Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon

Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon –

Luistxo Fernandezek Sustatu atarian eskegi du joan den ostiralean, 20 Urte Euskaraz Interneten jardunaldian, eman zuen matraka, tartean Hasier Etxeberria zenari gorazarre hitzak direla.

Atzo 20 Urte Interneten Euskaraz jardunaldian itxierako hitzak tokatu zitzaizkidan. Bilbao AS Fabrik-eko aretora bertaraturikoen artean Egunean Behin zuzeneko partida bat jokatu genuen, arintasun pixkat emateko amaierari, eta txanda bana egin zuten, Gaurko Hitza eta Xerezaderen Artxiboa (ekimen beteranoak hori ere) gaitzat hartuta, Maite Goñik eta Ana Moralesek. Ondoren nire 3. txanda izan zen pixkat Sustatu eta teknologiaren inguruan; eta galderen errepasoa egitean, hortxe joan zen nire hitzaldi edo matraka. Errepaso horretarako prestatu nituen bi testu ekarri ditut hona.

Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon

Hasierren galdera

Galdera bat izan zen: Hasier Etxeberriak esan zion Luistxori Twitterren, “Nola esaten da euskaraz estás como una puta cabra?”. Eta Luistxok erantzun…

“Hauntza, con hache”. Horixe erantzun nion, halaxe gertatu zen. Erantzun hau errepasatzean eskatu nuen txalo bat Hasier Etxeberriaren memoriaren omenez. Eta berba batzuk esan nituen:

1957-2017. Horixe izan zen Hasier Etxeberriaeren bizialdia. Zelako tartea, euskararen historia, zelako erronkei aurre egin behar izan duen gure hizkuntzak, modernitatearen shock desberdinei…

Ikastolen sorrera, Ez Dok Amairu mugimenduaren garrantzia musikan eta arteetan, Euskara Batuaren finkatzea eta hedatzea, hedabideen erronka Zeruko Argiaren erresistentziatik, Argia taldetik gero, Euskaldunon Egunkariaren proiektura, ETBren erronka instituzionala…

Hori nola gertatu zen ondo zekien Hasierrek. Inork ez digu berez ezer emango, ez zaigu oparirik jausiko zerutik, guk asmatu / sortu / egin behar dugu egin beharrekoa euskarak modernitatean tokia izan dezan. Gehienetan, behetik gorako ahaleginak izan dira; borondate indibidualen garrantzia handia izan da ahalegin horietan, baina taldekatuta.

Interneteko erronka ere 20. mendearen amaieran bazetorrela eta, behetik gora, guk geuk egin eta asmatu beharko genukeela pentsatu genuen batzuk. GUK GEUK diogunean, kasu batzuetan esan nahi du GU konkretu bat, eta Sustaturen kasuan Eibar.org elkartearen inguruan bildutako afizionatu koadrila, eta CodeSyntax-eko profesionalak dira niretzat GU inportante bat, baina “beste GU” bat ere badago (har diezaiodan berba Dani Arizalari), zabalagoa, inportantea ere. Sustatu sortzearekin batera, 2001 hartan antzeko kezkekin zebiltzan beste lagun batzuk ere, eta horiek ere osatu, aberastu, animatu eta bizkortu dugu elkar. Hasten zara mugitzen, zerbait sortzen, eta akaso ez zoaz urruti; baina beste batek ere ikusi zaitu, eta harentzat inspirazio zara, edo amorruzko pizgarri… Euskararen erronkak hauexek dira Interneteko garaian.

Hasier Etxeberriak bazekien hau. Ikusi zuen kulturan, literaturan, hedabide tradizionaletan, horrela izan zela, eta pertsonalki parte hartu ere bai ahalegin horietan. Ikusi eta jakin zuen halaber Interneten ere hala beharko zuela ezinbestean: egin dezadan neuk, egin dezagun geuk, behetik gora, aurrera eta hor konpon.

.

Zuzenekoen galdera

Beste galdera bat izan zen. Zer dira Mazedonia eta Bakarrik Edo Bi? Erantzun zuzena zen: Zuzenekoak. Eta hor ere egin nuen iruzkintxoa, beherago daukazue.

Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon

Zuzenekoak dira. Iruñe Astiz alias Arkkusok Twitch-en eta Youtuben egin dituen zuzeneko sorta bat izan dira Mazedoniak. Bekarrik Edo Bi zuzeneko audio plataforma batean (azalpena / grabatutakoak)…

Sustatu testuala da funtsean, eta ikus-entzun alorrean ez da oso kreatiboa suertatu, onartzen dut, baina tira, agian zuzeneko kontu honek… ni tentatzen nau.

Bestetik Iruñe Astiz edo Eneko Oroz. That’s the spirit. Mikroaudientzia errege-erreginak, Mikroaudientzia Nazionala egiten duzue zuek eta beste asmatzaile eta sortzaileak, podkastetan uluka, tiktoketan euskaraz eta kito, Twitchen takateklak sakatzen. Duela 20 urteko fosil zaharruno hauen umeak ez, baizik eta bikiak, hori zarete, Sustaturen bihotzeko twin melody benetakoak, behetik gora, aurrera eta hor konpon.

.

Bideoa

Streaming bidez eman genuen jardunaldia grabatuta geratu da. Azken partean dituzue nire hitz hauek.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude