[Euskararen (pro)bokazioa] Istorioa eta historia
[Euskararen (pro)bokazioa] Istorioa eta historia –
Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.
.
ISTORIOA ETA HISTORIA
.
Abesti zaharrak dioen bezala:
> Hori bera da denen ixtoria / Herioak bardintzen handi txipiak / Zeren ilüsione bat bera da / Lürren gaineko gure pasajea.
Zer da, ba historia? Lurren gaineko gure pasatzea. Beraz, gertaera errealez ari garenean, historia aipatuko dugu, /h/ eta guzti.
Baina eleberri labur, ipuin, film edo halakorik sortzen badugu, edo gertaera baten narrazioa egiten badugu, erreala edo asmatua, orduan erabiliko dugu istorio /h/ gabe. Saretik:
> Sinuhéren istorioa Berlineko Papiroetako biren bidez ezagutzen den egiptoar ipuina da.
.
Euskaltzaindiaren hiztegitik hartuak:
historia 1 iz. Gizadiaren (edo gizarte edo gizatalde baten) iraganaldiko gertaera gogoangarrien ezagutza edo kontakizuna; horrela kontaturiko gertaerak. Ik. kondaira. Historia orokorra edo orotarikoa. Ingalaterraren historia. Hirugarren Errepublikaren historia. Historia eta historiaurrea. Gure historiaren berri ez dakigulako. || iz. (Giza jardun batez mintzatuz). Musikaren historia. Euskal literaturaren historia. Jakintzen historia.
2 iz. Gizadiaren iraganaldiko gertaerak aztertzen dituen jakintza. Historiaren iturburuak, tresnak, metodoak. Historia-ikerketak. Historiako irakaslea.
.
istorio 1 iz. Kontakizuna; bereziki, kontakizun laburra. Ebanjelioaren istorioa. Utz dezagun Piarres Adame bere zenbait istorioren erratera. Hamaika istorio kontatzen zizkien. Gezurrezko istorioak. Kontrabando istorioak. Hona istorio bat mila aldiz supazterrean aita zenari aditu dioguna.
2 iz. Gertaera. Arnegiko errekan istorio bat gertatu da.
istorio-misterio Ipuina. Istorio-misterio batzuk, irudipen hutsezkoak.
.
Baina, zergatik /historia/ baina /istorio/? Hori beste saski bateko arrautza da. Istorio Ipar Euskal Herriko tradiziotik omen dator. Eta gertaera balio ere gordetzen du, Euskaltzaindiaren hiztegian ikusten denez.
Egunerokoan, beraz, eta ñabardurak ñabardura, /historia/ lotuago erabiliko dugu gertatutako zerbaitekin eta /istorio/, berriz, sortutako kontuekin.
/Historio/, ordea, baztertzekoa.