Itzuli Mihitzuli egitasmoa

Itzuli Mihitzuli egitasmoa –

Itzuli Mihitzuli egitasmoa

Itzuli Mihitzuli familia euskaldunentzako sortutako egitasmo bat da. Ume txiki eta ez hain txikiekin batera, eta gurasook eredua emanda, euskaratik eta euskara hutsean egiten dira planak (mendi ibilaldiak, jolasak, tailerrak,…). Orain arte 3 saio joan dira eta ohitura finkatuz doa hileko hirugarren igandea begiz jota.

Han azaldu garenon artean, oraingoz, sentsazioa ezin hobea dugula esango nuke. Heldu gehienok ahalduntze ariketa luze batetik heldu gara hona, baina umeak hona ekarri ditugu, eta ederra da gurasoon kontrol eta agindu ezkorrik gabe beraien artean hasieratik euskaraz aritzea eta ongi pasatzea. Edo ongi pasatzea eta euskaraz aritzea. Berdin zait ordena. Elkarren lagun egitea eta elkarren zain egotea hurrengo saiorako izugarrizko lorpen gisa ikusten dut.

Ez zaigu ahazten normalizazio “probokatu“ saio bat dela, baina euskaldunon konpaktazioa beharrezkoa dela erakusten du egitasmo honek. Hona gatozen helduok kontzienteago izan gaitezke, baina umeek horrelako espazioak behar-beharrezkoak dituzte araua hausteko eta beraien barne egitura soziolinguistiko-mentaletan euskara sendo eta osasungarri bat edukitzeko, konplexu orokortutik aldenduz. Bestela, D ereduko eskoletan ere, jai dute bertako hezkuntza komunitate gehienaren konformismoarekin, inertzia edo utzikeria orokorrarekin eta ikastetxeen erreakzio plan ezarekin. Zorionak antolatzaileei!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko abenduaren 14koa]

Itzuli Mihitzuli egitasmoa

Aita eta euskaltzalea.