Inposaketa

Inposaketa –

Onintza Enbeitak Berria egunkarian.

InposaketaJendeak esaten du euskara inposatu egiten dugula. Euskaldunok lekua kentzen diegula besteei lehiaketa publikoetan. Epaitegiek arrazoia ematen diete euskara inposizioa dela esaten dutenei. Bitartean, euskaldunok loteria tokatu izan balitzaigu bezala sentitzen gara mediku euskaldun bat suertatzen zaigunean. Zer esanik ez, alkoholemia kontroletan ertzainek euskaraz egiten badigute.

Gauza kuriosoak gertatzen dira hemen. Ez dakit zenbat hamarkada daramatzagun euskara inposatzen eta, hala ere, bada euskaraz hitz bakar bat ere egiten ez duen jendea. Ez delako gai edo ez duelako nahi. Lanpostu guztiak guretzat hartu ditugu euskaldunok, eta, hara non, hala ere, administrazio publikoaren ehuneko zati handi batean ez dagoen euskaraz aritzeko modurik. Mediku euskaldunak jartzearren onak baztertu ditugu, eta, hala ere, sekulako galera izango da osasun sistema pribatizatzea.

Nik ez dakit euskaldunon patua tristeegia ez ote den. Inposatzen ari garela leporatzen digutenean ere, inposizio tristeak egiten ditugu. Zeren, esango didazue niri, berrogei urtez gure hizkuntza inposatu izan bagenu eta lanpostu guztiak guretzat hartu bagenitu, esaten zaigun moduan, orain beste leku batean egon behar luke euskarak. Eta ez dago. [Bihar] Herenegun ere manifestazioan galdu[ko] dugu arratsaldea euskaldun inposatzaileok.

Inposaketa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude