Hizkuntzaren heriotza

Hizkuntzaren heriotza –

Hizkuntzaren heriotza (I)

Ikusi nahi duenak ikus lezake: betazalak goratzea ia-ia aski du. Zertxobait hurbilera begira dezake, gero hara eta ondoren haratago. Jakina, hobe luke lupa jarriko balu, muturren aurrean duena ere ezeztatuko baitu. Hurbilekoa ere ez du ikusten edo, hobeki esan, ez du ikusi nahi.

Eta belarriak erne, ea nola ari diren euskaraz zure etxekoak. Ea nola ari den auzokoa. Ea nola ari diren herriko zahar eta gazteak. Entzun, entzun, eta jakinen duzu. Zahar eta gazten artean dagoen hizkuntza mailaren tartea ikusiko duzu, adibidez.

Hizkuntzaren erosioa

Orain bertan ari gara ikusten ETB1 delakoan Baserria …. igandez. Eta asteartez, berriz, horren gainean eztabaida luze eta zabala. Darabilten hizkuntzako hutsak, okerrak eta akerrak ikusteko aukera bikaina. Eta ez dut uste hizketari txarrenak joanen direnik, alde batetik erdiak baserritarrak, eta beste aldetik herritarrak aukeran hartutakoak. Beraz, hobexkoenak bereiziz, entzuten duguna erdi-mailatik gorakoa da. Aise! Hala ere, Porque, venga, por cierto, a ver,asi es que, … zaborraren erabilera oso-oso hedatua ikusten dut. Eta esaldi osoak erdaraz tartekatzen dituztenean? Hizkuntza bat sasidi horretan trabatzen hasten denean, heriotzarako bidea libre du.

Eta zer esan, este baterako, baita…..ere partikulez? Partikula horiek nork erabiltzen ditu konpainia horretan ongi? Aurkezleak ez beti, baina bai gehienetan. Beste zenbatek darabiltzate ongi? Bakarren batek bai? Honetan anabasa izugarri hedatu da Euskal Herria osan; eta zer esan hobe eta hobeki bereizteaz? Eta pixka hitzaren inflazioa gaztelera kalkatuz?

Ez dut sartu nahi ur sakonagoetan, soil-soilik aipatu baserritar bat baino gehiago sumatu ditudala ergatiboa usmatzen ere ez duena. Eta batua-euskalkia delako saltsa horretan ez dirudi asmatzen ari garenik: iruditzen zait astearteko eztabaidan euskara batua erabili beharko luketela batez ere. Bai to, etxeko euskaratik ateratzea zail zaigu. Saltsa ederra dago!

Beste erosio batzuk

Hotsak galtzen ari gara. Nork daki ll garbi ahoskatzen? Ia inork ez daki ll ahoskatzen, Horren ordez y sartu zaigu, yeismoa alajaina! Aunitzek ts eta tz-rekin arazoak. Eta Z-rekin? Zeta bera problema handia da, hainbat ikastoletan ez zaie erakutsi ere egiten. Eta Iparraldean rr ia bukatu da, barnealdeko euskaldun ona ez baldin bada behintzat.

Azentua eta intonazioa

Nola ari gara galtzen azentua? Hiri handietako ikastoletan zenbat kasu egiten zaio azentuazioa eta intonazioari? Nolako inportantzia ematen zaio? Berebizikoa duenean erraz eta aise aritzeko hizketan, musikaltasuna kontrakzioak egiterakoan esate baterako. Edo esaldiak eratzerakoan taxuz eta ongi eratzeko. Eta doinua? Euskal doinu guziak gainbehera datozkigu, berebiziko inportantzia duenean memorizatzeko garaian esaterako. Iparraldean herri zokoratuenean ere frantses doinua nagusitu da edo nagusitzeko bidean da. Hegoaldean ere Gaztelako doinua gero eta zabalduago. Hori bai, hedabide guzietan ari dira ingelesez ongi mintzatzeko Ingalaterrako azentua ikasi beharraz. Eta gurerik ez al da?

Hiketaren hiltzea

Hiketa noizko? Hika kontu hori dela eta, noizbehinka ateratzen da prentsan edo irratian oldarraldiren bat, zabaldu beharraz, alegia; baina ondoren, atera bezala itzali egiten da. Adiskidean artean ibiltzeko, adinkideekin… emakume eta gizonekin… Galera ikaragarria. Aunitz emanen liguke saiatuko bagina.

Solas informala

Lokuzio, esaldi motz, interjekzioak, irainak… denak komuneko zulotik botatzen ari gara. Zenbaitzuk hizkera formalaz, gai batez idazteko trebatuak daude, baina gehiengoak, azken horietako asko barne, hizketa ez formalean oso-oso maingu dabiltza. “Karrikako eta ostatuko” hizkera malgu, bizi, jostari hori ez dakite. Eta hau oso-oso inportante da hizkuntza normalizaziorako. Hizkuntza, hizketarako behar baitugu batez ere. Non erakusten da? Non ikas dezake Bilbon, Iruñean, Irunen edo Gasteizen ikasten duen ikasleak, herri txikietan ere galtzen ari denean?

Bai, badirudi hizkera ez formal hori ikasteko lasterbidea topatu dutela, izugarrizko lasterbidea: kristoren bidea, alajaina!

Kriston jende pila (kristoren jende pila) nonahi bota, izan batzarre batean, izan telebistan, izan taberna zuloan… berdin zaie. Beren jatortasuna, hizketa ez formalaren gailurra harrapatu dutelako ustean! Hitz bat ikasi eta mundua ikasi dutela iduritzen!

Eta zer esan hortik sortu dute kriston ona, kriston gaiztoa, bezalako antigramatikal esaldiak?

Zer kristo! Beren burua itsustu besterik ez dute egiten.

Herri gidariena da errua

Okerretik okerrera goaz eta EAEko Hezkuntzako kontseilaria den Bildarratz jauna hemengo umeak ederki ikasten dutela gazteleraz eta euskaraz 14 urte betetzerako. Lehengoan entzun nion ETB1n. Esan egin behar da gero hori!!! Ai, zure amonaren sortetxekoak gaztetxo horiek euskaraz entzun izan balituzte zer esanen ote zuketen?

-Euskias ai’dela? Euskia, hori? Hori ezta euskia.

Bildarratz jauna: Hego Euskal Herriko umeek oso ongi ikasten dute GAZTELERAZ, Gaztelakoak bezainbeste, eta Iparraldeko Euskal Herrian, FRANTSESEZ, Parisen bezala.

Bai, gure hizkuntza galbidean, larrialdian aspaldi sartua, hil hurren, eta zuek, oso ongi, oso ongi, Titanic barku famatu hartako kapitaina bezala barkua urperatzeko beste erremediorik ez eta “oso ongi, oso ongi”

Gure autoritateak aurrean dutena ere ukatuko lukete. Antikristo asmatuko dute egia aitortu eta sendabideak jarri baino lehen. Zeruko maldizio guziak desiratzen dizkizuet!

 

Amezti

27 pentsamendu “Hizkuntzaren heriotza”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-28 23:43

    bai, Amezti, horixe duk dagoena.

    euskaldunon euskera ZIUra bidean dela, eta ezin geldi lanturu hutsean.

    ZIUra sartzea azkena litzateke, hantxe baitago inguru iatrogeniko letala.

    beraz, atera daigun gaixo terminala anbulantziatik, eraman Etxera, eta erro-erroko tratamendua eskaini.

    Erro-erroko interbentzio super-urjentea, oraintxe bartan abian jartzeko, 2022an bertan.

    Zer egin -zioen Lenínek-, “Antolatu!”, erantzuten zuen behin eta barriro.
    Dei diezaiogun interbentzio urjente horri “KULTURGINTZA-2022” (edo beste edozein maneraz), baina egin dezagun BEHETIK GORA HASITA, Goiko borondateak lehortuta baitaude aspaldidanik.

    60ko hamarkadan, egoera txarragoan egin bazen, zergatik ez orain?

    bistan da, ezta, Amezti?
    ZEHARO KOLONIZATUTA gaudelako. Orduan, hortixe hasi behar: herriak euskal kulturaz janzten, gure biluzia estaltzeko (gainera orain egiten duen hotzarekin!)

    Eta zelan “de-kolonizatu” euskaldun jendea? “ANTOLATU!”

    Antolatu gutxieneko programa bat, gai aniztuna (euskal hizkuntza eta antropologia, euskaldunen Historia eta Kultura, literatura, artea, artistak, feministak, pentsonistak…,bizirik dagoen KRISTO GUZTIA (ni ere besteak bezala berbetan, Amezti)

    Nondik hasi prestatzen aurre-programa hori? UDALEN MUGIMENDU sortu berria euskeraren alde, Eusal Kontseilu, Batzorde… eta Batzordekondo guztiekin kontaktatu, (edota beraiek kontaktatu euskaltale guztiekin), dauden HERRI-MUGIMENDU herri ororen barnako euskaltzaleekin…

    Zeintzuek prestatu, ba, programatxo hori, bizirik dirauten KULTUR ETXE, ESKOLA eTXE, eta ABAR-ETXE guztiei eskaintzeko?

    Ez da izan behar “expertoa” delako bat, hitzaldiak baino zirkulu kolektiboak izanen baitira, dinamika kolektiboan oinarrituta. Aukera bitzate Euskal Kontseilu, Batzorde… eta goian aipatutakoek, kasu.

    Hori bai, KULTURGINTZA-2022ra apuntatzen direnak bolondresak izango direnez (hasiera batetan), astean 3-4 ordu eskain beharko dituzte dohainik.
    Abiatzea da zailena, ZEOZER EGITEN HASTEA. Gero etorriko dira laguntzak, seguru izan, jende askorengan piztuko delako esperantza.

    Hiru-lau laguneko taldetxoak herrialdeka edo eskualdeka bildu daitezke (hobe eskualdeka).
    Neu ere prest nago talde horietarikoen batean apuntatzeko (Hizkuntza eta Antropologia sailean).

    Beraz, animo Amezti, apunta hadi heu ere zeozertan.

    Azkar ibili, arnasa galdu baino lehen.

  • Mikel Haranburu 2021-11-30 10:42

    “Izan ere, hizkuntza bat salbatu nahi dugu, eta ez edozer gauza” zioen Txillardegik orain 30 edo 35 urte…
    Baina eta orain ‘edozer gauza’ egiten dugu…

  • Nik ere sentsazio bera dut, Amezti. Euskara, etengabe, erdaren aurrean makurtu behar, dela hiztegia, dela egitura, dela musikalidadea… euskararen arima edo esentzia galtzen duela dirudi.

  • Mikel Haranburu 2021-11-30 21:44

    Esentziaz hitz egitea gehiegixko, beharbada…
    Nire ikuspuntutik, hizkuntza bat hitz egitetik edo mintzatzetik pastitxe batez baliatzera iragaten ari gara; gaitza ez da hizkuntzaren kalitatea, hiztunen kalitatea baizik, hiztun direnez. Eta berdin gertatzen da Gaztelaniaz, ez jakin beste hizkuntzetan ere hala den, baina susmoa daukat…
    Pastitxe diot, nahiz eta linguistek agian pidgin esan lezakaten… Zehaztasuna, esaten denaren kontzientzia, koherentzia, argitasuna… horiek guztiak galtzen ari gara. Ez hiztun guztiak eta ez batera, baina, gauzak horrela, hiztun multzo batek bikaintasunera jotzen duen bitartean, itzultzaileek, aurkezleek… beste multzo batzuek zabarkeriara eta eskasiara, eta axolagabekeriara. Ahaztuta daukagu, eta hainbat girotan esatea gaizki ikusita, gainera, hizkuntza pentsamenduaren eramailea dela, eta tresna.
    Bazter utzi gabe Ingelesari egiten zaion gurtza, non, esate baterako, behar bezala ahoskatzea ongi hezitako seme-alaben kontua den. Bitartean, gurean, otxayan, maiatzan, pil-piyean edo Euskal Hejia…

  • josu naberan 2021-11-30 23:56

    eta zer diozue erremedioei buruz?

    ez duk nahiko ulurua, konpromisua behar dik. Bestelakotz,
    alferrik ditek uluak!

  • Mikel Haranburu 2021-12-01 10:00

    Erremedioak? Nik behintzat sarritan esan dut zer edo zer… hizkuntza eta gu gauza bera gara. Karrikara ateratzeko geure burua garbitzen eta apaintzen dugun bezalaxe, hizkuntza ere garbitu, txukundu eta apaindu beharra dugu, etengabe, egunero. Utzikerian bizi bagara, ordea, geure itxura edo irudia axola ez bazaigu, alferrik ari gara. Erremedioa norberak dauka; geure hizkuntzari ez erreparatzea geure buruari ez erreparatzea da, besterik gabe.

  • Mikel,
    Raçoin ossoa daducaçu bethe bethean.
    Berce bideric ez dago, gueure burua maitatzea baicic.
    Aguer gaitecen presentable, othoi.

  • Beñat Castorene 2021-12-01 11:22

    Egun on Mikel
    “Ahaztuta daukagu, eta hainbat girotan esatea gaizki ikusita, gainera, hizkuntza pentsamenduaren eramailea dela, eta tresna.”
    Nork, debru, uka lezake ebidentzia hori? Zergatik ote?

  • Mikel Haranburu 2021-12-01 12:47

    Ebidentea da, noski, baina (neure pertzepzio akatsa ez bada, behintzat) inguruan sarritan antzematen da halako “ergel izatearen garrantzia edo harrokeria”…
    Gaizki ikusia da, edo elitistatzat joa, edo aspergarria, astuna, zehaztapen nimiñoak ikertzea eta ikastea… erdi mailako gaitasun linguistikoa aski delakoan, norberari ulertzea nahikoa… hitz benetan egokia aurkitu arte bilatu beharrean edozein etiketa erabiltzea (=jasangarria); hitz bera erabilera zenbaitetarako (=-tzerakoan). Horiek hizkuntzaren inguruan, jakina.
    Hizkuntz kamustua darabilgu, kontent gara hiru edo bi mila hitzeko lexikoaz, egunerokoaz eta zertxobait gehiago; irakurtzeaz neke gara, ikasteaz nekeago.
    Ez bide gara oharzten geure gogoa, geure pentsamentua ere kamusten ari garela, hizkuntza kamustu edo murriztearekin batean.
    Esan bai, hizkuntzak pentsatzeko erak direla… baina hizkuntz kaxkarrak era kaxkarrean pentsatzeko tresna koskatuak diren…
    Erregistroena, gaitz kronikoa… gazteek ez dute Euskaraz egiten… zer nolako tresna dute gazteek buruan…? Erregistro falta… behin “gazte hizkera nazionala” falta zaiela erabaki zuten gazteek… nolatan sortuko da, gazte hizkera pertsonala hainbeste ‘gabeziaz hornitua’ dagoelarik…
    Egin dezagun geure hizkuntza hobea, trebeagoa, noranahikoagoa, eta gu ere hobeak izanen gara, trebeagoak, noranahikoagoak.

  • Exacto, ez. Exactissimo.
    Bacen garaia honelacoac ençun guenitzan!
    Anhitz esquer!

  • Benat Castorene 2021-12-01 15:06

    Zurekin ados naiz Mikel eta, nola serio eta zehatz erantzuten duzun segitzen dut galdezka:
    Esaten duzu:
    “Ez bide gara oharzten geure gogoa, geure pentsamentua ere kamusten ari garela, hizkuntza kamustu edo murriztearekin batean”
    Horregatik ez ote da ainitzek frantsesez edo espainolez pentsatzeko joera atxikitzen dugun?
    Egia errateko ezin dut erran beti euskaraz pentsatzen dutala. Lerrook idazterakoan eta zurekin mintzatzerakoan euskaraz segur baina gero egunean zehar ene herritarrekiko harremanetan? gehienetan frantsesez. Eta bakarrik liburu bat irakurtzen ari naizenean ? segun zer liburu leitzen dutan. Eta autoan bakarrik pentsaketan ari naizenean? Orai ez dakit baina denbora batez ene burua bortxatzen nuen gora eta euskaraz pentsatzera.
    Euskaraz pentsatzea da gakoetarik bat baina nola lortzen da?posible da gure burua derrigortzea? batez ere euskara kaskarra egiten dugunean.
    Egiazko euskaldunak izaiteko, orai behar da praktik intentsibo bat ongi dakien komunitate batean gogo hondoraino hunkia izateraino. Gero testu exigenteak irakurri eta testu exigenteak idatzi.
    Zenbait dira bada gaurko egunean aukera hori dutenak?
    Nola sortu egoera beharrezko hori nahi dutenentzat?

  • josu naberan 2021-12-01 15:47

    Ados zuokin.

    Hizkera ostean dagoen pentsaera (antropologia) hain da aberatsa (euskeraren kasuan, bederen), ezen hura bagerik, normala baita euskera hutsak ez erakartzea jendea, batipat belaunaldi berriko gazteria eta Eskoletako haurrak.
    Gakoa datza ea zer egin pentsaera hori transmititu ahal izaiteko. Horixe esan nahi nuen “erremedio” erratean.

  • Kezkaz jositako gazte bat 2021-12-01 16:24

    Arratsalde on.

    Egun ditugun baliabideak edukita nahikoa litzateke, hasteko behintzat, foru bat edo Discord edo gazte natibo digitalek erabiltzen dituzten plataformetako batean taldetxo bat osatzea eta gutxika-gutxika lan hori jorratzea. Gramatika pixka bat hemendik, ahozkatzea eta prosodia hortik eta lexikoa beste nonbaitetik, nahas-mahas ordenatuan eta dena hizkuntzan sakontzeko eta ikasteko plazeragatik. Euskara eta euskal kulturaren inguruan komunitate digital bat sortzeko aukera paregabea izan daiteke.

    ZuZeu gauza batzuetarako paregabea den arren, hain gaitegi zabala izanik, eta pena den arren, euskararen auzia itzalpean geratzen da askotan, auzi politikoen gaineko iruzkin merkeen uholdean galduta. Ez euskara beraren auzia orokorrean, baizik eta euskararen kalitatearen auzia batez ere. Euskararen alfabetatze datuek ez dute deuserako balio baldin eta alfabetatze hori neurtzeko erabiltzen den indikadorea ezdeusa bada.

    Nago hizkuntzaren kalitatearen, egitura konplexuen garapenaren, jakintzaren eta besteren maila gainbeheran dagoela, oro har, mundu garatuko edozein herrialdetan (edo, ekonomian bezalaxe, polarirazio nabariagoa, goian aipatu den legez). Baina gureak, hizkuntza gutxitua izanik, kolpe bikoitza jasoko du, ez izan zalantzarik. Beldur naiz hizkuntza zombie bat mantentzeko lanak ez ote diren egingo baldin eta hizkuntzaren populismoak irabazten badu, hau da, hitz egin eta idazterakoan denak balio duela, dena dela zuzena baldin eta komunitate batek erabiltzen badu, erabilera horren kausa edozein delarik ere, formaren pluralismoa ona dela forma hori edozein delarik ere… Euskararen dibertsitatea ona da, baina dibertsitatea (aniztasuna) gaizki ulertzen gabiltza (aspaldi Etsaiak taldearen abesti batek euskara punkiaren alde egiten zuen legez: Zu euskaraz! Naiz eta zuk asmatutakoa izan!). Zabarkeria orokortua, diziplina falta, apatia, etsipena… Krisi psikokulturala nabarmena da eta horrek komunikazio ereduetan daukan eragina sekulakoa. Ez dakit, horri jarraituz, hizkuntza maila ikasleengan neurtu behar dutenek ere ez ote duten amore eman, “zailtasuna” areagotzekotan ikasleek ez ote dioten herra hartuko edo ez ote dioten euskarari uko egingo “ikasi ezinezkoa” edo “zaila” izatearen fama harturik. Arazo oso sakona da egungo gratifikazio azkarren munduan, batez ere haur eta gazteei dagokienean. Kontu askotan listoia jaisten gabiltza berdinzaletasunaren (niretzat berdinkeria den arren) izenean eta orain aspaldi geneukan langile famaren aurka, esfortzu minimoaren legea (nire irakasle batek esaten zigun legez) aplikatzen gabiltza.

    Hizkuntza eta adimena-kognizioaren gaia beste momentu baterako hobe, zuzenkeria politikoaren garai hauetan aise larrutuko ninduketelako hizkuntza kaxkarrak adimen idiota erakusten duela esango banu (azkenean eskapatu egin zait!).

    Ondo izan,

    Ioritz.

  • Naberan jaunari
    Lehenik, esan, ez dakidala zer den UDALEN MUGIMENDU hori.
    Bigarren, esan, zure ekimen hori txalogarria deritzadala. Gehiago oraindik errealitatetik abiatu nahi duzulako, hiru-lau laguneko taldetxoak eskolatzea edo aipatzen baituzu. Azpi-azpitik hasi eta aletxoak jartzen hasi. Ongi pentsatua.
    Kontua da ea baden hor talderen bat horretan hasiko litzatekeena.

  • Naberan Jaunari
    Uluak egitea ez da alper lana, gure jendea sinetsirik baitago aitzina goazela, euskaren afera konponduxe dela. Eta, ez, lehenik Eusko Jaurlaritzak-eta zabaldu duten lobelar hori behar dugu borrokatu ahal bezala. Hor dugu, esate baterako Euskal Telebista, atertu gabe bere programetan baikortasuna, berri onak,… zabaltzen eta berri txarrak estaltzen, GEZURRA zutik jartzen, egoera latza baino latzagoa denean, inoiz izandako egoerarik arriskutsuenean gaudenean (Frankismoan ere ez genuen horrelakorik bizi izan)

  • Antton Erkizia 2021-12-01 19:28

    Kezkaz jositako gazte bati:
    Aspalditxoan hemen egotekoa nintzen baina gaur bai eta zurea irakurriz…

    Egun ditugun baliabideak edukita nahikoa litzateke, hasteko behintzat, foru bat edo Discord edo gazte natibo digitalek erabiltzen dituzten plataformetako batean taldetxo bat osatzea eta gutxika-gutxika lan hori jorratzea. Gramatika pixka bat hemendik, ahozkatzea eta prosodia hortik eta lexikoa beste nonbaitetik, nahas-mahas ordenatuan eta dena hizkuntzan sakontzeko eta ikasteko plazeragatik. Euskara eta euskal kulturaren inguruan komunitate digital bat sortzeko aukera paregabea izan daiteke…

    …hara, egin taldetxoa eta animatu zaitez. Gutariko batzuk ez gara gai iharduteko mundu horretan (adin tartea, trebezia eza…) baina eskatu laguntza, zerbaitetan laguntzerik bagenu…
    Bat banaka osatzen da milaka.

  • josu naberan 2021-12-02 08:46

    Antton, IDEIA BIKAINA

    Hori ere NORBAITZUEK jarri beharko dute abian, gure belaunaldioak baino abialagoaek nonbait.

    Amezti, UDALENA Pako Sodupek azal diezazuke, bera baitabil horretan.

  • Mikel Haranburu 2021-12-02 11:00

    Kaixo Benat:
    Galdera egin didazunez, hona nire iritzia. Horixe da gakoa, aipatzen duzun zailtasun hori da gakoa. Hori gainditzea, zehazki esan dezagun. Adituek esan bezate: pentsamendua eta hizkuntza zeinen loturik diren. (Beharbada Ioritz sinatu duen gazteak argi eginen digu kontu hauen inguruan, eta eskertuko nioke; idatzi duenaz bat nator).
    Eta jarraian: ez al dugu geure baitako gogoetetan bikaintasuna nahi? Ez al dugu ustetik egiara pasatu ahalik eta modu fidelenean, gure ideiak argitzean? Hau da, geuretzat mintzatzen garenean, geure barne mintzoa, ez al dugu aratz, argi eta akats gabea nahi, etengabe? Horretarako (ere) behar dugu hizkuntza trebetasuna.
    Argia aldizkariak artikulu edo erreportaje baten berri igorri du: “Gazteak euskaraz deseroso sentitzen dira ez dutelako gaitasun nahikorik”. Bilbo aldean egindako azterketa bati buruzkoa. Bestalde, Zuzeun bertan honakoa: “Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun?” Pako Sudupek.
    Jakina, horixe da kontua. Ni neu ere, eskien gainean oso deseroso sentitzen naiz, inoiz ez baitut egin eskietan!! Gazteak, deseroso… ez dutelako egiten. Non dago aldatze puntua? Erabakian, jakina. Eta Pako Sudupek aipatzen duen “Moebiusen xingola” gisako horretan sartuko gara.
    Asko eta askotan idazten da gazteen inguruan, azterketak egin, egoera, jarrerak, erabilerak eta abar gora eta behera… baina zinez uste dut gauzak askoz ere sinpleagoak direla, eta norberaren erabakian dagoela irtenbidea (edo sarbidea). Bestela ere, gazteen ingurumari hori hain garrantzitsua izanen balitz, aski genuke urte batzu ematea zain, gazte horiek helduak izan daitezen…!
    Zeren eta helduon afera berdintsua baita; hizkuntza erabiltzen badugu, eta ikasten badugu, ardura geure gain hartzen badugu, geroago eta erosoago. Halaxe egiten dugu autoa gidatzeko ikaskuntzan, ikasketak direnetan, ordenagailu eta tresna elektronikoak erosi ditugunetan; hasieran deseroso, zenbat eta gehiago erabili, hainbat eta erosoago.
    Izan ere, hizkuntza ez al da ‘tresna’ berezi-berezia, zenbat eta gehiago erabiltzen dugun, hainbat eta zorrotzago bilakatzen dena, kamutsago edo koskatuago baino?

  • Mikel Haranburu 2021-12-02 12:56

    …ustetik egiara pasatu NAHI…

  • Aupa lagunok,
    Azkeneko lerrotan azaldu diren kezkak adar asko dituela esango nuke.
    Nerabe zein gazteek, gaur egun, egunero 3,4,5 … ordu igarotzen dituzte pantailen aurrean. Denbora horren %80-90a erdera da nagusi. Modu pasiboan jasotzen dute gainera, beraz badakit nire pertzeptzioa dela baina denok ikusten ditugun egoerak dira.
    Hemen planteatu diren hainbat konponbide modu proaktiboan planteatzen dira baina euskararen aldeko munduan murgiltzen garenok badakigu zein portzentaietan dabilen modu horretako ekintzaileak.
    Azkenik aipatu nahiko nuke eskolako gurasoen Whatsappeko taldean gertatutakoa. Euskaraz aritzen ginenekoan gurasoetako batek bere bikotea, kanpokoa denez, eta euskara ulertzen ez duenez, arren gaztelaniaz egitea eskatzen zigun. Ondorioa, gehiengoak erderara jotzeak, barkamena eskaerak barne, … Gure unibertsoa erdera bada eta denok erderaz aritzen bagara nola arraio urrundu euskara zarpail, baldar, zabar eta erderatu batetik?

  • josu naberan 2021-12-02 21:54

    Halako jende xeherengana eta next belaunaldikoengana euskerarekiko maitasuna hel dadin, beren hizkuntza maite dezaten eta haren aldeko jarrera izan dezaten… zer egin?

    Jada jakingo duzue buruz ere nire predika: talde kontzientziatuenak bridak hartu eta herri bakoitzeko nukleo kontzientziatua mugimenduan jarri, eta nukleo (hadware) hori, geruzaz geruza, jende xehe horrengana eta belaunaldi berrikoengana iritsi.

    Ba al da beste biderik?

  • Benat Castorene 2021-12-02 23:23

    Mikel, ez naiz segur zu ongi ulertu izana, baina diozu
    “…baina zinez uste dut gauzak askoz ere sinpleagoak direla, eta norberaren erabakian dagoela irtenbidea (edo sarbidea)”
    Lehenik, eni iduritzen zait egoera orai ez dela sinplea eta arrazoi andana bat kontra ditugulako. Politikoa eta demografikoa batez ere. Askotan aipatzen ditugu hemen bertan.
    Gero hizkuntza ederra eta pentsakera eraginkorra gordetzea ez da norberaren erabakia eta lana baina kolektibitate baten erabakia eta lana. Aldiz, norberaren erabakia da kolektibitate horren erabakian parte hartzea eta horretarako kolektibitateak (berr)osatu behar ditugu hasteko. Horretan da giltza seguraz ere.
    Josu, zure plan aplikatzeko nukleo horiek existiarazi eta sendotu behar ginituzke lehenik. Gurean behintzat momentuz horrelakorik ez dut ikusten. Zurean beharbada?
    Gainontzekoarentzat, Josu, dena ez da posible, euskararentzako zure maitasuna ez dezakezu denei inposa.
    Animo.

  • josu naberan 2021-12-03 15:53

    iepa Beñat,
    Heuk dakik ni baino haboro, baina paraje horietan aurrelan bat egin beharko litzatekeela uste diat: KULTURA-DEKOLONIZA-ZIOA xedetzat hartuz. Horretarako ere peña/piñatan bildu behar, baina….

  • Benat Castorene 2021-12-04 09:41

    Josu, dakidanez, peñek rola inportantea bete zuten Francoren garaian, euskal gizartearen beste garai eta estatu batean. Horrelakolkarte tradizional horietan aritu diren zaharrek ez dute ondokorik aurkitzen. Zergatik?
    Bizimoduak, kontsumoak, kezka anitzek, lanak, aisialdi eskaintzak, gizon eta emakumeen arteko harremanek peñen erakargarritasuna tipitu dute edo folklorikoa bihurtu dituzte. Gainera badut duda handi bat haien eraginkortasunean aipatzen ditutzun nukleoa edo nukleoaren aurrekaria osatzeko.

  • josu naberan 2021-12-06 14:32

    Nuleoak sortuko dira, ziur izan, kultura indigenoaren aztarnek gurean dirauten heinean. Eta horixe dugu babes handiena, izan ere, espero ditugun eraso orokorraren aroan (2030-Agenda), eta Eliteak horretarako markatu duen estrategia bezatzaileaaren aurrean, (orain “omicron”, bere “alarma/panikoa/zigorra estrategiarekin”. Baina badugu eskarmentua “Wuhan eta Delta olatuen” esperimentuetatik, estrategia berbera erabili baitute. Omicronetik bederatzi “olatu-eraso” falta dira Omegaraino (berau barne)

    Gure irtenbide bakarra zera da: mugimendu indigenoen estrategia. Hori edo gureak egin du. Baina talka tenkatu ahala, oposizio-nukleoak sortuko dira, seguru. Adi egon eta lerratzea daukagu.

  • Benat Castorene 2021-12-06 15:19

    Josu, iduritzen zait zentzu kontrarra arrazoinkatzen duzula.
    Izatez, ene ingurumenean, kultura indigenoa hiltzear dago, horregatik justifikatua da “aztarnez” hitz egitea.
    Orduan herri ekimenari dagokio egiazko nukleoak– zure peñak baino serioagokoak– sortzea kultura indigenoa bizi arazteko eta objektu esaguratsu bat emaiteko askatasunerako borroka politikoari.
    Beharbada horretaz ari zara “mugimendu indigenoen estrategia” aipatzen duzunean, baina, zehaztu beharko zinuke.
    “oposizio-nukleoak” ez dira berez eta naturalki sortuko iradokitzen duzun bezala eta beharbada ez dira sortuko ere.

  • Aloysius von Rahner 2021-12-06 15:25

    Apocalypse berri hunen bederatzigarren erhaztunac, edo preseskiago erraitecoz, “Omega” olatu-eraso horrec oro gure artean gain-azpica edo mokoz-iphurdi ezarri behar baditu, eztiqueiagu, jas!, berce bideric, Naberan jauna, espazioa “colonizatzera” lasterka abiatu baizik. Edo zer egin bercenaz?

    Hi eta ni bidaide izanen garelakoan…