[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIX

[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIX – 

Errogabetasuna eta nazioa (XIX. bidalketa)

Simone Weil - Painting by Lautir - ArtmajeurPatria definituz hil ala biziko[1] ingurune jakin bat bezala, patriotismoa jankatzen dituzten gezurrak eta kontraesanak saihesten ditugu. Patria hil ala biziko ingurune jakin bat da, baina beste batzu ere badaude. Ongia eta gaizkia, zuzena eta makurra, elgarren artean nahasi diren kausa nahasketa batek sortu du patria, eta horregatik ez da ahalik eta onena. Eta beharbada hil ala biziko osagai aberatsagoez osaturiko beste kausa osaketa baten kontra eratu da. Horrelako kasuan arrazoiz urriki gaitezke; baina gertakari iraganak orain kunplituak dira; Oraiko ingurune hau existitzen da, eta den bezala babestua izan behar da altxor bat bezala edukitzen duen ongiagatik.

Kasu frangotan, Frantziako erregearen soldadoek konkistatu zituzten populazioek kalte bat pairatu zuten. Baina hainbeste lokarri organiko hazi dira mendeetan zehar, nun, kirurgiako ebakuntza batek ez bailuke kalte zaharrari kalte berri bat gehituko baizik. Iragana ez da partzialki baizik konpontzen ahal, eta konpon daiteke bizitza tokiko eta erregional ahalbideturiko bati esker, eta nazio frantsesaren markoetan botere publikoek erreserbarik gabe emaniko sustengatuari esker. Bestetik, nazio frantsesaren desagerpenak, konkista iraganaren kaltea ez du batere konpontzen, aitzitik kaltea arraberritzen du larritasun askoz handiagoarekin. Baldin eta, duela zenbait mende, populazio batzuek arma frantsesengatik bizitasun galera bat pairatu badute, orain arma alemanek egindako zauri berri batek moralki kalituko lituzkete. Zentzu bakar horretan uler daiteke da egia topikoa zeinaren araberan ez dagoen elkarrezintasunik patria tipiaren eta handiaren artean. Horrela tolosar batek pasio osoz deitora lezake bere hiria iraganean frantsestu izana; hainbeste eliza erromano miresgarri sutsituak izana, tokia uzteko inportazioko gotiko kaskar bati; deitora lezake inkisizioak loratze izpirituala arrastatu izana; alabaina pasio handiagoz zin egin lezake ez duela sekula onartuko Tolosako hiri bera alemana bilaka dadin.

Manera beretik arrazoikatu behar dugu kanpotikako eraginaz. Izan ere, patria zinez hil ala biziko ingurune bat bada, horrela irauteagatik da bakarrik kanpotikako eraginetik urrundu behar, ez eta arrazoi absolutu batengatik. Estatua ez da gehiago jainkoaren legeagatik ardura duen lurraldeen nausi absolutua. Lurralde horien gaineko nazioarteko estrukturek emaniko autoritate arrazoigarri eta mugatu bat, herriarteko izaera duten funtsezko arazoei legokiena, ez litzateke gehiago agertuko maiestatearen kontrako krimentzat. Pentsamoldeen zirkulaziorako inguruneak ere sor litezke Frantzia baino zabalagoak eta Frantzia bera barru edukiko luketenak, eta frantses eta frantses ez diren lurralde batzu hurbilduko lituzketenak. Adibidez, esparru jakin batean, ez ote litzateke bidezkoa Bretainia, Gallesko herria, Cornouailleko herria eta Irlanda senti daitezen ingurune beraren zatiak?

Baina, berriro derragun, zenbat eta ingurune ez-nazional horiei atxikiagoak izan, orduan eta atxikiagoak izan nahi gara libertate nazionalari, zeren eta mugez gaindiko horrelako erlazioak ez dira existitzen populazio menderatuentzat. Horregatik, mediterraneo zeharkako trukaketa kulturalak askoz biziagoak eta intentsoagoak ziren konkista erromatarraren aurrean, ondoren baino, noiz eta herri horiek guziak probintzia egoera dohakabera erori baitziren berdintasun triste batean. Trukaketa bada norberak bere genio propioa atxikitzen badu, eta genio propioa ezinezkoa da askatasunik gabe.

Orokorki, ingurune bizi-ekarle kopuru handia bada, patria ez da horietariko bakar bat baizik. Haatik patria desagertzeko perilean denean, ingurune guzi horiei buruzko fidelitateek sorturiko obligazioak elkartzen dira patria sokorritzeko obligazio bakarrean. Izan ere estatu arrotz batek menderaturiko populazio baten kideak ingurune horietaz guzietaz batera gabetuak dira, ez eta ingurune nazionalaz bakarrik. Beraz nazio bat maila horretako perilean dagoenean, obligazio militarra bilakatzen da lur behere honetako fidelitate guzien adierazpen bakarra. Hau egia da kontzientzia-objektoreentzat ere, ahalegintzen bagara haiei gerla-armatuaren eginmoldearen baliokide bat aurkitzen.

Hau guzia aitortuz geroz, aldaketa batzuk etorri beharko lirateke gerla ikusteko moduan, naziorako perilaren kasuan. Hasteko, faktuen presioak jadanik kasik ezeztatu duen militarren eta zibilen arteko bereizketa osoki desagerrarazi beharra dago. Harek zuen parte handi batean eragin 1918 ondoko erreakzioa. Populazioaren gizaki bakoitzak patriari zor dizkio bere indar guziak, bere baliabideak oro, baita bizitza ere harik eta lanjerra baztertua den arte. Nahigarria da sofrikarioak eta perilak partekatuak izan daitezen populazioaren kategoria guzien artean, izan daitezen gazte ala zahar, gizon ala emakume, osasuntsu ala eri, bakoitzaren ahalmen teknikoaren neurrian, baita piska bat haratago ere. Azkenean ohorea hain da lotua obligazio horren betetzeari, eta kanpoko herstura hain da ohorearen kontrakoa, nun onartu behar giniekeen obligazio hori bete nahi ez dutenei; baina nazionalitatearen galtzearekin zigortu beharko ginituzke eta gainera, edo itzuligabeko kanporatzearekin edo ohoregabeak direla seinalatuko luketen umiliazio jarraituarekin.

Asaldagarria da ikustea ohorearen kontrako falta bat, ohointza edo erahiltze bat bezala zigortua dela. Eta beren patria defendatu nahi ez dutenek ez dute bizitza galdu behar ezta libertatea ere, baizik eta beren patria eta kito. Baina herriaren egoera halakoa da nun jende kopuru handi bati zigor horrek ez baitio ezer egiten, orduan erran dezakegu kodigo militarrak berak ere eragingortasunik ez daukala. Eta ezin gara egon hori aitortu gabe.

Une batzuetan, obligazio militarrak barnebiltzen baldin baditu lur honetako fidelitate guziak, paraleloki, une guzietan, lurralde barnean edo kanpoan, estatuak mantendu behar ditu inguruneak oro zeinetan populazioaren parte tipi edo handi batek arimarako bizitza jasotzen duen.

Lurralde nazionalaren segurtasuna beti eta eraginkorki mantentzea da estatuaren betebehar nabarmenena. Segurtasunak ez du lanjerraren ausentzia esan nahi, zeren eta mundu honetan lanjerra beti baitago, baina krisiaren kasuan, segurtasunak esan nahi du aukera arrazoigarri bat krisitik ateratzeko. Eta hau ez da estatuaren betebeharrik oinarrizkoena baizik. Baina hau bakarrik egiten badu, ez du ezer egiten, zeren eta, hau bakarrik egiten saiatzen bada ez baitu hau ere egitea lortuko.

Estatuak, badu patriarekin maila altueneko errealitatea egiteko betebeharra. 1939an frantses askorentzat patria ez zen errealitate bat. Frantzia eskasetik da berriro paradoxikoki bilakatu errealitate bat. Frantsesentzat patria errealitate bat egon behar da posesioan, bestela esanda, posesioaren sentimentuari esker. Eta horregatik patria errealki izan behar da bizimodu iturri eta errealki izan behar da erroztatzeko lurra. Beraz patria bilakatu  behar da marko lagungarri bat  zeinak ahalbidetzen baitigun fidelki  parte hartzeko eta lotzeko beste zer nahi ingurune motatan. 

[1] Vital frantsesez

[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIX

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIX”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-03-14 17:56

    Pasarte honen bigarren paragrafoa merezi du meditatua izaitea ados izan ala ez edo hobeki esateko guri plazer egin ala ez. Uste dut nahikoa ongi ezagutu zuen Okzitaniaz ari zela. Hartzen duen Tolosarraren etsenpluak hori frogatuko luke. Entseiatuko naiz berformulatzen. Izigarriko sofrikarioek sortu zituzten aspaldiko konkistek denboraren buruan errealitate berri bat sortzen dute: identitate berri bat, atxikimendu berri eta lokarri berri batzu. Konkista aurreko errealitatera itzuli nahi izaitea ez litzateke populazioaren buruaren gainean kalte zaharrari beste kalte berri bat gehitzea baizik?
    Bestela esan du merezi ote du sofrikarioan bereuskaldundu aspaldian sofrikarioan arroztu zuten baina orain gehiago sofritzen ez duen eskualde bat? Hau da eskualde horri galda behar giniokeena erreferendum baten medioz. Aldiz norberaren erantzuna desberdina izan liteke.
    Horra zer zerabilen buruan gure filosofoa Frantziaz eta Okzitaniaz ari zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude