Aiaraldea hedabidea: “Euskara ezin da izan lehia politikorako aldagai”

Aiaraldea hedabidea: “Euskara ezin da izan lehia politikorako aldagai” – Sagardotegi denboraldirako telefono adimentsua

Artziniegako udal gobernu jeltzaleak urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko Alderdi Popularrarekin akordioa gauzatu du, eta popularrek hala eskatuta, EAJk eskualdeko euskara hutsezko hedabidea 1.500 euroko diru laguntzarik gabe utzi du.

Hauxe da erabaki horren aurrean atzo, apirilak 17, Aiaraldeak plazaratutako idatzia.

Udal aurrekontuak PPren babesarekin onartzeko erabaki zuen Artziniegako EAJk Aiaraldea hedabidearekin zuen hitzarmena kentzea. Aiaraldea hedabideak euskara lehia politikotik kanpo uztea eskatu du, eta dei egin die herritar, alderdi eta erakundeei euskararen normalizaziorako tresnak babestera.

Osteguneko osoko bilkuran onartu ziren udal-aurrekontuak, EAJko 4 zinegotziren aldeko bozekin, EH Bilduren kontrako 4 botorekin eta PPko hautetsi bakarraren abstentzioarekin. PPren abstentzioa eskuratzeko baldintza bakarra izan zen komunikabideari diru-laguntza kentzea, eta Iñigo Gomez alkatearen gobernu taldeak bide eman zion eskaerari. Ondorioz, 1.500 euroko diru partida alboratu du EAJk 2018ko egitasmoetatik, euskarari oraindik eta laguntza gutxiago eskainiz aurten.

Artziniegako udal gobernuak hartutako erabakiaren ondotik, ezer baino lehen, Aiaraldea Hedabideko lantaldetik eskerrak eman nahi dizkiegu azken egunetan babes mezuak helarazi dizkiguten herritar, eragile eta hedabideei, bereziki Artziniegako pertsona eta elkarteei.

Gertakari larri honen aurrean, argi adierazi nahi dugu euskara ezin dela lehia politikorako ez aurrekontuen negoziaketarako aldagai izan. Kezkagarria eta larria da udal gobernuarentzat euskara estrategikoa ez izatea. Era berean, ozen salatu nahi dugu Joseba Elejalde PPko zinegotziaren euskarafobia. Euskararen erabilerari erreparatuta behar handia duen herria da Artziniega, baita eskualdea bera ere. Horregatik dira hain beharrezko erabilera bultzatuko duten proiektuak edota tresnak.

.

Euskararentzat, aurrekontu guztiaren %0.39 soilik

2018ko aurrekontuetan Artziniegako Udalak euskarara 1.8 milioi eurotik 7.175€ soilik bideratuko ditu, aurrekontu osoaren %0.39, inguruko udalen partidetatik oso azpitik: Euskararen Astera eta bestelako jardueretara 4.500€, Aiarako Kuadrillako ekintzetara 375€ eta euskara ikasteko diru-laguntzetara 2.300€. Datuak ikusita, euskararen normalizazioaren alde lanean gabiltzan eragile garen heinean, kezkagarria da euskal hizkuntzak udalean duen garrantzia eza. Nola da posible, udal gobernuaren aldetik, euskarak estrategikotasunik ez izatea? Hartutako erabakiaren ondorioz, aurten euskararen sustapenak Artziniegan oraindik eta baliabide ekonomiko gutxiago izango ditu.

Aiaraldean euskararen ezagutza eta erabilera asko hazi dira azken hamarkadetan. 2016ko datuen arabera, 2 urtetik gorako biztanleen herena da euskaraduna; duela 25 urte ez zen %10era iristen. Ildo beretik, ia euskaldunak %20 dira. Hortaz, euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai dira biztanleen erdia baino gehiago. Aurrerapauso guzti hauek dira Artziniegako herritarrek eta eragileek euskararen alde egindako lan handiaren isla; nahiz eta egunerokoan erabiltzeko urratsa ematea falta den.

Horregatik, euskarak tresnak eta arnasguneak behar ditu Artziniegan, gaur egun eskaintzen zaizkion baliabideak baino gehiago. Zentzu horretan, erakunde publiko guztietako planek adierazten dutenez, ezinbestekoak dira euskarazko hedabideak hizkuntzaren normalizaziorako; arnasgune garrantzitsu baitira, eta eremu erdaldunetan are gehiago. Artziniegan euskararen ezagutza datuak igo badira ere, erabilera indartzeko berebizikoak dira Aiaraldea hedabidea bezalako proiektuak.

.

Hedabidea, euskararen arnasgune Artziniegan

Aiaraldea komunikabideak 7 urte hauetan Artziniegari buruzko 2.087 eduki argitaratu ditu www.aiaraldea.eus webgunearen bidez: 791 agenda deialdi, 370 artikulu, 220 argazki galeria eta 61 bideo. Udalak herriko berriak zabaltzeko aldizkaririk ez duela aintzat hartuta, funtzio sozial handia betetzen du; udalaren zein elkarteen informazioa ezagutzera emateko eta herritarren lorpenak zabaltzeko zinez garrantzitsua da.

Izan ere, tokiko informazioa multimedia formatu ezberdinetan plazaratuz, zuzenean edo zeharka, erdalguneetan euskaraz irakurtzeko eta hitz egiteko ohitura areagotzen ari gara; euskarari eremuak zabaltzen. Era berean, azpimarratzekoa da Artziniegan -eskualdeko gainontzeko herrietan bezala- ikastetxeen bidez hedabidetik euskarari eman zaion bultzada. 2013tik hona 17.000 egunkari (85 ale) banatu dira bertan, horietatik 10.965 Arteko Gure Amako eskolako ikasleen artean. Horrek esan nahi du, elkarlan horri esker -familia bakoitzean bataz beste 4 lagun daudela kontuan hartuta- 800 artziniegarren eskutara ailegatzen dela “Aiaraldea hemen” aldizkaria hamabostero, herritarren erdira gutxi gorabehera. Norabide horretan, Aiaraldea Hedabideak euskararen normalizazioan duen garrantzia eta eraginkortasuna balioan jarri nahi ditugu ohar honen bidez, nola webgunea hala egunkaria euskaraz informatzeko, irakurtzeko eta komunikatzeko tresna garrantzitsu baitira artziniegarrentzat ere. Familia eta gune sozial askotan, esaterako, hedabideko egunkaria edota atariko edukiak izaten dira euskarazko komunikazioari tarte egiteko tresna.

.

Elkartasun jaia, herritarren eskutik

Aiaraldea hedabidetik, aurrera begira, eguneroko lanaren bidez hedabidetik kazeta formatu ezberdinetan euskarari bide ematen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Hala, esker beroena helarazi nahi diegu egunotan babes mezuak bidali dituzten artziniegarrei; maiatzaren 12an elkarte ezberdinen laguntzaz “Elkartasun Jaia” antolatzeko proposamena luzatu baitigute udalak kendutako 1.500 euroak eskuratzeko.

2012tik gaur arte, udal guztiek babestu dute egitasmoa. Saraobeko mahaiko ekitaldian 9 udalerrietako alderdi politikoek -PPk barne- sinatu zuten hitzarmena.

.

PPren beto “euskarafoboa” eta salaketa faltsuak

Joseba Elejalde Artziniegako PPko zinegotziak udal aurrekontuen eztabaidan “hedabide plurala” ez garela adierazi zuen. Gezurraren testigu fidelena da hemeroteka: 8 urteotako ibilbidean denetariko iritziak eta alderdi guztien albisteak plazaratu ditugu, horren erakusle dira gurean idatzi duten zutabegileen aniztasuna ere. Aiaraldea Hedabideak ez du inoiz eta inon alderdi bakar bat ere ez betatu, eta Elejalde bezala, hori baieztatzen duena, gezurretan ari da, nabarmen.

Halaber, euskararen kontrako neurri hau hartzeko Elejaldek argudiatu zuen Aiaraldea “lau lagunek montatutako txiringito bat dela, enpresa pribatu bat”. Aiaraldea Hedabidea herritarrek sortu eta garatu dute, ehunka pertsonen lan boluntariori esker. Aiaraldea Kooperatiba Elkartea da hedabidea kudeatzen duen enpresa herritarra, eta eskualdeko 250 bazkide erabiltzailek osatzen eta finantzatzen dute, irabazi asmorik gabeko enpresa izanik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak “gizarte ekimeneko” izendapena aitortu zigun, helburu erabat sozialak dituelako: euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragitea.

Edonola ere, euskaraz argitaratzen den edozein komunikabidek du -edozein dela bere ildo editoriala edo ideologikoa zein irabazi ekonomikoak izateko asmoa- finantzazio publikoa jasotzeko eskubidea, euskararen normalizazioan ekarpena egiten duelako. El Correo, Deia, Diario Vasco, Berria edo Gara bezalako komunikabideek ere jasotzen dute finantzaketa publikoa. Aiaraldea irabazi asmorik gabea da, inpartziala eta anitza, eta besteek bezala diru publikoa jasotzeko eskubide osoa (eta, zoritxarrez, beharra) du euskarak bizi duen diglosi egoera gainditzeko.

Elejalderen erantzuna izan da euskara bera politizatzea, eta inpartzialak eta anitzak diren euskarazko komunikabideak betatzea. 1,8 milioi euroko aurrekontu bat onartzeko euskarari 1.500 euroko partida kentzea eskatu eta lortu du; ondorioz euskarak oraindik eta baliabide ekonomiko gutxiago izango ditu 2018an Artziniegan. Euskarararen kontra dagoenik nekez topatuko dugu inon, baina bai ordea euskararen kontrako jarrerak praktikan garatzen dituen asko, Elejalde tartean. Korrikaren lekukoa eramateak ez du inor euskararen aldekoago egiten.

Oztopoei aurre eginez, euskaraz informatzen -eta beraz, bizitzen- jarraituko dugu; kazetaritza herritar eta independentea egiten, euskarak ahalik eta espazio zein tresna gehien eskura ditzan. Ildo beretik, eskaera bikoitza luzatzen diogu Artziniegako Udalari: euskararen aurrekontua handitzea, eta Aiaraldea hedabidearekin hitzarmena lehenbailehen berrezartzea. Babesa indartuz, jarrai dezagun euskara eta tokiko informazioa denon eskutik denon eskura jartzen!

Aiaraldea hedabidea: "Euskara ezin da izan lehia politikorako aldagai"Aiaraldea hedabidea Aiaraldea hedabidea Aiaraldea hedabidea Aiaraldea hedabidea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.