Kutsidazu bidea Ixabel. Antzezlan dibertigarria eta ariketa, “benetako euskara” ikasteko
Kutsidazu bidea Ixabel –
“(Era)Kutsidazu bidea, Ixabel” istorioa liburu batekin hasi zen. Arrakasta handia izan zuen, hori dela eta, antzezlana egin zuten. Han ere arrakasta lortu zuenez, filma eta telesaila egin ziren. Istorio honetan, Donostiako kaletar (urbanita) eta euskaldunberri bat (nagusitan euskara ikasi duen bat) Gipuzkoako euskaltegi batera joaten da udan, euskara hobetzera. Euskaltegi horretan ikasten duelarik, baserri batean ematen du denboralditxo bat.
Umorezko istorio honetan parodiaz irudikatzen ditu ikasle kaletarren eta baserritarren ezjakintasuna (bakoitza bere esparruan): kaletarrak ez dakizki baserri giroko kontuak eta baserritarrek, berriz, ez dute ezagutzen euskara estandarra*. Euskaldunberrien zailtasunaz ere trufa egiten du istorioak, sarkasmo handiz.
*”Kutsidazu bidea, Ixabel” 1978an girotua dago. Orduan ez bezala, gaur egungo euskaldunzahar gehienek euskara estandarra ezagutzen dute.
Hemen duzu antzezlana. Azpitituluak (subtituluak) jarri dizkiogu. +7 ordukoa lana izan da niretzat:
Protagonista Juan Martin da, donostiar gazte bat. Euskaltegia eta baserria Tolosaldean kokatuak daude. Baserriko sendia amona, aita, semea (Peio) eta alabak (Ixabel) osatzen dute. Umore handiz, guztiz ezezaguna zaion mundu honetan, Juan Martinek dituen arazoak kontatzen ditu: “benetako” euskararekin (berarentzat ulergaitza denez, “swahili” deitzen dio), baserriko lanekin eta Ixabelenganako amodiozko kontuekin.
Goizean eskolak hartu ondoren, baserritarren zereginetan dabil. Nahiko trakets, hori bai. Euskaltegiko ikaskideen artean mota ezberdinetako hiztunak topatzen ditu: tabernari euskaldunzaharra, hizkera “formalegia” duen medikua eta etengabe aditzak eta hitzak nahasten duen harakina.
“Benetako euskara” ikasteko
Bata eta bestearen hizkera aztertzea interesgarria da, bakoitzaren ezaugarriak ikusteko.
Protagonistak euskara estandarrean egiten du. Juan Martin, “ikaslea” izan arren, nahiko ondo egiten du. Bere arazoa euskalki itxia ulertzeko da. Baina non datza euskaldunberri/euskalñol hiztun batek ulertzeko duen zailtasuna?
3 elementu nagusi dira:
- Abiadura. Azkartasuna.
- Laburdurak. Adibidez; “begiratu” ordez, askotan “beitu” esaten dugu. Edo “gehiago” ordez, “gehio”…
Laburdura (omisio) ohikoak: D, R eta G.
- Aldaerak. Aditz, hiztegi edo egiturak aldatzen dira: “dut” ordez, “dot” edo “det”; “ditut” ordez “dittut”; “zait” ordez, “jata”; “beste” ordez, “bertze”; “bezala” ordez, “lez”; “entzun” ordez, “aittu” eta abar.
Imajina ezazu zuk “zer egin duzu?” ikasi duzula. 3 faktore hauek kontuan hartzen ez baditugu (abiadura, laburdura eta aldaera), horrela izatera igaroko da:
Zer egin duzu? (guztiz ulergarria)
Ze egin duzu? “r” galdu dugu (oraindik ere ulertzen da erraz). Laburdura.
Ze egin dozu? Aldaera, “duzu” ordez “dozu”, bizkaieran.
Ze ein dozu? “g” galdu dugu. Laburdura.
Ze in dozu? “e” galdu dugu. Laburdura.
Ze’in’ozu? “d” galdu dugu. Laburdura. Arin-arin esaten badigute, ez dugu tutik ere ulertuko
> Bizkaierako beste adibide bat: Zer nahi duzu? | Ze gura dozu? | Ze gu’zu?
Antzezlan honetan entzungai dauden ezaugarriak:
-Hika, zuka ordez. [adib.: Hau ikuilu’ek]
-Hiztegia. Nekazal giroko hiztegia erabiltzen dute baserrian. [adib.: errapiak, jetsi, sardie…]
Euskañol, kontzienteki edo inkontzienteki
Euskaldunberriek “euskañol” barra-barra erabiltzen dute. Gaur egungo, euskaldunzaharrek ordea, ez dute duela 50 urteko euskaldunzaharrek zerabilten euskara bera erabiltzen. Batuaren elementu gehiago erabiltzeaz gain, erdarako elementuak (hiztegia, entonazioa, ahoskera, ordena, espresioak…) gehiago erabiltzen ditu. Batzuetan kontzienteki, bestetan inkontzienteki.
Adibidez:
- Entonazioa: eskerrik askó edo eskerrik àsko?
- Ordena: “Amonak du salda egiteko ohitura.” edo “Amonak saltsa egiteko ohitura du.” [galdegaia “zer” delarik]
Duela 50 urteko euskaldun peto batek (euskaraz eta euskarazko egitura sintaktikoan pentsatuz) gaztelaniaz egitean, euskararen ordenari eutsiko lioke: “(La) Amona de hacer salda, costumbre tiene.”
Aditza bukaeran jartzeko ohitura da jatorrena. Gaur egungo euskaldunzahar askok, gaztelaniaren egiturari heltzen diote, euskarakoari baino (aditzaren ordenari dagokionean behinik behin).
- Espresioak: Gaur egungo euskalduzaharrek, gaztelaniazko adierak bereganatuak ditu, euskarazkoak alde batera utziz: Klaro (noski), ya está (bada’o), sin mas (beste barik/beste’ik gabe)…
Esan daiteke, bideoan ikusgai dugun euskaldunzaharren hizkera, hizkera peto-petoa da. Euskararen benetako esentziari eusten diona.
Antzezlan honen inguruan, Erakutsidazu bidea Ixabel Antzereki lanerako espreski egin ditudan ariketak.
Ez ba! Edo ba ez! Nola demontre esan behar dugu. Euskaldun gehienok ez dugu aditza atzera eramaten. Hori gezur hutsa da. Eta *amonak du salda egiteko ohitura* eta “amonak salda egiteko ohitura du” zer esanen dizut, esanahi arras ezberdina da.
Ez, ez dugu atzera eramaten. Gehienok, orain, espainolaren egituraren ordenean egiten dugu, konturatu gabe. Gaztelaniaz egitean, ordea, ez dugu “euskarakadarik” egiten; hau da ez dugu aditza atzera eramaten.
Adibidez:
1) Mikel etorri da ondo.
2) Mikel ondo etorri da.
Berez, 2 esaldiak dira zuzenak, baina 1) esaldian “Mikel” galdegaia da (“Nor?” galderari erantzunez). 2) esaldian, “ondo” da galdegaia (“Nola?” galderari erantzunez).
Zorionez, aditza hasiera-hasieran jartzea “okertzat” hartzen da. Baina ikastoletan eta irakasleei oker esaten entzuten dut maiz, batez ere gune erdaldunetan.
Adibidez: “Dago ondo” (“Está bien” adierazteko), “Ondo dago” erabili ordez.
Ez dira horiek nik gogoan nituen adibideak. Badut lagun bat….., Entzun dut….., iruditu zait…..Hamaika dira adibideak. Galdegaiarena ez da egia erabatekoa.
..
Neronen inguruan bizi diren euskaldunek, nafarrak berek, Maitek esan du……, Ez………esan du.