Intersekzionalitatea, etorkinak, euskaldunak eta pribilegiatuak
Intersekzionalitatea, etorkinak, euskaldunak eta pribilegiatuak –
Euskara, jatorria, klasea. Intersekzionalitatea… Amelia Barquinen artikulua irukurri berria dut. Interesgarria eta eztabaidagarria iruditu zait, biak ala biak.
Ekitate sozialaren falta seinalatzeko erabili ohi da “intersekzionalitatea” egileak berak ohartarazi legez, eta “euskal” gizartean pribilegiatuak diren taldeen zerrenda egin du jarraian: gizonak, zuriak, paioak, klase ertaineko eta altukoak, autoktonoak, heterosexualak, ikasketadunak, … hizkuntza hegemonikoan bizi nahi dutenak… Ñabardura asko egin dakizkioke zerrenda horri, noski. Autoktonoez ari garela, adibidez, euskaraz bizi nahi luketen autoktonoak ez dira pribilegiatuak, baztertuak baizik. Hizkuntza hegemonikoan (gazteleraz edo frantsesez) bizi direnak horiek bai, pribilegiatuak dira eta beren (hizkuntzazko) nagusitasunaz oso jakitun dira, klase altukoak, ertainekoak, baxukoak, edo etorkinak izan, espainiarrak zein hegoamerikarrak.
“Denok gara pribilegioen eta subalternitateen (menpekotasunen) gurutzaketa, testuingurua da gako garrantzitsu bat, eta testuinguruak konplexuak direla badakigu”, diosku egileak.
Euskaraz bizi nahi dugun askok gure menpekotasunaren (subalternitatearen) kontzientzia badugu, eta erdal hegemoniaren aurrean jarrera aldarrikatzaileak eta proaktiboak garatzen ditugu batzuetan. Gehienetan ez, ostera. Euskaldun gehienek menpekotasun-egoerak irentsi eta ahal bezala liseritzen dituzte, menpekotasunean hezita baikaude, bai botere arrotzen (madril eta Parisetikoak) aldetik, bai erakunde “autonomoen” aldetik ere, gutxiago (EAEn) edo gehiago (Nafarroan eta Iparraldean).
Euskaldunen (euskal hiztunen) subalternitatea ezkutatu egiten da ordea; nekez aipatzen da euskaldunon geronen artean ere. Diskurtso ofizial espainiazaleak “euskararen inposaketa eta erdaldunen diskriminazioa” hedatzen ditu etengabe, eta bere horretan irentsi dute autoktono erdaldun gehienek eta euskaradun askok ere. Autoktonoz osatutako koadrilletan ikusi daiteke hori garbi. Aski da autoktono erdaldun bakar bat, koadrilla osoak erdaraz jardun dezan, eta euskaldunen bati bururatzen bazaio euskaraz hastea, atoan jasoko du koadrillako “euskaradun jatorren” errieta, erdaldun petoarekiko “errespetuaren eta edukazioaren” izenean. Hots, klase ertain edo altuko autoktono-koadrilletan ere, euskaldunak subalterno eta erdaldunak nagusi dira.
XX. mendetik etengabeak diren inmigrazio olatuek ere, ataka gero eta estuago batera ekarri gaituzte. Adibidez: 1950ean Bizkaia 650.000 biztanle zen. 1975erako, 1.100.000 biztanle zituen, bikoitzak ia, Espainiatik etorriak gehien-gehienak. Oso epealdi laburrean, herri guztiz euskaldun zirenak ia erabat erdaldun bihurtu ziren asko, bertako euskaldunak, lehendik ere “subalterno” bazirenak (eskolako eta erakunde guztietako hizkuntza gaztelera baitzen) erabat menpeko eta baztertu bilakaraziz. Nekez aurkituko dugu iraulketa horren gaineko kontakizunik hala ere. Espainiarren boterea eta eragina hain dira handiak gurean, ze, azken hamarkadetan etorkin espainiarrak ez diren “etorkintzat” jotzen, desplazatutzat baizik (turistatzat laster), eta inmigrazioaz dihardugunean, soilik pasaporte espainiarra ez duten etorkinez jarduten dugun (honetan ere ederki hezi gaituzte erakunde guztiek).
HEHra etorritako etorkinetan denetik dago. Bada euskararen bidez Euskal Herrira hurbildu nahi duen gutxiengo bat, eta bada “Espainiara” etorri den eta euskararekin zer ikusirik nahi ez duen gehiengo zabal bat. Ez baitugu Euskal Herria zer den azalduko dien harrera sistemarik, udal txiki jakinetan ez bada. Tabernetan edo saltokietan ezagututako etorkinetan (Bakion, Gasteizen, Sakanan, Iruñean…) hiru jarrera aurkitu ditut, eurei euskaraz zuzentzean: askok ulertzeko ahalegina egiten dute, baita lortu ere. Elkar ulertzeko hizkuntzarik eraginkorrena borondatea baita. Bada beste multzo handi samar bat “no te entiendo” eta halakoak erantzuten dituena, lehor, bere nagusitasun linguistikoaz jakitun, espainiarrak (etorkin nahiz bertoko) edo hegoamerikarrak sarri-sarri.
Arnasguneetako euskaldunak ere makurraraztea lortzen dute gehienetan. Eta badira gutxi batzuk, euskara ulertzeko edota ikasteko benetako ahalegina egiten dutenak. Hauek oso esker onez hartzen dute eurei euskaraz egin izana.
Esango nuke etorkinek ez gaituztela euskaldunak euren gainetik ikusten, erdaldunen azpiko baizik. Hasieran aipatutako zerrendan, autoktono erdaldunek zalantza barik, baina euskaldunek ez dugu lekurik, edota ñabardura potolo asko behar dituen lekua soilik.
“Aniztasuna” ere dago oso modan , baina azpian harrapatu gaitu euskaldunak. Aniztasuna espainieraren inguruan ardazten baita HEHn. Euskararen inguruan ardaztea proposatzen duenari elitista, arrazista, segregatzailea eta halako loreak eskaintzen zaizkio (baita euskaldun askoren aldetik ere). “Integrazioa” ere berdin. Integrazioa ere españolez da Hego Euskal Herrian, euskaraz ez inolaz ere.
Bada, “Intersekzionalitateak” ere ez gaitzala azpian harrapa behintzat. Ez gaitzatela sikiera pribilegiatuen artean sailkatu, hain bazterreko eta ahaztu garen euskaldunak.
Hitz asko, “jakinduria” itxura eman nahia, baina gu Historiaren parte gara eta Historian ikusi besterik ez dago: giza-taldeen mugimenduak eta kultura batek bestea azpiratzea desagertzeraino. Eta horrela da, eta horrela izango da beti. Deitu horri intersekzionalitatea, subalternitateen gurutzaketa eta nahi duzuen intelektualkeri guztia… emaitzak berdina izaten jarraitzen du. EHUko intelektual posmoderno hauek jasan ezinak dira.
Aupa Garagarra. Nik bat nator J.J. azaldutakoarekin. Aurreiritzikeriaz erantzun duzu eta horrek jakinduritik gutxi dauka, nire uste apalez.
Azalari baino hobe mamiari behatzea, garagarrarekin garagardoa lortzeko egiten den moduan. 😉
Euskaldunak gure atalaiatik munduan ematen diren arazo guztien salbatzaile duinak izan nahi dugun bitartean, gure herria salbatzeko gai ez den babuz beteriko gizartea bihurtu gara. Biktimak egunero munduan zehar topatzen gure biktima izaeraz jabetu barik.
Intersekzionalitatea, “woke” doktrinaren barruan dagoen guztia bezala, tranpa pozoitsua da euskaldunontzat. Argi izan behar dugu eta pixkanaka zabaltzen ari diren satortxoak agerian utzi behar ditugu.
Kontuz ibili, JJ, teoria hauen arabera, bihar guardia zibileko agente femenino batek euskaraz hitz egiteagatik hostiatzen bazaitu, zu gizasemea, zuria, estudioduna eta bertakoa izanik, hori da pribilegiatua, berari, hori da emakumea, etorkina eta formaziorik gabea den pertsonari, barkamena eskatu beharko diozu.
Txupiguaysmoa jabetu da ezkerreko esparru zabalez.
Dena da aniztasun, integrazio, intersekzionalitate… hori bai, Espainiatik eta Espainiarako ezarritako baldintzenpean.
Podemitak aparretan. Harrigarria ezker abertzaleko kide zeharo despistatu asko ere nola jausi diren amarru horietan.
Garagarrari erantzunez.
“Hitz asko, “jakinduria” itxura eman nahia, baina gu Historiaren parte gara eta Historian ikusi besterik ez dago: giza-taldeen mugimenduak eta kultura batek bestea azpiratzea desagertzeraino. Eta horrela da, eta horrela izango da beti.”
Gauza bat zehazte aldera, “Garagarra”, gure patua okertzen hasi zen 1200. urtetik aurrera, tartean 1512. urtea eta 1620. urtea.
Horrek izen bat dauka konkista eta dakartzanak: kolonizazioa eta asimilazioa, momentu honetan gertatzen dabilena.
Boterea izan genuen; orain, ordea, ez. Momentuan momentuko jende oldeak izan ditugu Herri honek, zerbait esatearren, XIX. mende amaieran lehenengoa, XX. mende hasieran bigarrenak eta azkena JJak adierazi legez. Hona bertaratutako guztiek zekiten Espainiaren barruan zeudela etorri zirenean, estatu espainiarren gobernu ezberdinak egon zirela, Riveraren eta Francoren diktaduretako garai nabarmenetan. Gainera, Francok sustatuta. Horretatik gutxiengoaren gutxiengoaren gutxiengoa baino ez da hego Nafarroa honetan integratu edo barneratu. Horri hehi behar zaio euskaldun askoren amnesia nondik datozen jakite aldera. Den-dena kendu digute, eta hemen gauzak ez dira berez gertatzen. Ez da halabeharra edo kasualitatea. Gauza asko aspaldi gertatu direnez, ematen du lekutan daudela gure oroimenetatik.
Irlandarrek 1000 urteko historia ipini zuten Churchillekin berbetan hasi zirenean, ingelesek besteko denbora tarte ia berdina. Hemen dena asmatzen dugu nazioa bat garela esateko, amnesia agerian, baina, errora joan gabe. Hori bai aspertzeko folklorearekin edonora, antza!
Era horretan, ez dago herririk.
Guztiz ados, Semenogorri. Halaxe da, historia borratzea izaten da konkistatzaileen lehenengo zeregina.