskararen esposiziorik altuena izatea, ahal den eta altuena.

Eskolatik hasita, nahitaezkoa da murgiltze linguistikoa, D eredua. Baina helburu komunikatiboa duen murgiltzea, ez edozein murgiltzea. Espainiako hezkuntzaren moldeak apurtu behar ditugu. Umeen pasibotasuna apurtu behar dugu. Ikasleek gelen barruan asko komunikatu behar dute, guk eskatzen dugun errepertorioa lortuko badute. Eta, gainera, eskolak ere identitatea landu behar du.

.

Familia

Familiarekin jarraituko dugu. Familia gakoa da, hizkuntzen eskurapenean erabakigarria. Familia ahal den neurrian, murgiltze linguistikoaren eremu bihurtu behar da. Horretarako, gurasoen papera funtsezkoa da. Kontsekuente jokatu behar dute: euskara erabili behar dute ahal duten egoera guztietan. Eta berebiziko garrantzia du bikotearen hizkuntzak. Eta izan behar da umeekin erabiltzen den hizkuntza bera. Leialak izatea funtsezkoa da, hizkuntzaz sekula aldatu barik, umea erdaraz badator ere. Koherentziaz jokatu behar da.

Familian kontsumo kulturalak ere garrantzi handia du. Familiako kontsumo hori euskaraz izan behar du. Zaila da, badakit, eskaintza nahikorik ez dagoelako, baina dagoena bilatu eta kontsumitu. Baina ez bakarrik etxe barrukoa, etxe kanpokoa ere bai: antzezlanak, ipuin-kontalariak, zirkua, … Garrantzi berezia du alor honetan telebistak. Euskaraz gutxi egon arren, haren aldeko apostu irmoa egin beharko lukete familiek (bide batez, Nafarroan ETB3 ikusi ezintasunaz salaketa).

Baina bada gehiago: neba edo ahizpa nagusiak bete dezakeen egitekoa. Sozializazioa, esan bezala, ez da norabide bakarrekoa, eta berdinen arteko harremanak zeregin indartsua du. Honi ekitea zaila, baina zergatik ez enkargatu neba edo ahizpa nagusiari txikiaren zaintza linguistikoa? Batzuetan emaitza onak ematen ditu: umeei gustatzen zaie familia lanak betetzea, oro har.

Are gehiago: zaintzaile bat kontratatuz gero, hizkuntzari dagokion gaia hartu behar da aintzat. Aitita-amamari ere adierazi behar zaio hizkuntzaren gainean familiak hartu duen erabakia, eta laguntzeko eskatu behar zaie (edo, gutxienez, ez eragozteko). Eta nagusiagoak direnean: eskolaz kanpoko jarduerak, aisialdi elkarteak, eta abar, eta abar.

Familiarekin amaitzeko, aintzat hartu behar da hizkuntzaren gaia familian eztabaidatu beharreko gaia dela. Bikote batek umea izatea erabakitzen duenean hainbat erabaki hartzen ditu. Eta hizkuntzaren gaineko erabakia ere espreski hartu beharko luke.

Eta, azkenik, gertuko komunitatea: parkea, lagunak, auzoa, … Lantzeko alorrik zailena da hauxe, baina euskaraz izan dadin saiatu behar dugu. Esate baterako, azken aldion Euskal Herrian bi ekimen interesgarri jarri dira martxan (Gasteizen eta Pasaian), gurasoek bultzatuta, umeek astean behin gutxienez euskaraz jolas egin dezaten. Ekimen txikiak dira, asko falta da oraindik egiteko (baina ziur naiz horrelako gehiago daudela han eta hemen).

Jatorrizkoa hemen.

Euskara hutsez, %14 baino ez

euskara, haurrak, hezkuntza, sozializazioa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

6 pentsamendu “Euskara hutsez, %14 baino ez”-ri buruz

  • Duela gutxi Bizkaiko herri txiki polit batean egon nintzan 2 egun (euskara dakitenen kopuurua %75 azpitik dela), ailegatzerakoan hortik poteatzen zegoen koadrila bati galdetu nion hostala nun zegoen, bera Euskalki politan erantzun zidan ta buelta eman orduko koadrilarekin Gazteleraz jarraitu zun, lehengo 10 minututan horrelako 3 koadrila ikusi nitun.

    Dena utzi ta herritik bira bat ematera juan ginan, 3 taberna irekitak zitun herriak ta bitan ez zekiten Euskaratik.
    Jarraitu genun bira ematen ta umeak jolasten diran lekura iritsi ginan, momentu hortan gurasorik ez zegon hortik ta ume guztiak Gazteleraz ari ziran (Euskaldunak ziran guztiak), herritik ibiltzerakoan jende gehio Gazteleraz egiten batik bat ta Euskara entzuten nun gehiena kanpotarrena zan, hori bai, gurasoak ta umeak elkartzen ziranean, gurasoak Euskaraz hasten ziran, orduan bai entzuten nula Euskara.

    Azken egunean afrikandar batek postua jarri zun taberna baten hondoan (astero juaten omen da), herriko hiritarrak ezagutzen zitun (izenengatik) ta eskariak egiten zizkioten herritarrak.
    Ordu ta koxkan 20 salmenta edo egin zitun.

    Herritar Euskadunak hurbiltzen ziran ta:
    Kaixo a cuanto eta eso? Hamabost euro eantzuten zun, ta Euskaldunzaharra zioen, “Me has traido lo que he pedido?” llevo toda la semana Esperando.
    Afrikandarra: Hoy no el sabado lo mas seguro.

    Pentsatu nun Afrinakdarra bakarrik zenbaki batzuk jakingo zitula Euskaraz, baina halare pentsatzen nuen herrikoak Euskaraz gehio egin behar ziotela.

    Bapatean Ama bat agertu zan umearekin, ta Afrikandarraren ondoan gelditu ta Amak esan zion, Kaixo como esta todo? Ta Afrikandarra, muy bien Gracias (ta emakumearen izena), bapatean makurtzen da ta umeari hasten zaio esaten.
    Kaixo txiki nun dago aita? Zer moduz zaude? Hemen amatxorekin buelta bat ematen?

    Nik harrituta gelditu nintzan, nola da posible Herri Euskaldun batean, Euskara dakien atzerritarrari, Euskaraz egin ordez, Euskaldunzahar guztiak Gazteleraz egitea?
    Hor egon nintzan orduetan bakarrik pertsona bat erosi zion Euskaraz (ta Bizkaiera zan bera zekiena), ni.

    Lekeition ere egon nintzan (jaiak ziren) ta lekeitiarrek ta alboko herrikoek nahi dutena esango dute baina nik ere oso Euskara gutxi entzun nun, herrixka txikian baino gehio baino oso gutxi halare.

    Juan baino lehen Bermeotar bat ezagutu nun ta hitzegiten egon ginan, gertatutakoa kontatu nion ta harritu xamar gelditu zan , ez hainbeste herri txikiarengatik baizik ta Lekeitiorengatik, berazk zioen Euskara asko entzuten zela hor, ta nik erran nion agian festak zirelako kanpotarrei entzun niela batez ere Gazteleraz egitea.

    Baina hitzegiten jarraituz, berak aitortu zidan, bere umea nahiz ta Euskalduna izan ta berak beti Euskaraz egin behar dela zioen baina umeak ez ziola kasurik egiten.

    Hor konturatu nintzan Lekeition ez dela hinbeste Euskara egiten (Leku mordoetan baino gehiago baina ez jendea uste duen bezain beste), ze Bermeon ere ustez asko egiten da ta Bermeotarren seme Euskaldunak Gaztelerara pasatzen dira, hori erran bait zidan gizonak, orokorrean bere lagunei ere gertatzen zitzaiela.
    Hau da Euskaldunak gizonak ligatzen bezalakoak garela, bat egiten degu ta 20 zenbatu.
    Haibeste Euskaldunzahar dauden toki guztietan horrela jarduten bada, Euskara uste deguna baino askoz ahulago dago.
    Nik behintzat etsituta bukatu nun (ta oso ondo pasa genun ta oso polita zan ikusi genuna).

    • Kontakizun gordina, inkesta soziolinguistiko ez-ofizial bikaina. Halaxe gaude oro har, “aldeko” baldintzak daudenean ere.

  • Ederki azaldu dezu errealitatea. Oso jota gaude, baina geure burua engainatzen segitzen degu. Hemen militantzia galdu da arlo ta eremu guztietan, eta hori gabe alperrik da, politikan, euskalgintzan ta herrigintzan. Baina hitz zatarrak dira horiek (militantzia, kontzientzia, disziplina, ikasketa) eta nahiago ditugu beste batzuk (lanketa, kreatibitatea, tailerrak, sedukzioa…) eta hala goaz bete betean desastrera, baina gutxi inporta Reala, Athletic, soziedadea eta pintxo potea dauzkagun bitartean. Herri patetikoa oraintxe Euskal Herria.

  • Peru Dulantz 2015-09-15 08:32

    Zenbaki horiek argi uzten dute: eskolek eta ikastolek asko egin dezakete euskararen alde, baina ez dira nahikoa, hortik kanpo ere euskaraz egin behar da. Oso garrantzitsua da haurrek ikusentzunezkoak euskaraz edukitzea, etxean (helduen artean eta haurrekin) euskaraz hitz egitea, eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz izatea…

  • Peru Dulantz 2015-09-15 08:44

    Eta argi gera dadila: artikulu honetan ematen diren aholkuak aplikatuz gero, Danacolek bezala, FUNTZIONATZEN DU. Hizkuntzak ez dira osmosi bidez transmititzen, eta ez dago patuaren lege ezkutu bat gaztelania beti euskarari gailenduko zaiola dioena; ez. Izan koherentea eta ikusiko duzu euskara zure seme-alaben ahotan nola loratzen den.

  • Koherentzia ez da nahikoa sarri askotan.
    Haurrek (eta gazteek, eta helduek, eta…) ihes egiten diote euskal telebistari bere programazio oro har penagarria kausa.
    Interneten euskarazko oso eduki interesgarri gutxi dago haurrei eta gaztetxoei (eta gazteei, eta helduei, eta…) zuzenduta.
    Telebista eta internet dira gure aisialdiko produkturik kontsumituenak. Horietan ematen dugu denbora gehien.
    Ez dago sailburuorde, Kontseilukide edo Euskara Batzordekide izan beharrik zer gertatzen ari den jakiteko.
    Duela dozenaka urteak, soziolinguista kanpotar ausart eta trebe batek argi esan zuen erabilera, motibazioa eta elikadura enbor bereko ezpalak zirela, batak besteak gabe ezingo zutela iraun.
    Gure Folklore Herria maitean motibazio apenas lantzen den eta elikaduraz hobeto hitz egin ez. Ez dago teoria sakonen beharrik errealitate ilun hau esplikatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude