Hogeita bi eta bat
Hogeita bi eta bat –
Malores Etxeberriak Argia aldizkarian.
Julian Retegik Juan Inazio osaba tanto bakarrean utzi zueneko partida famatua izan zen. Julian aurretik, lehiakor, harro, seguru, osaba atzetik, pilota ikusi ere egiten ez zuela. Osabaren tanto bakar horrek ere min eman ziola aitortu omen zuen Julianek, hutsean uztea helburu, sobrare.
Abilidadez jokatu dute hizkuntzaren partida Jaurlaritzako bi sozioek legealdi honetan. Aurreko urteetako joko-estrategia aldatuta abiatu zuten jokaldia, entrenatzaile eta jokalari berriekin, eta joko ederra ikusteko parada eskaini dute. Tantoz tanto, aurkaria txikitu eta ikusleak bereganatzea lortu dute. Hogeita bigarren tantorako sakeak zutik jarri du frontoia.
Beste gai askotan gertatzen den bezalaxe, hizkuntza kontuetan ere antzeko hitzak eta kontzeptuak erabiltzen ditugu kontrajarriak diren edota bata bestearengandik urrun dauden ideiak adierazteko. Hala, ekonomia zirkularra deitzen diogu hondakinak nola edo hala sailkatu eta trontzorik handiena erraustegira bidaltzeko sistemari; heziketa inklusiboaz ari gara matrikulazio kanpainetan kolore pixka bat sartu eta etorri berriei gure eskoletan behar dituzten baliabideak eskaintzen ez dizkiegunean; genero parekidetasuna deitzen diogu mahai inguruan gizonak eta emakumeak kopuruan berdintzeari, eguneroko languneetan, maiz, emakumeok hitza hartzeko ere zailtasuna dugunean; zertaz ari ote gara hizkuntza normalkuntza edo, gaur egun dioten moduan, hizkuntza berdintasuna, diogunean?
Gutxi aurreratu dugu azken urteotan eta mantso goaz, oso mantso, nahiz eta bestelako irudi bat ematen saiatzen garen. Adibide txiki bat besterik ez: gaur oraindik, gure herrietan lasai asko irekitzen dituzte merkatalgune handiak, inolako exijentzia linguistikorik gabe, ez baitugu legerik hori zorrotz arautzen duenik. Ordainetan, nolabaiteko adabakia jartzeko, udala behartuta dago, 2016ko Udal Legeak jasotzen duenaren arabera, gune horien eragin linguistikoa neurtzera, eta, eragin hori negatiboa izan badaiteke, neurri zuzentzaileak aholkatzera. Aholkatu, proposatu, inoiz ez exijitu. Herriko euskaltzaleak ondoren, hamabost eguneko ariketa bat egiteko proposamena egitera joango dira merkatalgunera, asertibitate handiz, kontsumitzaile euskaldunok langile euskaldunez hornitutako ordainlekuak izan ditzagun, gure hizkuntz eskubideak errespetatuak izateko. Hamabost eguneko ariketa eginda, libre hurrengo bat arte. Exijentziarik ez da gehiago. Dena da sustapena eta sedukzioa.
Merkatalguneak, administrazioa, osasun etxeak, irakaskuntza, kirol jarduerak, enpresa mundua, hedabide publikoak, aspalditik bidean omen den doako euskalduntzea… Sakoneko hutsuneek hutsune izaten jarraitzen dute, baina bada gauza bat errotik aldatu dena, eta hori presio soziala da. Mugimendu sozialak, konfrontaziorik gabeko elkarlanaren izenean, autonomia galtzen joan dira, zentzu kritikoz aurrera egitea eta eginaraztea zailduz. Horrek eman dio boterean dagoenari 22. tantoa.