Ipuinak, iritzi errespetagarriak, eta ardura politikoak
Ipuinak, iritzi errespetagarriak, eta ardura politikoak –
Bi eratako ipuinak bereiz daitezke, Wikipediaren arabera: herri ipuin miresgarriak batetik, eta kontakizun laburrak bestetik. Hala ere, hirugarren bat gehitu beharko litzateke, gure ustez: politikagintzari lotutako ipuingintza hain da zabala, askotarikoa eta oparoa. Zoritxarrez, gero eta ohikoagoa da agintariak eta zenbait ordezkari ipuingintza betean ikustea, eurek sortu edo babestutako errealitatea ezkutatzeko lanetan; horra hezkuntza-legerako oinarrien akordioa, berbarako… Bestalde, errespetuz adierazitako iritzi guztiak dira errespetagarri, baina herritar arrunton eta arduradun politikoen iritziek eragin ezberdina dute. Izan ere, errealitatean eragiteko gaitasun desberdina daukagu, baita euskarari buruz ari garela ere; hortaz, ardura politikoak izan dituenaren iritziek oihartzuna izatea oso litekeena da.
Alabaina, geure ustez ere «mirakuluz edo ez dakigu nola» iraun du euskarak egun arte, estatu zapaltzaileen eraso etengabeak eta Jaurlaritzaren hizkuntz politika, epelak barik, hotzak pairatzen ditugularik. Euskara gehiago erabiltzen da lehen debekatuta zegoen eremu formaletan, baina, halaber, gero eta gutxiago eremu informaletan. Hiztunak irabazi dira euskararentzat, baina horietako gehienak erdal-hiztunak dira praktikan, gazteleraz edo frantsesez hobeto dakitelako euskaraz baino, erdal hedabideei esker, besteak beste, ETB2, Radio Euskadi, Onda Vasca-Noticias taldea edota Gara-Naiz barne.
Finean, irabaziak ez dira agintariek iragarri bezain sendoak, baldintzak zailduz doaz, eta hortik erabileran geldialdia. Gainera, euskaldunon hizkuntza eskubideak larriki urratzen dira egun ere EAEn. Nafarroan eta Iparraldean egoera oso-oso larria da. Oro har, euskararen ordezkapen prozesua askoz sendoagoa da normalizazioarena baino, frantses eta espainiar gobernuen ekimenez batez ere, baina Eusko Jaurlaritzaren eta bertoko erakunde askoren utzikeriaz ere bai, zenbait politikariren kontakizunak kontakizun. Euskara kalean barik museo batean nahi dutenekin agintea partekatzearen, Espainian eroso jardutearen ordaina.
Ataka honetan, oraindik ere harritzen gaitu «euskal ghettoaren» mamua astintzen etortzea, edota euskarak «lanera, merkatuetara, administraziora, erietxeetara, Ertzaintzara, epaitegietara, aisialdira…» iritsi behar duela irakurri beharrak, horietan ardurak dituztenen eskutik. Bidenabar, euskara «komunikazio tresna» hutsen kategoriara mugatzea desagertzera zigortzea dela aipatu nahi genuke. Hizkuntzak, guztiak, saretze eta nortasun ardatz baitira era berean, herri baten muina, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia.
Tresnak, eta orobat hizkuntzak, erabiltzeaz fintzen direnez, Axularrek sekulako atsekabea hartuko luke egungo Euskal Herrira bisitan baletor, Eusko Jaurlaritzaren luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak, edota espainolezko hedabideen aldeko apustu sendoak zenbat kalte egin digun ikusirik, areago nafar gobernuaren ekimen genozida nekaezinak.