Ameriketako Estatu Batuen Gobernuaren Konstituzioaren alde

Ameriketako Estatu Batuen Gobernuaren Konstituzioaren alde –

Izenburu hau du John Adams, Estatu Batuetako bigarren presidenteak, 1788an idatzitako liburuak. Bertan biltzen ditu bere adiskideei europan zehar aritu zenean idatzitako gutunak, bertako herrialde eta estatuen antolakuntzari buruz berri emanez, haien artean Bizkaia. Garaiko beste europar estatuekin (Suitza, Herbehereak, Ingalaterra, Polonia) eta gobernu klasikoekin batera (Atenas, Erroma, Kartago) esan daiteke Bizkaiak inspirazio bezala balio izan zuela Ameriketako Estatu Batuetako konstituzioa idazteko.

John Adams-en eskultura Bilbon
John Adams-en eskultura Bilbon. FDV / CC BY-SA

Liburua eskuragarri dago ingelesez Constitution Society erakundearen webgunean edo nahiago duenarentzat bere garaian argitaratu zen bezala hemen.

Liburuaren azala
Liburuaren 3. argitalpenaren azala

Edonola ere, Bizkaiari dagokion atala hemen azpian dago euskaratuta:

IV. GUTUNA

BIZKAIA

Jaun agurgarria,

Beraien gobernuan ahotsa gordetzeko trebetasuna, adorea, eta zortea izan duten Europako jendearen bilaketa hau bezalako ikerketa batean, Bizkaia, Espainian, inola ere ezin da ahaztu. Beraien bizilagunek asmo guztiak aspalditik errege eta apaizen mende utzi dituzten bitartean, jende txundigarri honek beraien hizkuntza zaharra, talentua, legeak, gobernua, eta ohiturak, aldaketarik gabe, Europako beste edozein nazio baino luzeago gordetzea lortu du. Zeltar jatorrikoak, Boetica zaharreko [Galeseko zonaldea] zati ederrenetan bizi izan ziren behinola; baina, beraien askatasunarekiko maitasuna, eta atzerritar morroitzarekiko higuin ase-ezinak, inbaditu eta beraien izate zaharra kendu zietenean, antzinakoek Kantabria deitzen zioten lurralde menditsuetara erretiratu ziren. Oviedo eta Leon-ek bidalitako kondeen menpe egon ziren, 859ra arte. Orduan, agintari gabe gelditu ziren, Zeno, beraien buruzagia, preso egin baitzuten. Armetan altxatu ziren Ordoñoren aurka, Alfontso hirugarrenaren semea, haren menderatzea bortitzegia baitzen. 870ean, Ordoño kanporatzen lagundu ostean, beraien buruzagi bezala amaren aldetik Eskoziako nobleziako jauntxo bat zena hartu zuten, aldi berean beraien buruzagi ohi Zenoren suhia. Bere ondorengoak, Haro izenpean agindu zuten, Don Pedro Krudelak azken Bizkaiko jauna hil eta akordio bat egitera behartu zituenera arte. Honela, beraien herria, Bizkaia, Gaztelara batu zen jaurerri bezala. Honengatik, Espainiako erregea orain Bizkaiko jauna ere bada. Errepublika bat da, eta babesteaz gehien tematu diren eskubideetako bat erregerik ez izatea da. Beste eskubide bat zen, izendatu berri zen jauntxoa bera herrira etortzea, hanka bat oinutsik, jaurerriko abantailak babestuko zituela zin egitera. Oraingo Espainiako erregea [Carlos III] izan da aurrena zin hau Madriletik egiten utzi diotena, beste zeremonia iraingarri eta zantarra albo batera utziz.

Beraien babeste-nahiak herri guztiak harresiekin gotortzera bultzatu ditu. Hogeita bat dira; nagusiak, Urduña, Laredo, Portugalete, Durango, Bilbo, eta Santander. Bizkaia bederatzi meriendadek, hau da, bailego moduko barrutik, osatzen dute, kostaldeko lau hiriez gain. Hiriburua Bilbo da. Lurralde osoa mendi altu eta malkartsuz betea dago, horren gogor eta harritsua, ezen mendietako batean ipinitako soldadu konpainia batek mugagabe bertan iraun lezakeela etsaiei harriak botaz. Herrialdearen eraketa natural honek, inongo armaden inbasioa galarazi duenak, eta bertako biztanleen izaera ausartak, babestu dute beraien askatasuna.

Langileak, adiak, eskuzabalak, adoretsuak, gogorrak, gudara eta nabigaziora zaleak dira eta horregatik bi mila urtez Espainiako soldatu eta nabigatzaile hoberenen izena irabazi dute. Gortesau onenen izena ere badute, eta askok, beraien asmamen eta izaerari esker, Madrilgo gorteko postu eta bulego gorenenetaraino igotzea lortu dute. Beraien ezaugarri baliotsuek Espainiako erregearen estimua irabazi die, zeinak horrenbeste preziatzen duten beraien immunitate handien jabe izaten uzten die oraindik. 1632an hain zuzen, gorte honek gatzaren gaineko zor bat ezarri zuen. Bilboko biztanleak armetan altxatu ziren, eta zerga hau batzera etorri ziren ofizial guztiak eta admiralgotzaren ofizial guztiak erahil zituzten. Hiru mila soldatu bidali zizkieten matxinada zigortzeko. Hauen aurka ere borrokatu ziren, guztiz garaituz eta itsasora bultzatuz soldaduak, erregeari zergen plana bertan behera utziarazi zioten. Orduz geroztik, erregeak ez du inongo ofizialik jaurerrian, korregidoreaz salbu.

Idazle askok beraien merkataritza garatua kokapenari egozten diote, baina kokapen hau ez denez Ferrol edo Coruñaren horren ezberdina, abantaila hori seguru aski beraien askatasunetik dator.  Lurralde txiki honetatik zabiltzanean Connecticut-etik zabiltzala irudituko zaizu. Loiz egindako eta lastoz estalitako zorigaiztoko etxolen ordez etxe handi eta apainez eta baserriz betetako herrialdea topatuko duzu; ondo hazitako lurrak eta biztanleri aberats eta zoriontsua. Bideak, horren arriskutsu eta igaroezinak direnak Espainiako beste aldeetan, hemen oso onak dira, lan handiz eginak.

Nahiz eta gobernuari demokrazia deitzen zaion, ezin dugu autoritate oro leku bakar batean pilatuta topatu. Hiriak eta meriendadeak adina gobernu desberdin daude. Gobernu nagusiak bi maila ditu gutxienez: jauna edo gobernadorea, eta bi-urteko parlamentua. Honenpeko beste hamairu azpi-banaketek beraien gobernu propioak dituzte, magistratu banarekin hauen buru. Metropolisaren arabeherakoak dira beste azpi-gobernu guztiak. Metropolisak, zilegi, Bilboko errepublika noble eta ospetsua deitzen dio bere buruari. Hiriak bere alkatea -gobernadorea eta justizia-burua dena aldi berean-, hamabi zinegotzi edo aholkulari, epaile nagusia, etab. ditu. Honako guzti hauek, udaletxean batuta, Bizkaiko jaunak berresten dituen legeak idazten dituzte.

Egia da ofizial hauek hiritarrek hautatzen dituztela, baina, hautagaiak lege baten bidez izendatzen dira, bi-urteko parlamenturako edo batzar nagusirako kideak bezala. Bertara familia noble gutxi batzuk soilik aurkeztu daitezke, ama eta aitaren aldetik, mairu, judutar, kristautu, eta inkisizioak izendatutako penitentzialari aztarna gabeak. Bertakoak eta bertan bizi direnak izan behar dute, gutxienez mila dukadoko ondasuna izan eta inoiz ere loturarik ez merkataritza, artisautza, edo bestelako eskuzko profesioekin. Gainera, merindade guztien arteko adostasunez, batzar nagusietako ordezkari guztiak, errejidore, sindiko, idazkari, eta diruzain orok noblea izan behar du, zalduna gutxienez, eta beraz, ez beraiek ezta beraien aitak ere inoiz ere ez du eskuzko lanetan aritua izan behar. Ondorioz, ikusten dugu jende honek berak nola kontratuzko aristokrazia bat ezarri duen, demokrazia liberalaren itxurapean. Amerikarrak, adi!

Nahiz eta gobernu nagusian, hiri guztietan, eta meriendade guztietan boterearen hiru adarrak ikusten ditugun: batena, gutxi batzuena, eta askorena; eta askok dioten bezain demokratikoa izango balitz ere, ezin dugu inola ere imajinatu, hamar legoako diametroko mendi igaro ezinen arteko artalde txiki honena bezalako gobernuaren erabilgarritasuna edo baliagarritasuna beste edozein herrialdetan.

Bereizketarako zaletasuna, gobernu demokratiko guztietan horren ohikoa, nahiz eta indar aristokratiko eta monarkikoekin nahasita, hemen ere ageri da Gipuzkoa eta Arabatik bereizten baita Bizkaia. Eta bereizketa gehiagotik babesten duena bere bizilagunekiko beldurra da. Beti jakin izan dute, fakzioka bereiziko balira, edo aldaketak saiatu, Espainiako gorteak beraien gustukoa ez den gobernu bat ezarriko liekeela.

Ameriketako Estatu Batuen Gobernuaren Konstituzioaren alde Ameriketako Estatu Batuen Gobernuaren Konstituzioaren alde

2 pentsamendu “Ameriketako Estatu Batuen Gobernuaren Konstituzioaren alde”-ri buruz