Perfilak ala heldutasuna? (Igor Salazar PSOE-ren bideoa azaldu nahian)
Igor Salazar Igor Salazar Igor Salazar
Igor Salazarrek Alea hedabide arabarrean plazaratu zuen idatzi hau pasa den asteazkenean.
“Alderdi sozialistak eskubidea du eztabaida hau plazaratzeko inor mindu edo irainduko duela kezkatu gabe”
Igor Salazar
Errespetu osoz baina fintasun gutxiz agian, ez oso modu trebean ziur aski, alderdi sozialistak kanpaina honetan administrazioan sartzeko hizkuntza profilen eskakizunaren inguruan eztabaida proposatu nahi izan du. Bideo madarikatuak alderdi abertzaleen biktimismo neurrigabea eta beste zenbaiten postureo euskaltzale artifiziala eragin ditu, proposamena bera aztertzeko eta eztabaidatzeko aukerak guztiz zapuztuz. Baina mezua transmititzeko aukeratutako modua ezegokia izan zela onartuta, gaurkoan alderdi sozialistaren proposamena azaltzen saiatuko naiz.
Hauteskunde programaren laugarren blokean, alderdi sozialistak euskera bultzatzeko eskaintzen dituen neurriak azaltzen ditu. Hiritar guztiek bere hizkuntzan hitz egiteko eskubidea aitortuta, eta Euskararen Normalizaziorako itunen aitzindari izateak ematen dion autoritatearekin, bere izaera politikoa azaltzen duen printzipio funtsezkoena den aukera-berdintasuna aldarrikatzen du etorkizunean egingo diren deialdietarako exijituko diren profilak ezartzerakoan.
Proposamena euskal gizartean azken hamarkadetan ematen den egoera bati konponbidea ematera dator: nork ez du ezagutzen, bere lagunen artean, lanpostu publiko batera hautatzeko betekizun guztiak gaindituz, euskara agiria ez duelako aukerarik gabe gelditu den norbait? Nork ez du senideren bat, lanpostu finkorik gabe urteak eta urteak administrazioan eman dituena eta nahiz eta ahalegindu euskara agiria lortu ez duena?
Alderdi abertzaleentzako, antza, bizilagun horiek ezezagunak dira. Hiritar ezezagunak hoberenean; euskaldun txarrak eta alferrontziak, txarrenean. Egun, euskal administrazioan jarduten duten langileen %56k euskara gaitasun agiriren bat egiaztatzen du. Datozen urteetan euskal administrazioak 9.000 bat langile ordezkatu behar izango ditu erretiroak direla eta. Alderdi abertzaleek eta Podemosek baieztapen hau ezeztatzen dute, batzuek besteek baino konbikzio handiagorekin (agian azkenengo hauek euren hautesleen artean hiritar ezezagun horietakoren bat badagoela susmatzen dutelako?).
Andoni Unzalu jaunak argitaratutako azken hausnarketetan oso datu esanguratsuak eskaintzen ditu azkeneko deialdi publikoetan eman diren emaitzen inguruan: adibidez, nola Osakidetzako azken EEP-an euskara ziurtagiriren bat zutenen %36ak postu guztien %92a lortu zuela, edota nola goi mailako postu publikoetara hautatzea ezinezkoa suertatzen den euskara maila altu bat akreditatzen ez duen langile batentzat.
Alderdi sozialistak eskubidea du eztabaida hau plazaratzeko inor mindu edo irainduko duela kezkatu gabe. Eta neurri argiak aurkeztu ditu gainera, hots, administrazioko lanpostuen berrikusketa egitea, horietan euskara profila lehentasunekoa den eta zeintzuetarako ez zehaztu dadin, pertsonalaren selekzio bidezkoago bat lortu dezagun, hiritar ezezagun horiek ere aukera izan dezaten lanpostu publikora hautatzeko. Edota 45 urtetik gorakoek euskara agiria aurkezteaz salbuestea, beti ere mapa soziolinguistikoari eta postuaren eskakizunei atendituz.
Posible da, dudarik gabe, euskararen erabilera sustatzea, hiritarrek administrazioarekin erlazioak askatasunez hautatutako hizkuntzan burutzeko aukera bermatzea, eta aldi berean hiritar guztiok, elebidun zein elebakar, administrazio publikora sartzeko aukera parekotasuna bermatzea.
Datorren legealdia oso garrantzitsua izango da euskal gizarteak gainditu behar dituen hainbat erronka nola burutzen dituen erabakitzeko: ekonomiaren indartzea, egitura industrialaren berpiztea, gizarte-zerbitzuak bermatzea, bizikidetzarako zoru-etiko famatua adostea, besteak beste. Eta erabakigarria izango da, baita ere, administrazioaren berrikuntza prozesu hori nola burutuko den adosteko.
Euskal gizartearen heldutasunaz asko hitz egin eta hausnartu da azken urte hauetan. Aipatutako gai guzti horien inguruan eztabaida zintzoak eman dira Parlamentuan eta hedabideetan, bai kanpainan bai eta azken legealdian zehar ere.
Nire auzokideen aurrean exijitzen dut hizkuntza politikaren gainean Baztarrika jaunak EH-Bildu-ren laguntzaz azken urteetan aurrera eramandako politikak zalantzan jartzeko eskubidea, honengatik “euskararen etsai” edo“euskararen traidore” bezalako irainak jasan behar izan gabe.
Heldutasun kontua baino ez da.
Igor adiskidea. Bistan da, inor mindu edo iraunduko duzula kezkatu gabe idatzi duzula. Tamalez, asko gara senide edo lagunen bat langabezi egoera latzean dauzkagunok. Egoera horren errua euskarari leporatzeak, berriz, izen bat du: xenofobia. Ohar bat, besterik ez, oraingo hizkuntza politika López Lehendakariaren garaiko politika bera da, EAJ eta PE-EE bat datoz hizkuntza poltikan eta murrizketetan, elkarri babesten diote. EH Bilduren hizkuntza politika ezagutu nahi baduzu klikatu: https://ehbildu.eus/programa/2016/hizkuntz-politika.pdf Ondo izan.
Irakasle izateko aukera exigitzen dut irakasle titulua ez duten guztientzako, zertarako balidintzak ez?
Nork dio dugula administrazioan lan egiteko eskubidea? Hori ez dago, daukaguna zera da, titulazio , azterketa ta beste baldintza batzuen arabera, plaza batzuk edo beste batzuk lortzeko eskubidea, lan guztietan bezala, batzutan gauz gehiago eskatuko dituzte ta beste batzutan gutxiago.
Langile guztiak elebidunak izan beharko ziran derrigorrez.
Bat, artatzen dituzten guztien hizkuntz eskubideak errespetatzeko, ta lan egiten duten langileen eskubideak errespetatzeko ere.
Ze langileak euskaraz lan egiteko eskubidea ere izan beharko dute, edo behintzat komunikatzeko, ta albokoa ez badaki…. Ba ezinezko.
Ta barkatu baina ez dut sinisten izugarrizko ahaleginak egin ondoren, behar dan titulua ateratzen ez dezunik urteen poderioz.
Karrera ta azterketa mardul ta zail bat bai, baina euskara minimorik ez?
Hori ez dago sinisterik.
Ta nik dakidala, hona, Frantziara, Alemaniara… joaten diran guztiak, hango hizkuntzak ikasten dituzte, ta ez diote bazterturik daudela hizkuntzrengatik, edo txarra iruditzen zaiela doazen lekuen hizkuntzak ikasi behar izatea.
Ez degu administrazioan lan egiteko eskubiderik.
Herri honetan euskalduna da baztertua, baina errealitatea bihurritzen da, buelta ematen zaio, biktima borrero bihurtzen da, borreroa biktikma. Eta, jakina, biktimismo merke eta demagogikoa praktikatzen duenak biktimismoa leporatzen die besteei.
Baina hobe da mamiari heltzea:
1) Euskara hizkuntza ofiziala da EAEan gaztelaniarekin batera.
2) Funtzio publikorako bien ezagutza ezinbestekoa da herritarren eskubideak bermatzeko. Hala ere, hau ez da betetzen, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, omen, euskara ezin malguago eskatu baita praktikan hiru hamarkada luzean.
3) Gaur, Administrazioan lan deialdiak egiten direnean, askoz gehiago dira baldintza guztiak beteta (euskara barne) aurkezten direnak lanpostuak baino. Ez dago arazorik, beraz, lanpostu horietarako hautagaiek eskakizun guztiak bete ditzaten, euskara barne.
Hala ere, aurrekoa ahaztuta edo, babes berezia eskatzen da euskaraz ez dakitenentzat! Bereizketa positiboa, “discriminación positiva” erdaraz. Zergatik? Zer giza talde baztetu osatzen dute euskaraz ez dakitenek? Zergatik osatzen dute talde hori? Bi dira betekizunak talde berezi horretan egoteko: 1) ez dakite euskaraz, ez dute ikasi nahi edo maila nahikorik ez dute; 2) euskara ez zaiela eskatu behar deritzote, hau da, ez dute eskakizuna onartzen. Horren ondorioz, baztertuta sentitzen dira.
2016. urtean (ez 1985ean, kasu) administrazioan lan egin nahi duenak badaki, beste eskakizun batzuekin batera, euskaraz ere jakin behar duela, eta ez badaki, bere arazoa da. Baztertuta sentitzen bada, jakin behar du berak baztertzen duela bere burua, baina erraza du konponbidea: euskaltegia. Eta batez ere pentsamoldea aldatzea.
Noiztik da eskubide bat funtzionarioa izatea? Gutxieneko baldintza batzuk eta meritu batzuk bildu behar dira horretarako. Herritarrek bai, herritarrek eskubideak dituzte, eta haien artean dago zerbitzu publikoa jasozeko funtzionario egokiak edukitzea. Horixe besterik ez genuke behar; oraindik erdizka eta neke handiz euskaldunzen (elebiduntzen) ari diren administrazioak berriro ere erdaldun elebakarrez betetzea….
Atzo bertan, argitalpena irakurri ostean, gertatu zitzaidanaren berri emateko aprobetxatuko dut erantzun hau. Postetxera joan behar izan nintzen gutun bat jaso eta beste bidaltzera. Postetxeak Correos estatu-enpresa publikoak kudeatzen ditu. Enpresa horrek ez du euskara jakiterik eskatzen bere langileei eta, argitalpen honen egilearen ustez, ez du inolako diskriminaziorik egiten. Ala bai? Kontua da ni postetxera ailegatu, txanda hartu eta ingurura begiratzean, hizkuntza-paisaia ezin erdaldunagoa topatu nuela. Agian paisaia kontua baino ez zen izango eta, beraz, nire txanda izan zenean egokitu zitzaidan beharginari euskaraz egin nion eta berak euskaraz ez zekiela erantzun; beste behin ere nire hizkuntza-eskubideak urratuak. Ez zegoen euskaldunik postetxean eta, beraz, nik nire izapideak gaztelaniaz egin behar izan nituen. Gainera, hainbat dokumentu eta sinatzeko tablet moduko horiek gaztelania hutsean zeuden.
Niri gertatutakoa azalduta, jakin nahiko nuke ea horrelakorik, baina alderantziz noski, erdaldun bati gertatu ote zaion Euskal Herrian. Ez dut uste. Euskaldunoi, aldiz, egunero gertatzen zaizkigu horrelakoak. Batez ere, inolako euskara titulurik eskatzen ez dituzten eta “diskriminaziorik” burutzen ez duten zerbitzuetan (Correos, Renfe, estatuko administrazioa, etab). Nik nire eskubideak ditut eta egunero urratzen dizkidate, baina, antza, orain nik urratzen ditut erdaldun elebakarren funtzionario izateko ustezko eskubidea. Sentitzen dut, baina ez nauzue txarto sentiaraziko. Hasteko, funtzionario izatekoa ez delako eskubidea eta, jarraitzeko, euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea (hau bai eskubidea dela, nahiz eta egunero urratzen diguten) bermatuta ikusi nahi dugulako.
Erreminta oso baliatsua dago horrelakoetarako: EUSKARAREN TELEFONOA.
http://www.euskararentelefonoa.com/
Oso erraza da erabiltzen eta masiboki erabilita ziur naiz bere eragina duela.
Bestetik, herritarron eskubide hau ulertzeko ez dut ikusten buelta gehiegirik eman behar denik. Gauza bi soilik irudikatu behar ditugu: Zer irudituko litzaigukeen norbaitek gaztelania jakin gabe lanposturako eskubidea aldarrikatuko balu (EBko komunitarioa, kasu) edo herritarren bati leihatilakoak gaztelania ulertzen ez duela erantzungo balio.
Ez dago besterik. Hori bai, euskara ikasi ahal izateak debaldekoa eta bermeduna (eskolatik alfabetizatua irtengo delaren bermea, gaur egun ez bezala) behar luke behingoz. Gaztelania ikastea debaldekoa eta bermeduna den bezala.
Eskerrik asko. Nik Elebidera bidali dut kasua. Hona hemen Elebideren web orria, non kexak bideratu ditzakegun, informazioa eskuratu, etab.
http://www.euskara.euskadi.eus/r59-eleb/eu/
Horrekin ez diot ezer kendu nahi Behatokiaren Euskararen Telefonoari, baina nik bestera bidali dut.
Mila esker!