Egin leku musikari hasi berriei!

Egin leku musikari hasi berriei! –

Uda honetako programazioaren barruan, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu duen berrikuntzetako bat izango da Egin Leku! deialdia: musikari hasi berrientzako plaza irekia, alegia. Urtean zehar Falerina tabernan igande arratsaldetan beren musika jotzeko aukera eskainiko du deialdi honek. Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 27ra arte egongo da zabalik (biak barne). Kontzertuak irailean hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.

Egin leku musikari hasi berriei!Filmak, antzezlanak, lehiaketak, familia jarduerak, kontzertuak eta deialdiak. Horiek guztiak batzen ditu Oihanederren udako programazioak, eta musikari lotutako deialdia izango da oraingo honetan aurkeztuko dena: Egin Leku! Musikari euskaldun hasi berrientzako deialdia da hau, plaza hartu dezaten laguntza eta beren lekua izan dezaten aukera eskaintzen duena.

Musikari hasi berrientzako plaza izango denez, formatu txikiko proposamenak izan beharko dira: bakarka, edo gehienez beste bi musikarik lagunduta. Halaber, diskarik grabatu gabeko musikariei zuzenduta dago (kontzertu kopuruen erdia 35 urtetik beherako gazteek egindako proposamenentzat izango da).

Iñaki Lazkano (Oihanederreko programazio arduraduna): “Egin leku! Oihaneder euskarazko sorkuntza herrikoira zabaltzeko modu bat da. Deialdi ireki honen bitartez kulturgune euskaltzale honetan jotzeko aukera eman nahi diegu Euskal Herriko artista berriei. Musikaren munduan, kantuen konposizioan, lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaini igande arratsaldetan bertan jo dezaten”.

Edozein estilotako musika onartuko da, baina kantuen hitzak gutxienez %75 euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, emanaldi osoko komunikazio hizkuntza euskara izango da, baita aldez aurreko produkzio harremanetako hizkuntza ere.

Deialdia uztailaren 1ean ireki da eta 27ra arte egongo da zabalik. Hilabete izango da izena emateko eta proposamenak aurkezteko. Gure webgunean jarriko den imprimakia bete beharko da eta bideoan (mp4) edo digitalean (mp3) grabatutako hiru kanta bidali beharko dira formularioarekin batera.

Uztailaren 31n jakinaraziko dira aukeratutako proposamenak zeintzuk izango diren, musikaren inguruko artista ezberdinekin osatutako epaimahaiak hala erabakita. Kantuen orijinaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izango dira baloratzeko erabiliko diren irizpideak. Behin aukeratutako proposamenak jakinda, urte osoko kontzertuen egutegia zehaztuko da. Hala ere, irailaren 13an aurreikusten da lehenengo kontzertua, eta urte osoan zehar bi hilabeteko maiztasunarekin burutuko dira.

Oihanederrek kontzertuak egin ahal izateko zenbait baliabide ipiniko ditu musikarien eskura: alde batetik, kontzertua egiteko baliabide teknikoak (soinu ekipoa eta mikrofonia) eta espazioa Falerina tabernan, eta bestetik, emanaldiaren komunikazioa Oihanederren ohiko zabalkunde euskarrietan. Horrez gain, 150€ ordainduko zaizkio 50’-75’ minutu arteko emanaldia prestatzeagatik.

Bestalde, publikoaren parte-hartzea sustatuko du deialdi honek, eta kontzertuetan bozkatzeko aukera emango zaio ikusleari: ikusitako kontzertua baloratuz eta gustuko abestia sare sozialetara igoz. Parte hartzen duten guztien artean 100 €ko bonoa zozkatuko da Gasteizko musika denda batean gastatzeko. Eta musikari bozkatuenak publikoaren saria jasoko du aldi berean.

Egin leku musikari hasi berriei!