[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen da

[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen da

Euskararen probokazioa

Euskararen erabileraren inguruko atala sortu dugu zuzeu.eus atarian. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

Bokazioa da, orain arteko beste ekimen askotan bezala, gure hizkuntzaren gorabeherei begiratzeko arrazoia. Ezin ukatuko dugu gaur egun, euskaraz gehiago egiten bada ere, euskara horren beraren maila askoz apalagoa dela.

[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen daOraingoan, ordea, probokazioa ere bada gure helburua, hizkuntzaren arloan inork ez baitauka gaur egun itzalik euskaldunon urrats galduak bere onera ekartzeko eta, beraz, era askotako proposamenak egiten ausartuko gara. Hala, (pro)bokazioz egingo dugu lan, eta euskararen erabilera egokiaren alde eta zuzeulari askok bere baitan duten hizkuntza-komisario txiki hori esnatzea izango da gure asmoa.

Izan ere, euskaldunok osatzen dugun tribu esaneko honek galdu egin du liderrari jarraitzeko ohitura. Garai batean Euskaltzaindiak betetzen zuen funtzio hori, eta zihur › ziur bezalako erabaki-aldaketak maiz egin izan ditugu, gure erret akademia txit gorenak aginduta. Eta guk, txintxo-txintxo, ziur hautatu dugu. Edo jeitsi › jaitsi, edo ohizko ohiko. Denon memoria kolektiboan daude. Txisteak esaten zuen astero egiten zizkigutela aldaketak, eta guk besterik gabe onartu.

Baina garai horiek joan ziren. Orain ez dago artaldea belar txarretatik urrunduko duen liderrik, edo ez zaio entzuten. Eta, hein handi batean, gaztelaniaren kalkoa den sasi-euskara trakets batean mintzatzen gara. Aginduak betetzera ohituta, galduta gaude orain, eta ezin esan euskararen egoera osasuntsua denik.

Hala, euskara estandarizatzeko irizpide xelebre batzuk haizatuko ditugu, kalean entzuten ditugunei kosk egingo diegu eta artikuluetan (Zuzeutik hasita) irratsaioetan, telebistan, sare sozialetan eta webguneetan agertzen diren erabilera ez gomendagarriak planteatuko ditugu. Askotan ez baikara jabetzen esaten duguna egokia den… ezta euskaraz ala erdaraz ari garen ere.

Ez dugu normatibo izan nahi, baina gustatuko litzaiguke egoerak planteatu eta denon artean proposamen txukunak egitea.

Hizkuntza aztertzeko, era askotako formatuak planteatuko ditugu: azalpen laburrak, kontraesanak, zuzena/okerra eta zuzena/zuzena planteamenduak, iritziak… eta, aipatu dugun bezala, irakurleen esku geratuko da, hala nahi badu, planteatuko ditugunak kritikatzea, arbuiatzea eta osatzea. Eta nahi duenak proposatu ahal izango du zertaz hitz egin, zer kritikatu, zer hizkuntza atal edo erabilera planteatu.

.

‹EPEA BIHAR AMAITZEN DA›

Atal berriaren lehen proposamena, alde batera ezin utzizko arazo nagusietako bat gaur egun:

.

EPEA BIHAR AMAITZEN DA, ADITZAREN DENBORA/ASPEKTUA

.

Eskaera epea bihar amaitzen da

Eskaera epea bihar amaituko da

.

[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen daBeste kasu batzuk: gero deitzen dizut, muskuilu batzuk erosten ditugu eta gero bazkaria prestatzen dugu, gaur 25 urte betetzen ditut (beteko ditut edo bete ditut, baina gaur eta ohikotasuna esaldi batean kontraesana dira).

Gaztelaniaren eraginez, hizkuntza horretan ere aldaketa eman baita (El plazo acabará mañanael plazo acaba mañana), euskaraz ohiko orain aldia etorkizun bilakatu dugu: Eskaera epea bihar amaitzen daEskaera epea bihar amaituko da adierazteko.

.

1. Ondorioa.

Ez dira bereizten etorkizuna eta ohikotasuna:

Asteartetan 18:00etan geratzen gara kafe bat hartzeko.

Bihar 18:00etan geratzen gara kafe bat hartzeko.

.

2. Ondorioa.

Aditz trinkoak ere ez dira egoki erabiltzen, galbidean doaz:

Zer, joaten gara?

Zer, bagoaz? / Joango al gara?

.

Erabilera hau defendatzeko arrazoi nagusia, jendeak hala erabiltzen duela eta nagusitu egin dela. Eta egia da nagusitu dela.

Ados al zaude? Okerra ote da ala hizkuntzak jasan duen bilakaeraren ondorioa eta, beraz, onargarria?

.

> Datorren astean, bigarren proposamena: (Kartoizko hitzak) Mugatu

[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen da

euskara, Euskararen probokazioa, proposamenak

10 pentsamendu “[Euskararen (pro)bokazioa] Epea bihar amaitzen da”-ri buruz

  • Ondo diozu, ez dago liderrik. Non da artzaia?
    Euskadi Irratian, ostegun goizetan, 5 minutuko saioan egiten du euskaltzain batek saiakeratxoa. Eta ni harri eta zur: esamolde edo hitza zuzena dela onartu edo hobesteko darabilen erizpide NAGUSIA bere ERABILPENAREN-MAIZTASUNA edota idazle ON (?) edo EZAGUNAK (saltzen duenak?) inoiz erabili izana. Hau da, idatzizko korpus-ean agerpen-kopuru handia izatea. Eta atentzioa ematen dit baita, gaia jorratzen dutenean, irrati-saioko aurkezle eta gainontzeko tertulia-kideek nolako fribolitatez jarduten duten. Artzai-akademiko gaixoaren autoritatea hutsaren hurrengoa.
    Bitartean, bizkaiera batua Bizkaiko Foru Aldundiko idazki ofizialetan. Hara!
    Ez ote dago hor koxka? Akadamiaren ezintasunarena alegia. Beste edozein herri edo estatuetako hizkuntza-akademiek onartuko luke halakorik?

  • Amonamantangorri 2017-03-06 22:59

    Euskal herri-kondaira: euskaltzaindiak euskara batuaren inguruko erabakiak “aldatu” dituela…

    Noiz, Ritxi, agindu zigun Euskaltzaindiak zihur, jeitsi eta ohizko idazteko? Haien webgunean ez dut aurkitzen eta…

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2017-03-06 23:11

    Aupa, Ritxi eta ZuZeu gidariak!
    Hiru kontu.
    1. Komisario linguistikoen faltan ginela uste duzue? Ez dugu jadaneko nahikoa hiztun akonplejatu? Nahikoa EGA ikasle ezin hobeto dakiena zer dagoen gaizki, hitz egiten atrebitu ez, baina atrebitzen denari txakurra botatzen aurrenekoa? Nahikoa diagu!
    2. Hizkuntza bat ondo erabiltzeko, asko erabili behar da, asko mintzo, asko idatzi, asko irakurri. Eta hemendik aurrera bazter guztietan akatsak asmatzen dabilenari, ‘akatslari’ deitzen badiogu? Edo ‘akaslari’ beharko luke? Akaslaririk akastunenak akastuen akasten dituen akatsak izanen dira nire akasturiko bihotzaren akastunik akaslarienaren akats…
    3. Ritxi, euro bat jarriko gure tradizio literarioko autoreek, ipar zein hegoan, halako aditz forma burutugabeak etorkizuna adierazteko ere erabilia duten esaldi adibide bakoitzeko? Bide batez, esango Euskaltzaindiaren zein arautan edo gomendiotan oinarritzen den zuen aholku errena (bide batez bazekiat aholkua ez dela zuek asmatua, baina hainbeste arau apokrifo zebilkiagu tartean…)?
    Gabon izan
    Bittor

    • Kaixo, Bittor:
      Erabileraren alde nago, beti erabiltzearen alde, euskaraz bizitzearen alde, nola ez, baina jakin nahiko nuke, guraso naizen aldetik, non ipintzen duzun zuk muga. Aita bazara, edo irakasle, edo…non ipintzen duzu zuk muga? Zer zuzentzen duzu?Gure tradizioko idazleek zer idazten zuten ez dakigunok, nola jakingo dugu zer zuzendu? Euskaltzaindiaren balioaz asko eztabaidatu beharko genuke…baina Ritxik aipatzen duena nik beti zuzentzen diet alabei, ez didalako ondo jotzen.
      Zure erantzunaren zain.

  • Ematen duzun lehen adibidean ontzat ematen duzuna ez da zuzena, IEHko jendearentzat bederen.
    Zein da “geratzen gara” hitz multzoaren erran-nahia? Galde ezaiezue IEHko jendeei. Frantsesez ez du zentzurik “nous restons”, edo horrelako zerbait, norbaitekin elkartze bat egitea pentsatzen duzunean. Eta “quedamos” = “geratzen gara” kalkoa ezin da ulertu espainiera jakin gabe.
    Halaber, “badoa?” frantsesaren “ça va?” hitz multzoaren kalkoa, ez da onargarria.
    Bi kasutan erraten ahal da erabiliak direla eta maiz erabiliak, baina ez batak ez besteak ez dira on mugaz bi aldeetako jendearen elkar ulermenarako.
    Zoritxarrez espainieratik eta frantsesetik hartu kalkoak gero eta gehiago ari dira sartzen eta horrek Ipar eta Hego euskaldunen mintzamoldeak urruntzea ekartzen du.
    Ala IEHkoak ez dira euskaldunak?

  • Ados zurekin Bittor. Zuzen edo narras baina erabiltzea da giltza. Eta jakina erabilpen-maila desberdinak egon behar dute. Jasoa ere bai. Nolabait erreferentziazkoa. euskera Teknikoa, zientifikoa,…eremu formaletan, erabiltzekoa. Zentzuzkoa dirudi komunikazio azkar eta eraginkorra lortze aldera “norbaitek” KODEA fintzea, doitzearen ardura izatea, eta aholkuak bino zertxobait gehiago proposatzea. Berdin zait Euskaltzaindia, Unibertsitatea,Idazleen biltzar batek… Are eta gehiago 50 urte eskas den hizkuntza estandar jaioberri batean. Sikera, euskaldun artean uler gaitezen ñabardura, eta zehaztasun ahalik eta gehienarekin. Nago gure arteko haserre eta ezin-ulertu askoren jatorrian gabezi hori ERE badagoela.
    Gizakion izaera gregarioa izugarria da……zoritxarrez.

  • Baten Batera 2017-03-08 00:02

    OMEN hitza erabiltzearen balioaz jabetuko bagina!!!!

  • Josu Lavin

    Ikusten dugu nola JOATEN GARA batzuetan erabiltzen den JOANGO GARAen ordez eta beste batzuetan GOAZen ordez.
    JOATEN GARA ere erabiltzen da JOAN GAITEZ subjuntiboaren ordez:
    Bihar joaten bagara <= Bihar joan bagaitez
    Bihar joaten garenean <= Bihar joan gaitezenean

    Ohikotasuna eta etorkizuna ere ez dira bereizten alegiazkoan (optatiboan):

    Joaten bagina : Si fuesemos habitualmente, pero no solemos ir
    Joango bagina : Si fuesemos luego, pero no vamos a ir

  • Josu Lavin

    Bagindoaz : si vamos (baina ez goaz)

    Joan bagintez : si fueramos (eta litekeena da).

    Beste bat iraganaldian:
    Joan bagintezen : si fueramos (eta zitekeena zen)

    Honen ordez erabili ohi da ondokoa:
    Joaten baginen

    zeinaren benetako esanahia baita:

    si íbamos, si es que realmente solíamos ir

    The end

  • Josu Lavin

    Zuzenketa:

    Bagindoaz : si fuesemos (baina ez goaz)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude