[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna VIII

Langileriaren errogabetasuna VIII –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Zorigaitzez bakarrik gazteen patua da oraindik modifikagarria. Horregatik, esfortzu handi bat egin beharra dago langile-gazteriaren formakuntzarako, eta lehenik aprendizgorako. Horregatik ere, estatua obligatua izanen da aprendizgoaren ardura berak eskuetan hartzera, tamalez ezbaitago gure gizartean estatua beste inor horretaz aduratzeko gai izan litekeenik.

Langileriaren errogabetasuna VIII

Deusek ez du klase kapistalistaren funtsezko eskasia hain ongi frogatzen nola  aprendizgoaren alderako ugazaben ezaxolakeriak. Errusian ezaxolkeria kriminala deitzen duten mailakoa da. Egia sinple, ulerterraz, eta ukaezin hau ez dugu sekula sobera azpimarratuko eta publikoan sobera zabalduko. Azken hogei edo hogeita hamar urte hauetan, ugazabek erabat ahantzi dute pentsatzea profesional onen formakuntzari buruz. Beste edozein faktore inportantek bezainbat profesional onen urritasunak bere partea hartu du gure galeran. 1934ko eta 1935eko urteetan ere, langabeziaren krisiaren tontorrean ginela, ekoizpena geldituta zela, mekanikako eta aeronautikako enpresek profesional onak bilatzen zituzten, eta ez zituzten aurkitzen. Langileak pleinitzen ziren probak zailegiak zirela, baina, egia errateko, haiek beraiek ziren gaizki formatuak probak pasatzeko. Nola bada, baldintza horietan, eduki ahalko ote ginuen armamentu bat nahikoa? Baina bestela ere, alegia gerlarik gabe ere, profesionalen urritasunagatik, urteak larritzearekin batera bizitza ekonomikoa bera ere ezinezkoa bilakatuko zen.

Jakinarazi behar zaio herri guziari, baita interesatuei berei ere, ugazabak ezgai agertu direla sistema kapitalistak esleitu zizkien ardurak betetzeko. Badituzte funtzioak betetzeko baina formakuntzaren hau ez ordea, orai esperientziak erakutsi baitigu funtzio hau astunegia eta zabalegia zela haientzat. Behin arazo hau ongi ulertuta, ez gara gehiago haien beldur izanen, eta ugazabek beren aldetik geratuko dira erreforma beharrezkoen kontra jartzetik; egongo dira beren funtzio naturalaren limita xumeetan. Haien salbamenduaren aukera bakarra da. Izan ere, haienganik sentitzen dugun beldurrarengatik ditugu hain usu  bota nahi.

Ugazabek aperitifa hartzen zuen langilea gaitzesten zuten zuhurra omen ez izaitegatik. Beraien zuhurtzia ordea  ez zen joaiten pentsatzeraino aprendizik formatu gabe hogei urteren buruan ez ginuela gehiago  langilerik ere izanen, edo bederen izen hori mereziko lukeen langilerik.

Iduriz ugazabek ez dira gai pentsatzeko bi edo hiru urte baino aurretikago. Dudarik gabe jaidura sekretu batek desiraraziko zien, haien lantegietan, langile tropa bat malurosa, errogabeturiko izakiz osatua, eta inolako begirunerako pretentsiorik gabekoa. Ez zekiten ordea, esklaboen sumisioa jende libroarena baino handiagoa baldinbada, aldiz haien jazarpena askoz ikaragarriagoa dela. Alta horren esperientzia egin zuten, baina tamalez ulertu gabe.

Beste ikuspuntu batetik, aprendizgoari buruzko langile-sindikatuen axolgabekeria da  ugazabeena bezain eskandanlagarria. Alta beraiek ez zuten ekoizpenaren geroaz zuzenean arduratzeko beharrik, baina justiziaren defentsa helburu bakartzat ukanki, jende xumeen miseria moralak hunkituak izan beharko ziren. Izatez lantegien populuaren parte miserablearena, hau da, nerabeak, emakumeak, langile-etorkinak, arrotzak edo kolonietakoak, erabat abandonatuta zegoen. Langile hauien oinaze guzien kopuru totalak garrantzia askoz gutiago zeukan  langile ongi pagatuen kategoriaren soldata-goratzearen arazoak baino.

Deusek ez digu egoera horrek baino hobeki erakusten zein zaila den mugimendu kolektibo bat Justiziaren bidean zuzentzea, eta mugimendu kolektibo horretan dohakabeenak izan daitezen errealki defendatuak. Izan ere, hauek ezin dute eurek euren burua defendatu, zorigaitzak hori eragozten dielako, eta guk ez ditugu kanpotik defendatzen, tamalez giza-izaeraren jaidurak eremaiten gaituelako dohakabeei kasurik ez egitera.

J.O.C [1] izeneko elkartea da bakarrik langile-nerabegoaren zorigaitzaz arduratu dena. Horrelako elkartearen existentzia da kristautasuna gure artean hil ez delako seinale segur bakarra.


[1] Jeunesse ouvrière catholique izeneko elkartearen akronimoa, kristau gazteri langilea.

Langileriaren errogabetasuna VIII Langileriaren errogabetasuna VIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

2 pentsamendu “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna VIII”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-08-11 10:41

    Inportantziarik gabekoa izan arren, bitxia da argazkiak erakusten duen “Laissez-passer” agiri hura, alabaina 1945ean egina da, eta SW 1943an hil zen, “Erroztamendua” testua idatzi eta oso laster., erran daiteke kasik bukatzeko denbora izan gabe ere.

  • Benat Castorene 2021-08-14 10:23

    Langile – klasearen gazteentzat irudikatzen duen eraskuntzan agertzen da gizarte eraldaketaren ikusmolde berezi bat. Berak asmaturiko heziketa tekniko modu batekin batera eskatzen du langileentzat ere kultura- erakaskuntza bat aberaskumeen jasotzen dutenaren kualitatez orobatekoa. Ikusmolde horrek ez du gaur bezala “aukeren berdintasun”aren izenean bakarrik klase-ihesbidea eskaini nahi langile familia jatorriko gazte argienei eta besteak etsipenean eta ezjakitasun kulturalean abandonatu. Klase guziaren maila profesionala eta kulturula batera goratu nahi ditu. SWen, klase borroka eremateko bere eginbidea da.
    Baina errealismoz badaki, langile gazteen hezkuntzaren kezka hau –langile txiroenen defentsa bezala– ezin dela lehentasuna izan ez munstro hotzak diren estatuentzat ezta zorigaitzez beren ardura langile aristokraziaren interes ekonomikoetan mugatzeko joera duten. sindikatuentzat.
    Pasarte honetako azken paragrafoaen agertzen den bezala bada SWen baitan mesfidantza (platonista?anarkista?) mugimendu kolektibo politikoen aldera; izan estatuak edo sindikatuak,–harentzat tamalez beharrezkoa ziren gaitzak edo erdi-gaitzak–, eta — “debekatu” nahi zituen–partidu politikoak zer esanik ez!
    SWek ez digu soluziorik emaiten ezta eman nahi ere. Gainera 34 urtetan hil izanez geroz, ez du sortu sistema filosofiko oso eta hetsi bat.
    Baina gaurko egoeran libreki eta zorrotz pentsarazten laguntzen digu.