Hobe barrez

Hobe barrez –

Joan den martxoaren 20an, asteartearekin, EUSTAT, Euskadiko Estatistika Erakundeak, argitara eman zuen 2016 urteari dagozkion euskarari buruzko udal-erroldako datuak, ama-hizkuntza, ezagutza eta etxeko ohiko hizkuntzen erabilerari buruzko datuak, alegia. Zain nengoen. Datuen murgilean egin dut lanbide eta bizimodua unibertsitatean.

EUSTATek argitaratutako 2016ko datuen arabera, orain dela bi urte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bost urtetik gorako euskaldunak 846.337 ginen. “Ez dago gaizki“, pentsatu nuen neure kautan. Beste aldetik, begiratu nuen, berriro ere, joan den urtearen amaieran, abenduaren 18an, sailburuak aurkeztu zuen Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020. Bertan, 43. orrialdean legealdirako hizkuntza politikaren helburuak zehaztu zituen; euskaldunen bilakaerari dagokionez, 1.2 helburua, 2020 urterako Autonomia Erkidegoan 788.100 euskaldun izatea jotzen du helburu eta, abiapuntua, 2011 urteko datua ezartzen du: 5 urtetik gorako 749.182 euskaldun.

Zenbakiak, datuak ez besterik. Halere, galdera bat dabilkit ezin sosegaturik: nola izan daiteke Hizkuntza Politikaren arduradunen helburua euskaldunen kopurua murriztea?  Hau da, nola daiteke Jaurlaritzak 2020 urterako espero dituen euskaldunak 2016ean zeudenak baino 58.237 euskaldun gutxiago izatea?

Eskandaluzkoa iruditzen zait, iruzurra eta, bereziki, herritarrei, euskaldunei laido egitea. Lotsa sentitzen dut, auzo-lotsa, hobeto esanda. Ez baitut ulertzen euskara biziberritzeko hainbeste ahalegin egiten denean nola onar daitekeen hizkuntza politikako arduradunen tamainako zabarkeria. Nola sinets dakieke euskararen erabilera sustatu nahi dutela euskal hiztun kopurua murriztea proposatzen digutenei?

Hobe barrez

 

Hizkuntza Politikako goi mailako arduradunak esan omen zuen helburu bat edo beste jartzeak ez duela garrantzia handirik, helburuak erraz alda daitezkeela. Hori horrela, zergatik ez dute aldatzen? Nolanahi ere, politika gauza serioa omen da, serio hartuko dugu, bada. Demagun ez direla akatsak eta Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 dokumentuko helburuak Jaurlaritzaren benetako egitasmoak direla. Hau da, Jaurlaritzak benetan murriztu nahi duela euskaldunen kopurua, izan daiteke. Nola egingo du Jaurlaritzak? Euskararen Agenda Estrategikoan (2017-2020) 1.1 helburuak 2020 urterako 25 urtetik behekoen artean, xeheago 5 – 25 urte bitarteko gazteen artean, euskaldunak % 75a izatea. Kontua da, 2016 urtean (EUSTAT 2016) euskaldunen portzentajeak %81,2 jo zuen. Hau da, Jaurlaritzak nahi du 2020 urtean gazteen artean 2016an baino 24.106 euskaldun gutxiago izatea. Pentsatzekoa da, esaterako, gazte euskaldunak hainbeste  ez izateko A ereduaren aldeko apustu sendoagoa egingo duela. Edo antzeko zerbait.

Helduen artean zer egingo du Jaurlaritzak 2020. urtean 2016an baino 34.131 gutxiago lortzeko? Espero dezagun Jaurlaritzako agintariek garbiketa etnikoren aukera baztertzea. Zer egingo du? Euskaldunen migrazioa sustatzea? Helduek euskara ahazteko kanpainak? Badaezpada ere, ez diet ideia gehiagorik emango. Agenda Estrategikoan alderantzizko helburuak jartzeko gauza direnak edozein astakeria egiteko kapazak dira.

Horiek horrela, gure Hizkuntza Politikaren agintariek egitasmoak hobe umorez hartzea.

Hobe barrez

13 pentsamendu “Hobe barrez”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-04-18 09:50

    Agian, besterik gabe, ondo kontatzen hastea du helburu. Garbiketa etnikoa, migrazioa edo euskara ahaztea bezalakoak ez dira beharrezko. Nahikoa da halamoduko euskara maila parregarria dutenak euskaldun bezala ez kontatzea, kopuruak hainbeste eta askoz gehiago ere jaisteko. Baina harritzen naiz hori izatea. Oharkabeko okerren bat izango da besterik gabe.

    • Xabier Isasi 2018-04-19 14:54

      Baliteke hiztunen euskara maila barregarria izatea, Jaurlaritzak, ostera, ez du maila askoz hoberik erakutsi. Ez dut uste akatsa denik, bazekitela jakin. Zergatik egiten duten ez dakit.

  • Euskaldun kopuru handiagorik ez da sekula egon historia osoan. Juan Inaziok dion bezala ordea, “euskaldun” horien euskalduntasun maila aztertzean datoz arazoak. Euskara jakite hutsak, kontzientzia nazionalik gabe eta herri honen benetako ezagutzarik gabe ezer gutxitarako balio du aurrera begira. Bestalde, oraintxe Herriak duen piramide demografikoa kontuan hartuta hainbat lekutan euskaldun kopurua murriztuko dela aurreikus daiteke, Lapurdi, bi Nafarroa eta Zuberoako hainbat eskualdeetan bereziki.

    Nik iada ez dakit zer pentsatu. Instituzioetatik (inperialistek utzitako botere kuotatxoetatik alegia) datozen mezu ia beti kontraesankorrei ahalik eta kasu gutxien egitearen aldekoa naiz. Euskaldunok biziraungo badugu, instituzioetatik at biziraupenerako estrategia bat martxan jarriko dugulako izango da, ez besterik.

    • Xabier Isasi 2018-04-19 14:57

      Bat nator: biziraupenerako estrategia behar dugu. Horregatik, hain zuzen ere, gure zerbitzuan dauden erakunde publikoei ezin utz diezaiekegu edozein gauza egiten. Gu ez-jakintzat hartzea, adibidez.

  • Egun baino euskaldun eta sasi-euskaldun kopuru handiagorik ez da sekula egon. Besteak beste sekula baino biztanle gehiago garelako Euskal Herrian.
    Era berean, sekula ez da egon orain bezainbeste erdaldun, ez kopurutan, eta ez ehunekotan ere (%100 ia), datu ageriko hau inoiz aipatzen ez bada ere.
    Euskararen Agenda Estratosfe… barka Estrategikoak ez dio zutunik eusten irakurraldi patxadatsu bati. Itoginez beteta dago, eta aurrekontuz hustuta.
    Bertan jasotzen diren helburuetatik oso gutxik daukate aurrekontu, arduradun edo planifikazio jakinik. Propaganda-liburuxka bat da.
    Interesgarria litzateke jakitea euskalgintzako eragile nagusiek (Kontseiluak, Topaguneak, AEK-k, Ikastolen elkarteak, EIEk, eta abarrek irakurri ote duten, eta zer irizten dioten).
    Alderdiek eta sindikatuek?

    • Xabier Isasi 2018-04-19 14:58

      Nik ere jakin nahi nuke eragile sindikalak, soziala, politikoak eta euskalgintzazkoek zer irizten dioten. Eskerrik asko.

  • Inori ez zaio bitxia iruditzen Jaurlaritza izatea Agendaren egile, sustatzaile eta ebaluatzaile, hirurak batera? Sistema bikaina asmatu du.
    Ebaluazioan beti aterako du nota ona edo oso ona.
    Euskalgintzaaaaaa… Non zaude(te)?

  • Zein polita den Bingen-en gorbata.

  • Hasteko, hau bezalako okurrentzia aldrebesa:
    “esan daiteke inoiz baino euskaldun gehiago dagoela eta inoiz baino gehiago erabiltzen dela euskara, batez ere eremu formaletan”
    Esan daiteke, baina ez bata eta ez bestea ez dira egia. Egia erdia ere ez.
    Euskaldun kopurua biztanle kopuruarekin erkatu behar da batetik. Bestetik, euskaldun elebakarrik ez dago, orain arte sekula ez bezala, eta hori oso seinale txarra da: esan nahi du ez dagoela euskaraz bizitzerik gure herrian. Aldiz, españolak eta frantsesak jaun eta jabe dira gure etxean ere, español eta frantses hutsez.

  • Aztertu, bultzatu, sustatu, jarraitu, eraiki… Nola neurtzen da “helburu” horien bilakaera?
    Sakon aztertu da? Gogor bultzatu dugu? Gogoz sustatu? Temati jarraitu? Marka da gero…
    Helburu neurgaitzez (gehienak) gainera, badira helburu bitxiak ere.
    Hezkuntzan adibidez:
    “Elebitasuna bultzatu hezkuntza eleanitzaren barruan, zona bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta” ???
    Turismo, Merkataritza eta Kontsumon:
    “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Plana 2017-2020 dokumentuan, hizkuntza gutxituen presentzia bermatu, eta hizkuntzen kudeaketa orekatua sustatzeko aukerak elkarrekin aztertu. (Euskara sartuko dute sustatu beharreko gutxituen artean behinik behin…?)
    Kultura eta Hizkuntza Politikan:
    “Euskadiko sortzaileen sarearen alde egin, sortzaileei eta kultura-industriei lagunduz”
    “Euskadiko kultura-produkzioaren ikusgarritasuna eta irisgarritasuna indartu”
    “EITB zerbitzu publikoa izatea bermatu eta bikaintasunezko kudeaketa sustatu”
    “Turismoa bultzatzen duten eta inguruan aberastasuna sortzen duten kirol ekitaldien antolakuntza babestu”…
    Oso ondo, baina eta euskara???

  • ganbaratxotik 2018-04-20 22:49

    Hitzak hitz eta diskurtsoak diskurtso Xabier, nik badut gure erakundeetako elkalzaletasuna kalibratzeko neurgailua: Ekonomia izanik zereko zera guztien ama, zein ihardun ekonomiko izan dugu Euskal Herrian zeinean euskera hegemonikoa izan bait den? Zein bizibide izan da gurean non euskera jakin gabe galdua zinatekeen? Zein inguru zen gurean zeinean halabeharrez ikasi beharko zenukeen euskera bertan integratzeko? Horixe bera, Kantaurialdeko nekazaritza, deitu baserria etxaldea, laborantza eremua. Zein izan da gure erakundeetako arduradunen jarrera azkeneko 40 urteetan? Utzikeria eta merkatuaren lege basatiekiko morrontza. Ondorioa: Euskeraren BENETAKO arnasgunea bere azkeneko ostikadetan, 50 urtetik gorako zaharrez betetan eta eukaliptoa etxeetako atarietaraino edo bestela Bilbo aldeko baratsen txalet bihurtuta. Euskeraren mintegia beharko lukeen iharduera ekonomiko esanguratsua espekulatzaileen eskupean erdaldunduta. Ganorabakokeria edo gaiztakeria? Zeini eskatu ardurak? A-z hazten diren Bizkaiko abizendun jauntxoei? Agian bai.